Ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin bat egin du Bergarako Udalak

Bergarako Udalak bat egin du aurten ere UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) bultzatutako Bertatik Bertara egitasmoarekin. Euskal Herriko hainbat herritan bideratuko den kanpaina honen bitartez ostalariak, tabernariak eta bezeroak euskara gehiago erabiltzera animatu nahi dira.

San Kristobalgo jaietan auzo taxi zerbitzua eskainiko du Bergarako Udalak

Asteburu honetan ospatuko diren San Kristobal jaietarako auzo taxi zerbitzua eskainiko du Bergarako Udalak larunbat gauean. Zehazki, bidai bakoitzak 14 euroko kostua daukan arren, Udalak 9 euroko gastua hartuko du bere gain, eta herritarrek gainontzeko bost euroak ordaindu beharko dituzte soilik.

Zerbitzua 22:30ean hasiko da eskaintzen Bergarako taxi geltokitik San Kristobal auzoraino. Kontrako norabidean, berriz, goizeko zortzirak arte eskainiko da.

Udako ekintzetaz gozatzen dabiltza herriko gazteenak

Joan den astean jarri ziren martxan herriko gazteentzako udako ekimenak. Aurten ere askotariko gustuak eta zaletasunak hartu ditu kontuan Bergarako Udalak udarako haur eta gaztetxoei zuzenduta aisialdirako ekintzak prestatzeko.

Guztira, 652 haur eta gaztetxo daude izena emanda udaleku irekietan, kirol kanpusean eta arte udalekuetan.

Datorren astelehenetik aurrera ordaindu ahal izango dira zaborren, estolderiaren eta uraren tasen 2. hiruhileko erreziboak

Bergarako udalerriko zergapekoei jakinarazten dizuegu zabor, estolderia eta uraren tasen 2023ko 2. hiruhileko erreziboak ordaintzeko  epea, lekuak eta medioak ondokoak direla:

Epea:

Ø  2023ko uztailaren 10etik  2023ko irailaren 11ra

Lekuak eta medioak: 

Ø  Helbideratutako erreziboak, baimendutako finantza erakundeetan eta zergapekoak agindutako kontu korrontetik kobratuko dira 2023ko irailaren 11n.

Udalak bilera irekia egingo du herri-lur ez urbanizagarrien diagnostikoa egiteko

Udalak herritarrekin bilera irekia egingo du datorren asteartean, uztailaren 11ean, herri-lur ez urbanizagarrien diagnostikoa osatzeko. Asmoa da gaian interesa duten herritarrekin elkartzea hausnarketa bateratua egiteko udalaren jabetzako basoen eta larreen kudeaketaren inguruan. 

Etorkizunera begirako plangintza diseinatzea da helburu behinena, eta hori osatzeko udalak kontuan hartu nahi du herritarren ikuspuntua. Landuko dituzten gaiak izango dira, besteak beste, zein egoeratan dauden udalaren jabetzako basoak eta larreak eta nola kudeatuko dituzten etorkizunean. 

Iruñeako emakumearen erailketa matxista arbuiatu du Bergarako Udalak

Iruñean gertatu den emakume baten erailketa matxista arbuiatu du Bergarako Udalak. Halaber, biktimaren senitarteko eta adiskideei elkartasun osoa adierazi nahi die. Bestetik, indarkeria matxistaren azken kasu hau salatzeko egingo diren mobilizazioekin bat egiten du eta Martxanterak talde feministak deituta, gaur, uztailak 3, astelehena, 19:00etan, San Martin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.

Mila Elorza izendatu dute Angiozarko alkate

Joan den asteburuan izan zituzten hauteskundeak Angiozarren, eta auzotarrek Mila Elorza hautatu zuten Angiozarko Bailarako Batzarreko ordezkari. Errolda 240 herritarrek osatzen dute, eta %55ak eman zuen bozka. Elorza bostgarrenez izango da auzo alkate, eta legegintzaldi honetan ere harremanetan egongo da, besteak beste, Bergarako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.

Kontzertuz betetako egitaraua aurkeztu du udalak uztailerako

Musika izango du ardatz uztaileko kultur eskaintzak. Hilaren lehen egunean hasi eta denetariko emanaldiak antolatu dituzte. Egitaraua ‘Kokein’ taldearen kontzertuak hasiko du larunbat honetan, Usondo parkean; itxiera, berriz, ‘Sweet Marta & Johhnny Bigstone’ taldeak emango dio uztaileko azken ostiralean, Espoloian. 

Orriak