Aranzadi Zientzia Elkarteak 'Oroimena eta Giza eskubideak Bergaran' izeneko proiektua garatuko du Bergaran, Gerra Zibileko, diktadura frankistako eta azken hamarkadetako giza eskubideen urraketen memoria berreskuratu, eta aldi horretan urratu diren giza eskubideak ezagutarazteko helburuarekin. 

Lan hori egiteko erabiliko den bitartekoetako bat 'oroimenaren bulegoa' izango da. Haren bitartez herritarren testigantzak jasoko dira, eta herritarrek informazioa eskatzeko aukera ere izango dute. 

Bulegoa herritar guztientzako egongo da zabalik, apirilaren 27an, eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, denak asteazkenak.10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, udal artxiboan. 

Bertan, herritarrek 1936 eta gaur egun arte errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta jasaten dituzten senide edo pertsonen inguruko informazioa eskatu ahal izango dute. Halaber, informazioa eman ahal izango dute. Aranzadik taldeko ikertzaile bat egongo da bertan, horrelako lanetan esperientzia duena.

Telefono bat eta helbide elektroniko bat ere jarri ditu Aranzadik hala nahi duten herritarrek haiekin harremana egin dezaten: memoria@aranzadi.eus, 943 46 61 42.

Herritarren testigantzak garrantzitsuak izango dira, gertatutakoaren zati bat ez baitago artxiboetan jasota.

Informazio gehiago.