Datorren astelehenean ezohiko bi osoko bilkura egingo ditu udalbatzak

Datorren astelehenean, goiz eta arratsalde bilduko da udala. Goizean, ezohiko osoko bilkura egingo du uztailaren 23ko Gorte Nagusi eta Senatuko hauteskundeetarako, herriko hauteskunde mahaietako kideak izendatzeko. Izendapena zozketa bidez egingo da.

Goizeko 08:00etan egingo da, udaletxeko pleno aretoan eta herritarrentzat irekia izango da. 

Egitarau oparoa antolatu du Udalak San Martzial jaietarako

Datorren ostiralean, ekainaren 30ean, hasiko da San Martzial jaietako egitaraua. Goizeko 07:00etan, kanpai-jotzeak irekiko du eguna eta ordu erdi geroago egingo dute San Martzialera igoera. 

Hurrengo egunean, kalejira egingo dute erraldoiek eta bidelagun izango dituzte Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroak eta Bergarako txistulari banda. 

Igandean, berriz, alboradarekin hasiko da eguna 09:30ean. San Martzialera igoera 10:00etan izango da, eta 12:00etan hasiko dira trikitilariak eta bertsolariak. Haien ondoren egingo da dantzaldia ohorezko sokarekin eta ohiko aurreskua. 

San Martzialetako kontzertua eskainiko du igande honetan Bergarako bandak

Igande honetan, ekainaren 25ean, San Pedro eta San Martzialetako ohiko kontzertua egingo du Bergarako musika bandak. Kontzertua 12:30ean hasiko da, eta Espoloian egiteko asmoa dute, baina eguraldi txarra egingo balu, frontoian egingo lukete.

Kontzertuan denetariko piezak joko dituzte:

·      Ernesto P. Rosilloren "Santander", doinu kantabriarrez osaturiko pasodoblea.

·      F. Herolden "Zampa" obertura klasiko, bizi eta azkarra.

Asteburuan ospatuko dituzte San Juan jaiak

Asteburu honetan ospatuko dituzte San Juan jaiak. Hilabete hasieran jarri zuten martxan egitaraua, ekainaren 10ean San Juan auzoa ezagutzeko ekimena egin baitzuten. Horrez gain, hilaren 20tik 22ra ortuak ikusten eta baloratzen aritu dira lehiaketarako, eta sariak larunbatean banatuko dituzte. 

Bihar, berriz, arratsaldeko 18:00etan lizarra, eliza eta Santutxu apaintzea egingo dute, loreak jarriz. 21:00etan, berriz, San Juan suak piztuko dituzte baserrietan. 

San Martin plazan, ostera:

Merkealdi azoka egingo dute hilabete amaieran

Aurten ere Merkealdi azoka egingo dute herriko hainbat saltokik, eta datorren aste amaieran izango da. Dendariek kalera aterako dituzte salgaiak hiru egunez, hain zuzen, ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean. 

Horrekin batera, hainbat jarduera ere egingo dituzte aste bukaera girotzeko. Horien artean, ostiralean (hilaren 30ean), arratsaldean txaranga bat ibiliko da herriko kaleetan, eta larunbatean (uztailaren 1ean), eguerdian, musika-eskolako trikitilariek girotuko dituzte erdiguneko kaleak. 

Udalaren oharra San Martzialgo kanparen erreserben inguruan

Udalak oharra argitaratu du San Martzialgo kanparen erreserben inguruan. 

Besteak beste, gogorarazi du San Martzialeko jaia dela-eta, bertako ermitan eta inguruko eremuetan udalak mantentze-lanak egin behar izaten dituela azken ordura arte (belarra moztu, guneak txukundu...). Horregatik, kuadrillen guneak zintekin “gordetzeko” dagoen ohitura ezingo da gauzatu datorren ekainaren 30eko 15:00ak baino lehen.

Bizikletak konpontzeko gunea egokitu dute Agorrosinen

Bizikletak konpontzeko gunea egokitu dute Agorrosin Ekintza gunean. Orain arte bizikletak garbitzeko eta gurpilak puzteko zerbitzua zegoen eskuragarri. Joan den ostiraletik, berriz, gunea egokitu dute bizikletak norberak konpontzeko. Dagoeneko martxan dago eta erabiltzaileek giltza eskatu beharko dute harreran.

Oso emaitza onak izan ditu liztor beltzaren tranpatze kanpainak

5.704 liztor beltz harrapatu dira horretarako egin den kanpainan. 

2021. urtean hilabetez egin zen, eta aurten bi hilabete iraun du tranpatze-kanpainak. Dena dela, duela bi urteko kopuruaren bikoitza baino gehiago harrapatu da aurten. 

Kanpaina oso positiboa izan da beste batzuekin alderatuta, Erlantz Olabarria Gipuzkoako erlezainen elkarteko kidearen eta Bergarako tranpatzearen ardura izan duen pertsonaren ustez.

Joan den urteko lan-eredu bera mantendu dute aurten ere: 50 tranpa jarri dira herrian zehar banatuta, eta astero egin dute tranpen jarraipena. 

Bilboko emakumearen erailketa matxista arbuiatu du Bergarako Udalak

Bilboko Santutxu auzoan gertatu den emakume baten erailketa matxista arbuiatu du Bergarako Udalak. Halaber, biktimaren senitarteko eta adiskideei elkartasun osoa adierazi nahi die. Bestetik, indarkeria matxistaren azken kasu hau salatzeko egingo diren mobilizazioekin bat egiten du eta Martxanterak talde feministak deituta, gaur, ekainak 19, astelehena, 19:00etan, San Martin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.

 

 

Orriak