Udalak Mariaren Lagundia ikastolako zikloetako ikasleekin arlo sozialeko lanketa egin nahi du zerbitzu ikaskuntzaren bitartez. “Lankidetzaren baitan ze gai landuko genituzkeen aztertu genuen bi aldeek, eta bakardadearen gaiari heltzea erabaki genuen. Gaur egungo kezka orokor bat da eta herriko egoera ezagutzea interesgarria iruditu zitzaigun guztioi”, esan du Gizarte Ongizateko zinegotzi Zihortza Marzanek.

Udalak bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errolda dauka eta errolda horretako lagin batekin harremanetan jarriko dira Mariaren Lagundiko ikasleak bakardadearen gaiari buruz hitz egiteko. Pertsona horiek gutun bat jasoko dute Udaletik eta ondoren Mariaren Lagundiko ikasleek telefonoz deituko diete elkarrizketa bat adosteko. Asmoa diagnostiko bat egitea da eta diagnostiko horretatik abiatuta proiektu batzuk gauzatzea.

Pertsona edadetuei ahotsa ematea oso garrantzitsua da eta kolektibo honen barruan dauden egoera ezberdinak mahai gainean jarri behar dira.

Bakardadearen gaia normalizatzeko eta errealitate baten berri emateko premia dago: aukeratutako bakardadea eta nahi ez dena.

Maite Usabiaga irakaslea ari da proiektua koordinatzen, eta berak azaldu du jarraituko den prozedura zein izango den. “Bakarrik bizi diren pertsonekin hasiko gara. Bakarrik sentitzea eta bakarrik bizitzea ez da zertan lotuta egon, baina bakarrik sentitzen diren pertsonen kopuru handi bat bakarrik bizi dela aurreikusten da”.

Diagnostikoak fase desberdinak ditu: Orain arte diseinu fasean aritu gara (gaiaren parte teorikoa aztertu dugu, iritzia jasotzeko metodologia eta tresnak prestatu ditugu...), hemendik aurrera, hurrengo fasea iritzi jasotzea izango da (adineko pertsonekin elkarrizketak eta parte hartze saioak) eta azkena, ondorioak atera eta herritarrei emaitzen berri ematea.

“Hezkuntza sistemak oro har eta ikastolak duen erronka bat da komunitatera irekitzea eta lankidetza hau aukera paregabea iruditzen zaigu horretarako; herria hobeto ezagutu eta zerbait eskaintzeko”, esan du Maite Usabiaga irakasleak.

Ikasleentzako erronka oso polita, interesgarria eta aberatsa da. Etorkizuneko profesionalak sortzen ari gara, kolektibo honen arretan lan egingo dutenak eta esperientzia honek asko jantziko ditu.

Ikasleek aukera hau positibo baloratzen dute eta ilusioz daude jasotze fasearekin hasteko eta tresnak frogatzeko. Nahia Granados ikaslearen esanetan, “guretzat aberasgarria da ikastolan ikasten dugun teoria hori praktikan jarri ahal izatea. Aukera ematen digu ikasketak amaitzen ditugunean lan mundua ikusten hasteko. Pertsona nagusiekin harremana egitea oso aberasgarria da, lanbideaz harago bizitzaz ere ikasteko aukera ematen digulako. Gure aitona-amonekin bezala”.

Gizarte arloko lanbide heziketako modulu bi eskaintzen ditu ikastolak eta ikasle hauek herri mailako proiektuetara begira lanean jartzea Bergararentzat oso aberasgarria izango da. 2022ko belaunaldien arteko nazioarteko egunean argi gelditu zen bakardadearen gaiak nerabe/gazteak eta pertsona edadetuak konektatzen dituela, ikasleak ere segituan konektatu dute gaiarekin eta sentsibilitate handia azaldu dute. Abenduan proiektua gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten bi aldeek.