Bergarak Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko du irailaren 21etik urriaren 2ra bitartean

Bergarako Udalak eta Bergarako Adinekoen Kontseiluak hainbat jarduera antolatu dituzte Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira. Egitaraua irailaren 21ean hasiko da eta urriaren 2ra arte luzatuko da, eta adineko pertsonen parte hartzea, aisialdia, kultura eta bizi proiektuaren inguruko hausnarketa uztartuko ditu.

Bergarako Adinekoen Kontseiluak Bergarako adineko pertsonak ikustarazi, gizarte justuago baten alde egin eta adinekoen eskubideak eta esperientzia eta jakituria aprobetxatzeko helburua dauka.

‘Bergara Bizi’ ikasleentzako bonu-laguntzak urriaren 1etik 20ra eskatu ahalko dira

Bergarako Udalak ‘Bergara Bizi’ bonu-laguntzen deialdia egingo du aurten ere, 3 eta 18 urte arteko ikasleak dituzten eta baldintzak betetzen dituzten familiei eskola materialarekin lotutako gastuei aurre egiten laguntzeko. Bonuak urriaren 1etik 20ra eskatu ahal izango dira Udaleko B@Z arreta zerbitzuan.

Laguntzaren zenbatekoa ikaslearen adinaren araberakoa izango da. 2014 eta 2023 artean jaiotako haur bakoitzeko 100 euroko bonua emango da; eta 2008 eta 2013 artean jaiotako gazte bakoitzeko, berriz, 150 eurokoa.

Bizikletak prest jartzeko tailer ibiltaria Bergaran, Mugikortasun Astearen baitan

Irailaren 24an, bergararrek Irala-Irizar kalean izango dute bizikletak doan prest jartzeko aukera, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Parte hartzaileek, gainera, bi bizikleta eta MUGI txartelerako 20 euroko 60 birkarga irabazteko zozketan parte hartu ahal izango dute.

Ekimenaren helburua bizikletaren erabilera sustatzea da, eguneroko joan-etorrietarako mugikortasun aukera gisa. Hala, herritarrek beren bizikleta tailer ibiltarira eraman eta doan prest jartzeko aukera izango dute.

Matrikulazioa zabalik Bergarako Udal Euskaltegian

Irailaren 28ra arte zabalik izango da izena emateko epea Bergarako Udal Euskaltegian. Urtero bezala, ikastaro eskaintza zabala dute euskara ikasi edota hobetu nahi duten 16 urtetik gorako guztientzat.

Maila guztietako taldeak izaten dira (A1etik C2ra), goizez nahiz arratsaldez, titulua ateratzeko edota besterik gabe norberaren euskara hobetzeko: berbetan erraztasuna hartzeko, irakurketa lantzeko, pixka bat idazten hasteko...

Autoikaskuntza ikastaroak ere badituzte; hartara, astean behin euskaltegira joanda ikasleak aukera du bere martxan, etxean, ikasteko.

Zine denboraldia abian Seminarixoan

Udako geldialdiaren ostean, irailaren 20an hasiko da zinema denboraldia Seminarixoan.
• Igande eta astelehenetan helduen zinea, 19:30etan, 5€ (astelehentan 4€, ikuslearen eguna)
• Igandetan haurren zinea, 17:00etan, 4€
• Asteazkenetan ZinemaOnen eskutik zinekluba, 20:00etan, 3€. Jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Iraileko sarrerak salgai daude asteazkenero, 18:00-20:00 bitartean, Seminarixoko leihatilan eta online. Urriko sarrerak salgai egongo dira irailaren 23tik aurrera.

Orriak