webmaster-k Ar, 2026-06-02 20:20-n bidalia
Azken orduotan, Camden Dance Studio-ren ekitaldirako sarreren salmenta hastearekin batera, Seminarixoa.eus webgunean arazo tekniko larriak atzeman dira.
Zehazki, detektatutako akats kritikoaren ondorioz, sistemak ez ditu behar bezala prozesatzen Redsys ordainketa-pasabidearen erantzunak. Egoera honek Camden Dance Studio-ren sarreren salmenta modu manualean kudeatzera behartu du. Arazoa konpontzeko saiakerak bost orduz luzatu dira, salmenta prozesua aldi berean kudeatzen zen bitartean.
Horren aurrean, honako neurriak hartu dira:
• Ekitaldi guztien online salmenta eten da, ordainketak behar bezala prozesatzen direla bermatu ezin delako.
• Webgunea aldi baterako itxi da (mantentze moduan).
Bestalde, Camden Dance Studio-ren gaurko salmenten inguruko azterketa egin da, eta identifikatu dira ordainketa bikoiztuak, hirukoiztuak eta galdutako eskariak. Datozen orduetan eta egunetan zehar berrikuspen sakona egingo da, gainerako gorabeherarik ez dagoela ziurtatzeko.
Egoera honi ahalik eta azkarren irtenbidea emateko, Seminarixoarentzako webgune berri baten garapena abiatu da. Helburua da online salmenta zerbitzua lehenbailehen berriro martxan jartzea.
Bien bitartean, ekitaldi guztietarako sarreren salmenta leihatilan ohiko ordutegian egingo da, eta takila egun eta ordutegi hauetan irekiko da:
• Asteazkena 3: 12:00–14:00 eta 18:00–20:00
• Ostirala 5: 12:00–14:00 eta 18:00–20:00
• Larunbata 6: 18:00–20:00
• Igandea 7: 18:00–20:00
Bergarako Udalak barkamena eskatzen du sortutako eragozpenengatik eta eskertzen du herritarren ulermena.

