Memoria historikoa eta bizikidetzaren aldeko pauso baten berri emateko bidlu gara gaur. Izan ere, holokaustoaren biktima izandako Pedro Axpe Sagasta bergararra omenduko du herriak larunbatean. "Historian izandako gertaerarik ilun eta lazgarrienetako bat gaitzesteaz gain, nazien biktima izandako herritarraren memoria gogoratu nahi du Udalak. Bergarako Udalak bizikidetza lasai eta errespetutsuan sinesten du, arraza, erlijio, kategoria sozial, sinesmen eta aldarri politiko edota sexualitateagatik inor ezin dela baztertua edota gutxietsi izan pentsatzen dugu. Horregatik, naziek ehunka milaka pertsona hil eta jazartu zituztela gaitzesteaz gain, horien artean izandako bergararraren memoria gogoratu eta aitortu nahi dugu", agertu du Elena Lete alkateak.

Pedro Axpe Sagasta Bergaran jaio zen eta bertan bizi izan zen 12 urte bete arte. Gaztetatik politikoki interesa agertu zuen eta talde desberdinetako kide izateaz gain, miliziano ere sartu zen. Urte luzez borrokatu ondoren, eta Frantziako errefuxiatu-eremuetan zegoela, naziek Frantzia okupatu zuten eta kontzentrazio-eremuetara eraman zuten, lan behartuak egitera. 1944 urtean hil zen.

"Naziek erakutsi zuten faxismoa eta totalitarismoa borrokatzen saiatu zen Pedro, pertsonen askatasuna eta azken finean, duintasunaren alde borrokatuz. Gaur egungo gizartearen oinarriak eratu zituztenetako bat da Axpe, eta oroimen historikoaren zati garrantzitsua da. Horregatik, guztiz merezitako omenaldia egingo zaio eta bergarar guztiak gonbidatu nahi ditugu larunbatean Munibe plazan egingo dugun ekitaldian parte hartzera. Izan ere, ez dugu inoiz ahaztu behar historian, berriro gertatzeko arriskua baitago", gaineratu du alkateak.

 

Pedro Jose Axpe Sagasta, Biografia

Bergaran jaio zen, 1906ko irailaren 20an. 12 urte zituela Aretxabaletara joan zen bizitzera, 1918an, San Martin auzora. Egoera zibila, ezkongabea.

Politikoki Union Republikana eta Gaztedi Sozialista Batuko kidea zen, UGT sindikatukoa eta Nazioarteko Sorospen Gorriko herriko komiteko partaidea.

1934ko urriko iraultzan aktiboki hartu zuen parte; atxilotu eta hamasei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Iruñeko San Kristobal gotorlekuan egon zen preso, 1936 hauteskundeen ondoren Fronte Popularreko gobernuak amnistia eman zuen arte.

Borrokaldiaren lehen egunetik miliziano sartu zen Aretxabaletako Errepublikaren Defentsa Komitean. Geroago, batailoiak eratu zirenean, Dragones batailoian sartu zen (2. konpainian); horrekin parte hartu zuen honako fronte hauetan: Kanpazar, Murugain-Untzila, Barazar, Udala-Intxorta lerroa, Euba, Lemoako Aitza, Gallo (burdin gerrikoa) eta batailoiaren erortzean Santoñan. Batailoi-kide asko eta asko harrapatu egin zituzten, beste batzuek borrokan jarraitu zuten Santander eta Asturias aldera, beste batailoi batzuetan sartuta, eta beste batzuek –Pedro Josek esaterako– ontziratzea lortu, Frantziara jo eta handik, Perpignan-etik, Kataluniara pasatu ziren. 1938ko uztailaren 3an gerra-industrietara mobilizatu zuten, zalantza barik eskumako atzamar lodia galduta zuenez ez zelako gauza izango borrokatzeko. 1939ko hasiera aldera Franco ixten zihoan errepublikarren setioa, Katalunia erortzear zegoen, eta milaka soldadu eta errefuxiatuk muga alderantz jo behar izan zuten.

Pedro Axpe Frantzian honako errefuxiatu-eremu hauetan egon zen: Saint Cyprien (Dordogne), Le Barcares (Pyrénées-Orientales) eta Gurseko eremua (Pyrénées-Atlantiques). Azken horretan euskaldun askorekin egin zuen topo; esaterako, aretxabaletar hauek: Santiago Urkia Zabaleta, haren semea Julio Urkia Orense eta Roman Olabe Zubillaga.

1940ko ekainean, alemaniarrek Frantzia okupatu zuten. Milaka errefuxiatu errepublikarren etorkizuna kolokan zegoen. Errefuxiatu-eremuetatik kontzentrazio-eremuetara pasa ziren. Pedro Axpe kontzentrazio-eremu hauetan egon zen: Idron (Pyrénées-Atlantiques), Agde (Herault) eta Noé (Haute-Garonne).

1944ko abuztuaren 9an, Bordeleko stalag-era eraman zuten, eta azkenean, urte bereko abuztuaren 28an, deportatu egin zuten Alemaniako Dachau kontzentrazio-eremura. Han, sei hilabete besterik ez zuen iraun; errepide-bazterrean utzi egin behar izan zuten, lan behartuak egiten zegoenean lan-taldeari jarraitu ezinik geldituta. Bertan hil zen, abenduaren 18an, Holokausto naziaren biktima.

 

Gerra Zibila Aretxabaletan. Ezin Ahaztu. Liburutik jasotakoa

Adjuntos: 
Departamento: