Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuari eutsiz, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek. Honela, datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dira Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) garapena sustatu eta bertako ondare naturala, kulturala eta arkeologiko aberatsa ezagutzera emateko. Hiru udalek abiarazitako proiektu sortak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren laguntza jaso dute.

Plan integral honen helburuak honako hauek dira: bertako ondare arkeologikoarekiko interesa eta errespetua sustatuz herritarrak sentsibilizatzea, Karakate-Irukurutzeta-Agerreburu mendilerroaren ondare-balioa eta paisaia-balioa agerian jartzea, baliabide turistiko gisa sustatzea, Dolmenen Ibilbideari buruzko ezagutza eguneratzea ondare kulturala hobeto babesteko eta kudeatzeko asmoz, eta gure Historiaurreko monumentu multzo nabarmenetakoa berreskuratzea bere berreraikitze historikorako.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraiki

Egitasmo honetako lan garrantzitsuena Bergarako lurretan kokatuta dagoen Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak dira. Lanak laster hasiko dira eta hilabete inguruko iraupena izango dute. Dagoeneko, ikusgai dago trikuharriaren errepresentazio birtuala. Horrez gain, azaroan Irukurutzeta trikuharriaren indusketa lanak hasiko ditu Aranzadik; Gipuzkoako trikuharririk handienetako bat da.

Trikuharri hau 1921ean aztertu zuten Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek. Haiek egindako indusketa arkeologikoari esker, zehaztu ahal izan zuten hilobiko kamararen kokapena eta hari forma ematen zioten megalitoak identifikatu zituzten. Trikuharria berriro ikertu zen 2014an, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, eta trikuharriaren eta tumuluaren kontserbazio egoera zein zen ikusi eta material arkeologikoa berreskuratu ahal izan zen.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharrian egingo den esku-hartzea, bereziki, hilobiko kamararen berreraikitzean zentratuko da, baina tumuluaren berreraikitze partziala ere egingo da. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak, etabar.

Horrez gain, azaroan Irukurutzeta trikuharriaren indusketa lanak hasiko ditu Aranzadik; Gipuzkoako trikuharririk handienetako bat da.

Beste egitasmo garrantzitsu bat da iaz martxan jarritako bisita gidatuen eskaintza biderkatzea. Hala, irailetik azarora bitartean euskarazko eta gaztelaniazko bisita gidatu ugari eskainiko dira igandetan, Soraluzetik abiatuta.

Horrekin batera, Dolmenen ibilbideari buruzko esku-orri berriak argitara eman dira, bertan aurkitu daitekeenaren azalpen zabal eta argibideekin: tripticdolmendef-compressed.pdf  

Azalpen teknikoak Aranzadi Zientzia Elkarteko Jesus Tapiak eman ditu eta berreskuratze lanen nondik-norakoak azaltzeaz gain, jakinarazi du Gizaburuagako trikuharrian egin diren indusketa lanek frogatu dutela errauste errituak uste baino lehenagokoak direla.