· Tafallarrak aipatu duenez, “txalupa txikia da gurea, datozen urteetan hondoratuko dena abertzale guztiak batzen ez bagara”

Jose Mari Esparza (Tafalla. 1.951) idazle eta editorea “eskertuta eta hunkituta” agertu da ostegun honetan, martxoaren 7an, Bergarako Seminarixoa aretoan ospatutako ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria’ ekitaldian. Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako sari hauek Esparza omendu nahi izan dute, bizitza osoan euskal kulturgintzaren alde egindako lanagatik.

Bere hitzartzean, Esparzak adierazi duenez “txalupa txikia da gurea, datozen urteetan hondoratuko dena abertzale guztiak batzen ez bagara. Zorionez Euskal Herrian badago jende asko sari utopiko hau merezi duena, gure herriaren zaindari izan direlako. Sari hau zuen guztiontzako da. Zuek gazteak, hurrengo belaunaldietako utopikoak, izango zarete gure herria zainduko dutena”.

2021ean, Telesforo Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, sortu ziren Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.

Sari honek generazio arteko lotura egitea ere badu helburu, artista gazteen lana sustatzearekin batera. Hori dela eta, Esparzak Gala Knörr (Gasteiz, Araba, 1984) artista eta EHUko ikertzaileak landutako ‘He was the adventurer’ artelana jaso du. Fermin Balentzia abeslari nafarrak ere parte hartu du ekitaldian, ‘Si canta Tafalla, canta Euskal Herria’ abestia areto guztira zabalduz.

Ekitaldian bertan, Gorka Artola Bergarako alkateak ere Esparzaren ibilbidea goraipatu du: “Euskadizentrismo batean bizi gara; erakunde publikook askotan gure Erkidegora mugatzen dugula gure lana, Euskal Herriaren bisio eta misio global hori ahaztuz. Eta bat-batean Jose Maritaz gogoratzen gara, eta konturatzen gara askotan Jose Marik eta bere kideek norabidea zehazten digutela Nafarroa hegoaldetik. Eta Monzon-Ganuza Sariak ikuspegi hori berreskuratzeko jaio ziren, hain zuzen Euskal Herrian ditugun mota ezberdinetako erreferenteak omentzeko”.

Zentzu horretan, 2019an Tafallan gertatutako uholdeen ondorioz Tafalla eta Bergarako gazteen artean sortu den harremana nabarmendu du Artolak: “Nafarroa eta Gipuzkoa, Tafalla eta Bergara, hain urruti eta, era berean, hain gertu. Hain ezberdin eta, era berean, hain solidario. Eta zegatik ez, hain parrandazale. Badakit bi herrion artean sortu den harreman polit horrek ez duela Euskal Herriaren etorkizuna argituko, baina auzolanari esker sortutako harreman horri esker Tafalla eta Bergara gertuago gaude”.

Bere aldetik, Iratxe Esnaola Olaso Dorrea Fundazioko presidentea Esparzari zuzendu zaio: “Agenda militantea izan duzu. Bizitza militantea izan da zurea. Katedratikoek edota juristek salatzen ez zutena, langileek kontatu zenutela defendatu izan duzu. Bazela hutsune bat hor. Eta ez dela besteek gure memoria berreskuratu arte zain egon behar. Are, memoria borroka esparrua dela”.

Esnaolak Esparzak saria jasotzearen arrazoiak nabarmendu ditu: “Horregatik da saria zuretzat, Jose Mari. Zure bizitza osoa Euskal herriari, bere hizkuntza, kultura, historia eta etorkizunari eskaini diozulako. Zorionak bihotz-bihotzez eta mila esker herri honi eman diozun guztiagatik”.

Esparzaren biografia

Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen zuten fabrikan. 20 urtez izan zen metalgintzako langile eta sindikalista bezala, langileen eskubideen defentzadaile. Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, Fusión obrera aldizkari klandestinoan. Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea transformatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen.

1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea erabaki zuen eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako ispiritu militante berberarekin, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio-tresnaren izena jarri zioten, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.

2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, ‘Apología. Memorias de un editor rojo-separatista’ (Txalaparta, 2018) liburu biografikoa idatzi zuen eta Iparragirreren kantu ezaguna  Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria, (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020).

Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, Elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan.