Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 2023ko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei sariaren irabazlea nor den jakinarazi dute gaur, otsailak 15, Olaso Dorrean egindako prentsaurrekoan. Xabier Amurizak jasoko du hirugarren edizioa duen saria, Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak jakinarazi dutenez. Martxoaren 16an Bergarako Seminarixoa aretoan egingo den ekitaldian jasoko du saria Amurizak.

2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena.

Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak.

Eta saria erabakitzeko unean, kontuan izaten dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edo/eta batasunaren balioa, Iratxe Esnaolak azaldu duenez.

Xabier Amurizaren ibilbideak bat egiten du Monzonek eta Ganuzak izan zituzten baloreekin. Bergarako Alkate Gorka Artolak esan du Xabier Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin diola Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari.

Esaterako, 1980ko hamarkadan berritasun handia ekarri zion bertsogintzari, eta seguru aski ezinezkoa da egungo Bertsolaritza modernoa ulertzea bere ekarpena kontuan izan gabe. Bai hizkera arloan, bai bere irudi eta metafora-mundu poetikoaren erabileran eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak, (ordu artekoak ez bezalakoak) iraultza suposatu zuten bertsolaritzan. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: neurri eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso bestelakoak.

Nabarmentzekoa da bertso eskoletan eragindako iraultza. Helduentzako bertso eskoletako lehen ikasmateriala apailatu zuen: Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua. Hamaika hitzaldiekin helduen bertso eskolak sortarazi eta eman zituen. “Bertsotan aritzeko jaio egin behar da” ustea eraitsi zuen, ikas zitekeela demostratuta geratu baitzen, etorkizuneko bertsolari belaunaldien segida ziurtatua geldituz. Bertsogintzari dagokionez, euskara batua ekarri zuen Txapelketa Nagusira.

Euskal kulturari egindako ekarpenaz gain nabarmena da urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa. Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzaile izan zen frankismoan eta Derioko eta Bilboko apezpiku etxean egindako entzierroetan egon zen. Horren ondorioz zazpi urte egin zituen preso Zamoran eta Basaurin, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgoa.

Politika arloan ere urte luzez azaldu zuen herriarekiko konpromisoa eta Zornotzako udalean zinegotzi, Bizkaiko Batzar Orokorretako batzarkide eta Gasteizko legebiltzarreko legebiltzarkide izan zen Herri Batasunaren izenean, 80. hamarkadan. 1982 urtean berriro atxilotu zuten Bizkaiko Juntetxean, Espainiako Erregearen etorrera dela eta, Herri Batasunako beste ordezkariekin Eusko Gudariak abesteagatik.

Bere kultur jarioa amai ezina da. Egin egunkarian “Telefono Gorria” zutabea idazten zuen. Itzulpengintza arloan klasikoak itzultzeaz gain, ETBko Dragoi Bola haurrentzako telesaila itzuli zuen. Hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, hala nola “Euskal Herrian Euskaraz”, “Mendian gora haritza” edo “furra furra”. Manuel Lekuona eta Lauaxeta Sariak jaso ditu azken urteotan.

Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion. Bigarrena, berriz, Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri.  

Saria

Emango zaion sariari buruz Esnaolak esan du, “saria sinbolikoa da, eta Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzearekin batera, euskal artista berriak sustatzea ere bultzatzen da. Belaunaldien arteko zubi lana ere eraikiz”.

Saria egingo duen artista egin zen deialdiari erantzun zioten artisten artean aukeratuko du horretarako osatutako aditu talde batek:

- Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte elkarteko kidea)

- Jesus Mari Lazkano (margolaria)

- Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa)

Aurtengo sariaren egilea nor den martxoaren 1ean jakinaraziko da. Sari-emate ekitaldia aurten martxoaren 16an Bergarako Seminarixoan 18:30ean egingo da .