Uholdea urak normalean okupatzen ez duen eremu bat hartzen duenean gertatzen da, erreka eta ibaiek gainezka egiten dutenean. Uraldiak ibaiaren izaerari lotutako prozesu naturalak dira; uraren mailak halabeharrez egingo du gora noizean behin. Beraz, uholdeak aldian-aldian errepikatzen diren prozesu naturalak dira, erreken aranetan lautadak sorrarazi dituztenak. Ordea, ur-goraldi hauen maiztasun eta larritasuna aldakorrak izango dira beti, eta ia ezinezkoa da horiek aurreikustea. Ur-goraldi hauek arrisku dira gizakiak bere egin dituelako ibaiak ur gutxiago dakarrenean libre utzitako eremuak, eta bertan etxebizitzak, lantegiak eta azpiegiturak eraiki dituelako. Uholdeak betidanik gertatu diren prozesu naturalak izanik, arazoak giza-garapen hauek urperagarriak diren eremuetan kokatzean hasi dira; are gehiago, ibaiaren lautadek lur emankorrenak izaten dituzte aldizka urperatzearen prozesu honen eraginez, eta historikoki nekazaritza egon den eremuak izan dira.

Gure lurraldearen orografia aintzat harturik, aran estuak izan dira eraikitzeko gune bakarrak edo, hobe esanda, errazenak. Aran estu hauetan erabilera anitz garatu dira oso gune mugatu batean, eta horrek ondorio zuzena izan du ibaiei utzitako espazio murritzean. Hala, hiri- zein industria-garapen nagusiak jasan dituzten aranetan ibaien ibilgua bideratu egin da, eta zabalera jakineko ubide bat sortu da. Ibaiak ohiko ur-maila badarama ez da arazorik egoten erabilera horiekin, baina euri asko egin eta ibaiaren urak gora egiten duenean, ibaiak berezkoa duen eremua aldarrikatu, gainezka egin eta uholdeek hainbat kalte sortzen dituzte.

Ibaien uholde eremuan nekazaritzatik beste erabileretara egin den trantsizio hori argi ikusi daiteke Bergarako herriguneak 1946 urtean eta 2018 urtean zuen itxura alderatzen badugu. Argi ikusten da nola garapen nagusiak Deba ibaiaren ibarretan kokatu diren, eta pixkanaka ez zaion ibaiari beharrezkoa duen tokirik utzi uraldietan bere eremua zabaldu ahal izateko.

 

 

Irudiak: Goian Bergarako herrigunea 1926an, behean 2018am. Iturria: B5m, Gipuzkoako Foru Aldundia.

Egun badakigu bideraketak ez direla uholdeen aurkako babes neurri hain eraginkorrak, arazoa beste toki batera mugitu besterik ez dutelako egiten azken finean. Beraz, uholdeen eragin eta arriskuak gutxitzeko beste neurri motak ere hartzea beharrezkoa da, bereziki ibaiari uraldietan zabaldu dadin lekua uztera bideratzen direnak. Ostera, kasu askotan hori ezinezkoa, ezin ditugu eta herriak lekuz aldatu. Hala, uholde-arriskua ahalik eta modu eraginkorrean kudeatzeko beharrezkoa da abian jartzea mota desberdinetako neurri-sortak.

 Argazkia: 2018ko ekainean San Migelen egondako uholdea. Iturria: Noticias de Gipuzkoa

Horretarako Uraren euskal agentziak EAEko Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana (2015-2021) osatu du, erkidego mailan arroen kudeaketa bateratu bat bultzatu eta uholde-arriskua era integralean kudeatzeko helburuarekin. Planaren helburu nagusia da uholdeek giza osasunean, ingurumenean, kultura ondarean, jarduera ekonomikoan eta azpiegituretan izaten dituzten ondorio txarrak murrizteko jarduerak ezartzea, eta beren lehentasuna definitzea.

Helburu horiek lortzeko onartutako neurri programan jasotako ekintzak honela sailkatzen dira:

  • Uholdeak ekiditeko neurriak: Arriskua ekiditeko neurri eraginkorrena arrisku-egoera hori ez sortzea da. Horretarako, funtsezkoa da uholde-arriskua duten eremuetan hainbat erabilerei ezarritako mugak (batez ere eraikin eta azpiegitura berriak egiteko mugak). Horrekin batera, uholde-arriskua kudeatzeari buruzko ezagutza hobetzeko azterketak egitea komeni da, eta ibaiek ura hustutzeko duten ahalmena mantentzeko programak mantentzea.
  • Uholdeen aurkako babes neurriak: Babes neurri hauek leheneratzean oinarritzen dira, dela basoaren leheneratze hidrologikoa, dela ibaien leheneratzea. Horretaz gain uraldietan eragin nabarmena dute azpiegitura zein herriguneek euri-urak drainatzeko duten ahalmen eskasak; beraz beharrezkoa dira azpiegitura linealak hobeto drainatzeko eta hiriguneko drainatzea hobetzeko sistemak sustatzeko (hala nola drainatze iraunkorreko sistemak) neurriak. Azkenik, atal honen baitan dauden neurri estrukturalak (bideratzeak, harri-lubetak, etab.): pertsonen babesa bermatzeko justifikatuta dagoen kasuetara mugatzen dira soilik.
  • Uholdeen aurkako prestaketa neurriak: Iragarpen eta Alerta Hidrologikoetarako Sistemak (UHATE) larrialdi zerbitzuei informazioa eskaintzen die EAEko ibai sarean dabiltzan emarien eboluzioari buruz, erabakiak aurreratu ahal izateko. Funtsezkoa da sistema hori hobetzen jarraitzea, uholdeak gertatu baino egun/ordu batzuk lehenago ahalik eta informazio zehatzena eskuartean izan eta horren arabera dagokion neurriak eta erantzunak hartu ahal izateko. Alerta Sistema hau uholde-arriskua dagokion moduan kudeatzen duten Herri Babeseko Planekin osatzen da.
  • Uholdeen ondoren lehengoratzeko eta ebaluatzeko neurriak: uholdeen eraginetatik lehengoratzeko aseguruen sustapena proposatzen da, batez ere nekazaritzari begira. Horrekin batera uholdeak eragindako pertsona zein jarduerei laguntza emateko plan egokiak edukitzea eta uholde bakoitzaren ondoren ikasitakoen ebaluazio bat egitea eta jasotzen du aipatu Planak.

Iturriak:

Arloa: