Udalak jakinarazten du udaleku ireki eta kirol kanpus eskaintzak bertan behera geldituko direla; eta horren ordez Uda Aktiboa izeneko programa ikastetxeekin eta Jardunekin batera garatu duela, eta txikienendako beste aisaldi eskaintza batzuk ere lantzen dabilela.

Udala jakitun da haurrek egoera latza bizi izan dutela konfinamendu garaian. Ikastetxeak ere itxita… Behar dute beste haur batzuekin egon eta jolastea. Izan ere, Covid19aren krisiak haurrei ere nabarmen eragin die, kolektibo zaurgarri moduan. Horregatik egoerak baimenduko zuela aurreikusi zenetik, ahaleginak egin ditu aisialdi eskaintza antolatzeko.

Plan Integrala ari da garatzen Udala, datozen hilabeteetan Covid19ak eragindako krisiari alderdi askotatik aurre egiteko, eta horren barruan kokatzen da haur eta gaztetxoei zerbitzua emateko egitasmo hau. Ezohiko egoera honetan, baldintza berrietara moldatutako haur eta gaztetxoentzat aisialdia eskaintzeko apustua egin du Udalak, horretarako indarrak eta baliabideak jarriz.

Hala, azken bi hilabeteotan haurrentzako udako eskaintza gauzatzeko hainbat aukera landu ditu Udalak eta orain egoerak ezarritako baldintzetara egokitutako alternatiba bat eskaintzea posible dela ikusi du.

Deseskaladako 3. fasean haur eta nerabeentzako aisialdi jarduerak egitea aurreikusita zegoen, baina kopuru aldetik muga oso handiak daude. Guztira 200 lagunek parte hartu dezakete, begiraleak barne. Eta aurtengo aurre-inskripzioan 475 haurrek eman dute izena udaleku irekietan eta kirol kanpusean parte hartzeko, oraingo baldintzetan kudeatzeko ezinezkoa dena.

Hortaz, ohiko udaleku ireki eta kirol kanpusa baldintza egokietan antolatu ezinean, honako alternatiba martxan jartzea landu dugu: UDA AKTIBOA. Herriko ikastetxe guztiekin eta Jardunekin batera garatutakoa. Udalak ezinbestez aipatu eta eskertu nahi ditu Jardun, herriko ikastetxeak eta guraso elkarteak, egitasmo hau gauzatzeko izan duten jarreragatik.

Are gehiago, eskaintza honetaz gainera, Udala, beste eragile batzuekin batera, udarako eskaintza integral bat garatzen ari da, herriko haur eta nerabe guztiei begira. Eskaintza gehiago zehaztu ahala, jakinaraziko da.

UDA AKTIBOA

Lehen Hezkuntzako haurrak

Programa udaleku irekietan izena eman eta Lehen Hezkuntzako 1, 2, 3, 4 eta 5. Mailako umeei zuzenduta dago; hau da, 2009-2013 urte bitartean jaiotako umeei (biak barne).

Hiru asteko uda aktiboa ekainaren 29tik uztailaren 17ra izango da; eta 4 astekoa ekainaren 29tik uztailaren 24ra.

Goizetan gauzatuko da 10:00-13:00 ordutegiarekin eta Jardunek kudeatuko du.

NORENTZAT

Aisialdi dinamizatu eta aktiboa izango da eta lehentasuna ondorengoei emango zaie:

-Guraso biak lanean dauden familiak.

-Lanean dauden guraso bakarreko familiak.

-Lanean dauden banandutako gurasoak (bata eta/edo bestea lanean egonik ere).

-Arrazoi bereziengatik zaintza zerbitzua ezinbestean behar duten haurrak (egoera zaurgarrian dauden familiak).

Lehentasuna duten umeekin kopuru maximoa beteko ez balitz, udaleku irekietan eta Kirol kanpusean aurrez izena eman duten eta horrela nahi dutenen artean zozketa egingo da. Zozketaren emaitzaren berri ekainaren 23an emango da.

TARIFAK

Programa honetan izena emateko bi tarifa mota daude:

-Tarifa arrunta: 3 aste 105€ / 4 aste 140€

-Tarifa soziala: 3 aste 45€ / 4 aste 60€

Tarifa soziala aplikatuko zaie Bergaran erroldatuta egon eta urtean diru sarrera hauek baino baxuagoak dituzten unitate familiarrei:

-Bi pertsonako unitate familiarra 20.105,04 €

-Hiru pertsonako unitate familiarra 23.776,22 €

-Lau pertsona edo gehigoko unitate familiarra 27.447,27 €

Tarifa soziala aplikatzea Udaleko erregistro nagusian eskatu beharko da ekainaren 21a baino lehen dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

ORDAINKETA

Ordainketa transferentzia bidez egingo da kontu hauetako batean:

-Euskadiko Kutxa (laborala): 3035 0009 16 0090900017

-Kutxabank: 2095 5070 71 1062071534

Ordainketa egiterakoan zehaztu behar dira haurraren izen abizenak eta gero “Uda aktiboa” hitza jarri.

Haur Hezkuntzako haurrak

Herriko ikastetxe guztien, guraso elkarte eta Udalaren artean adostuta, Haur Hezkuntzako haurrek ere izango dute Uda Aktiboaz gozatzeko aukera. Lehen Hezkuntzako haurrentzat ezarritako tarifa berarekin, ikastetxe guztiek eskainiko dute zerbitzuza. Horietan izena emateko, norberaren ikastetxera joan beharko da.

Ikastetxeek eskaintza hau egin ahal izateko baliabide ekonomikoak jarriko ditu Udalak.