Udalerrian leku desberdinetan kokatuta dauden 10 partzela erostea erabaki du Bergarako Udalak. Ez da berria Udalak lur sailak erostea. Oraingoarekin, baina,Gobernuko bozeramale Nagore Iñurrategik uztailaren 18an egindako osoko bilkuran azaldu zuenez, prozedura bat ezarri da, gardentasunean urrats bat gehiago emanda.

Bergarako udalerrian garrantzia berezia duten eremuetan biodibertsitatea zaintzeko eta areagotzeko ekimenak sustatzea du helburu lursailak erosteko ekimenak. 19.000 euro inbertitu dira horretan. Udalak deialdi publikoa egin zuen lur jabeek haien lurrak eskaini zitzaten. 12 aurkeztu dira, baina horietako bi kanpoan geratu dira oraingoan, aurrez erabakitako aurrekontua -30.000 euro- gainditzen zelako. Orain gastatu ez den diru kopurua irailean lurrak erosteko egingo den deialdi berriaren aurrekontuari gehituko zaio.

Iñurrategik esan zuenez, erakutsi da “orain egindako planteamenduarekin beste kudeaketa mota bat egin nahi duela Gobernuak, eta epe ertain-luzerako inbertsioa” dela azaldu zuen. Izan ere, “aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezinbestekoa da administrazioek neurriak hartzea, egunotan sufritzen ari garen tenperaturek, adibidez, agerian utzi dute zerbait egin behar dugula horri aurre egiteko”. Jabetza publikoaz ere aritu zen bozeramalea “Udalak lurrak jabetzan hartuta, bermatzen du interes pertsonalen gainetik interes orokorrak jartzea. Horietan landatu daitekeena zain dezake, eremua babestu...” Herritarrek interesa agertu dutela ere nabarmendu zuen.

Bilera horretan beste hainbat gai ere landu zituen udalbatzak. Esaterako, 2022. urte amaieran egingo den Euskaraldiaren 3. edizioari atxikitzea. Horrela, Bergarako Udala, herria bezala, euskararen aldeko ariketa sozialaren parte izango dira, eta hainbat konpromiso hartuko ditu.

Bestetik, ikasleei zuzendutako 'Bergara Bizi' bonu-laguntza arautzen duen udal ordenantzari lehen onespena eman zion. Jendaurrean egongo da 30 egunez.

Aho batez onartu ziren aurreko bi puntu horiek, kudeaketari lotutako gainontzeko puntuak bezala.

Bi mozio ere onartu ziren. Nabarraldeko debagoiendarrek aurkeztutako 'Bi ikur, herri bakarra' izenburukoa lehena. Mozioak Nafarroako bandera ikurrinarekin batera jartzea eskatzen du. Eta hala egin da, gaur, uztailak 19, Amaiurko gazteluaren setioaren amaieraren 500. urteurrena ospatzen den egunean. EH Bilduren (8 boto) aldeko bozkekin onartu zen, EAJ-PNVk (6 boto) eta PSE-EEk (boto 1) kontra bozkatu zuten.

Osakidetzako herrietako anbulatorioen itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa ere onartu zen. Horren aldeko botoekin eta gainontzekoen kontrakoekin. Mozio alternatiboa aurkeztu zioten horri EAJ-PNVk eta PSEk. Azken biek alde bozkatu zuten eta EH Bilduk kontra, eta ez zuen aurrera egin.

Arloa: