Zubieta eta Masterreka kaleak berrurbanizatzeko prestaketa lanak egiten ari dira egunotan, eta datorren astelehenean, hilaren 17an, hasiko dira makinak lanean Zubieta kalean. 18 hilabete beharko dira lanak egiteko, eta hiru fasetan egingo dira. Bakoitzak gutxi gora behera 6 hilabete iraungo du. Zubieta kalean hasiko dira lanak.

• Lehen fasea: Zubieta kaleko 5 eta 36 atarien artean egingo da.
• Bigarren fasea: Zubieta kaleko 36-31 pareko zebrabideraino.
• Hirugarren fasea: Masterreka kale osoa eta Bideberriko bidegurutzea.

Astelehenetik aurrera, lehen fase honetan, errepidea itxita egongo da, Zubieta kaleko 36. zenbakiaren parean (zubira pasatzeko zebrabidean). Oinezkoentzat uneoro egongo da bidea zabalik. Lanak errepidean hasiko dira, eta oinezkoek albo bietako espaloiak erabili ahal izango dituzte. Atarietara heltzeko pasabideak egongo dira. Bestetik, espaloietako lanak banaka egingo dira, beraz, txandaka albo bat edo bestea egongo da oinezkoentzat erabilgarri. Gaur egungo espaloiak estuak direnez, tarteka zabalguneak jarriko dira, gurpildun aulkiak, haurtxoen aulkiak… pasa daitezen.

Obra garrantzitsua da, handia, eta herritarren egunerokoan eragina izango du, ezinbestean. Hori aurreikusita, Udalak ahalegina egin du aurreikus daitezkeen kalte horiek ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartzen. Horretarako, auzotarrek bileretan egindako ekarpenak ere aintzat hartu dira. Astelehen honetan bertan egin da auzotarrekin bilera irekia. Aurrera begira ere, Udalak konpromisoa hartu du informazioa modu jarraituan emateko.

Kale horietako zerbitzuei dagokienez, hondakinen edukiontziak Mugertza aldera 12 bat metro mugitu dira. Bestetik, eta Herribusari dagokionean, Zubieta 38 parean (gutxi gora behera) geldiu-ne berri bat sortu da, autoendako biragunea sortzen den toki berean. Herribusean egindako al-daketa eraginkorra den ikusteko jarraipena egingo da, eta aurrera begira moldaketarik egin be-har bada, hala egingo da.

Emergentzietarako neurriak ere hartu dira, esaterako, emergentzia zerbitzuak abisatuta daude, eta sarbidea bermatuko zaie anbulantzia, su-hiltzaile... hala behar bada. Ildo horretan, herritarrei galdetu zaie osasun arrazoiengatik, adibidez, ibilgailua (anbulantzia) kalera sartzeko beharra ba-dute jakinarazi dezaten, Udalak hori kudea dezan. Autoa obraren itxitura puntura arte sartzeko aukera egongo da (Zubieta 38), bertan biragunea jarriz. Gune horretan, halaber, auzotarrek hala behar dutenerako zama lanak egin ditzaten bi leku erreserbatuko dira.

Garajeak erabilgarri egongo ez direnez, garaje moduan erabiltzen diren lokalen ibi- iraunkorraren ordainketa salbuestea aztertzen ari da Udala.

Zaratari dagokionez, hori legezko mugetan egon dadin jarraipena egingo da. Bestetik, lanak aste barruan eta ordutegi zehatzetan egitea aurreikusten da; astebururen batean edo gauez emergen-tziaren batengatik lana egin beharra badago, herritarrei jakinaraziko zaie.

Fatxaden altxaera egitea ere nahi du Udalak obren eraginak neurtuta izateko. Une honetan inork bere eraikinean pitzadurarik-edo detektatuta badu, Udalari jakinaraztea eskatzen zaio, jarraipena egin ahal izateko.

Iradokizunak, kexak edo oharrak Udaletxeko Bulego Teknikora bideratu ahal izango dira, 943 779 138 telefono zenbakian. Kontratistak bulegoa izango du Masterreka 16. zenbakian, eta ber-tan erreklamazio orriak egongo dira, ekarpenak eta zalantzak argitzeko.