Bergarako Besarkada erakusketa dago une honetan Laboratorium museoan eta Bergarako Udalak hitzaldi bat eta bi bisita gidatu antolatu ditu erakusketa eta gaia hobeto ezagutu ahal izateko. Hitzaldia urriaren 20an izango da Laboratorium museoan bertan, arratsaldeko 7etan, honako izenburuarekin: “Karlistak eta Liberalak: Zumalakarregitarrak”. "Askotan pentsatzen dugu lehenengo karlistadan Euskal Herrian soilik karlistak zeudela. Egia da Euskal Herrian karlismoak indar handia izan zuela, baina euskaldunen artean baziren ere liberalak zirenak. Batzuk karlistak izatea eta beste batzuk liberalak hori familia beraren barruan ere gertatzen zen. Eta baliteke adibiderik esanguratsuena Zumalakarregitarrak izatea. Zumalakarregi beti lotu izan dugu karlismoarekin; izan ere, Tomas Zumalakarregi karlistek izan zuten jeneralik onena eta garrantzitsuena izan zen. Baina familia berean bazegoen liberal bat, Tomasen anaia, Migel. Hala da, Migel Antonio Zumalakarregi Gipuzkoako liberalen artean garrantzitsuenetakoa izan zen, Madrilgo gorteetan diputatu eta senatari izatera iritsi zena", agertu dute arduradunek.

Hizlaria Mikel Alberdi Sagardia izango da. XIX. mendeko Historian aditua da eta Historia Garaikidean lizentziatua. Gainera, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko Dokumentazio Zentroko arduraduna da 1989. urtetik. Tomas eta Migel Antonio Zumalakarregiren biografiak argitaratu ditu euskaraz. Euskal Herriko XIX. mendeari buruzko ikastaroak, hitzaldiak eta hainbat artikulu eskaintzeaz gain, hainbat gairen inguruko aldi baterako erakusketen komisarioa izan da; eta horien artean, gaur egun Laboratorium museoan ikusgai dagoen “1839. Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa”.

Azkenik, bi bisita gidatuak Mikel Alberdik berak eskainiko ditu. Lehenengo bisita urriaren 22an izango da, larunbata, goizeko 11etan eta euskaraz, Laboratorium museoan. Bigarrena, aldiz, astebete geroago, urriaren 29an, larunbata, gazteleraz, goizeko 11etan eta noski Laboratorium museoan ere.