2022-2023 ikasturtean Garapen Jasangarrirako Helburuen lanketari jarraipena emango zaio Eskolako Agenda 2030 proiektuan. Bergarako Aranzadi Ikastolan, Mariaren Lagundia Ikastolan, San Martin Agirre Herri Eskolan eta Ipintza Institutuan egingo dute lanketa. ‘Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea’ lelopean udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak egingo dizkiete udal-agintariei.

Urtarriletik martxora, energiaren testuingurua ezagutzeko saio teorikoak landuko dira ikasgelan, baita udalerriaren egoera aztertzeko saio praktikoak ere. Horrela, Bergarako diagnostikoa bertatik bertara egiteko aukera izango dute adin guztietako ikasleek. Haien adina eta ezagupen mailara egokitutako material didaktikoa erabiliz, udalerriaren egoera aztertuko dute: iturri berriztagarriak, energia kontsumoa murrizteko aukerak, mugikortasuna eta abar. Hobetu daitezkeen puntuak identifikatu ondoren, bi ekintza egingo dituzte. Batetik, alkateari eta gainerako udal ordezkariei egindako proposamenak sortu, eta bestetik, norberak bere eguneroko bizitzan txertatzeko konpromisoak hartu. Modu honetan, garapen jasangarria herritar guztion ardura dela ondorioztatuko dute.

Ikastetxe-Klik proiektua

Herriko ikastetxeak energiaren gaia beste bide batzuetatik ere lantzen ari dira. Ikastetxe-Klik proiektuaren bidez, esaterako. ‘Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena!’ lelopean ari dira lanean Debagoieneko hamar ikastetxe, eta horien artean, Bergarako Bergarako Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola eta San Martin Agirre Herri Eskola.

Ikastetxeen eraikinetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da Ikastetxe Klik. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatua eta udalek lagundua, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren bidelaguntza izango dute prozesu guztian zehar.

Ikastetxe-Klik proiektua, Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko Debagoiena 2030 ekimenak bultzatutako ‘Eraginez Piztu’ esku-hartze proposamenaren baitakoa da.