Bergarako Udala osatzen duten alderdiek bizikidetzaren inguruko elkarrizketa politikoa egin dute, eta prozesua azaltzen duen kontakizun korala ere egin dute.

Gaur goizean agerraldia egin dute udalbatza osatzen duten hiru alderdietako ordezkariek, Bizikidetza Mahaia osatzen dutenek, eta egindako ibilbideak emandakoa ezagutzera eman dute. Duela bi urte jarri zuten martxan ekimena, eta hilero elkartzen aritu dira kanpoko erraztaile batek lagundutako bi orduko elkarrizketa-saioetan. 

Elkarrizketa esparru politiko horietan helburu izan dute espazio zaindu eta zintzo bat sortzea, ikuspegi edo ordezkaritza politiko ezberdina duten pertsonen arteko harremanak normalizatzea eta iraganari aurre egitea, indarkeriak eragindako minak ikusaraziz eta jorratutako dinamikak azaleratuz. 

Prozesua aurrera eramateko hiru alderdiek alde batera utzi dute gehiengo eta gutxiengo politika, eta berdintasunez hartu dute parte. Era berean, emandako pauso guztiak elkarrekin eta adostasunez eman dituzte. Lehen bileretara udaleko zinegotzi guztiak gonbidatu ziren, baina, hilabete gutxiren buruan taldea murriztu eta egonkortu egin zen eta prozesua kide hauek burutu dute: Gorka Artola, Ainhoa Lete, Nagore Iñurrategi, Juan Luis Gonzalez eta Ekaitz Aranberri EH Bildutik; Irune Galarraga eta Angel Murgiondo EAJtik; eta Alberto Alonso PSEE-EEtik. 

Orain arte egindako lana ezagutzera ematea adostu zuten martxoan, baina aurkezpena hauteskunde girotik kanpo utzi nahi zenez, honako data aukeratu zuten. Udal hauteskundeak igarota, Bizikidetza Mahaiaren osaketa ere aldatu egingo da, eta aurkezpena ziklo baten itxiera moduan ulertzen dute; ez, ordea, prozesuaren amaiera bezala. Denbora horretan indarkeriazko gertakariak aztertzeko prozedura bat sortu dute. Tresna hori sortzeak indarkeriaz zintzoki eta sakonki hitz egitea ekarri du, eta ariketa oso baliagarria izan da. Etorkizuneko erronkak izango dira tresna hori egoera zehatzetan aplikatzea eta denontzat praktikoa den formatu bat ematea. 

Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien konpromisoa da bizikidetza prozesu honekin aurrera egitea. Beraz, legealdi berrian helburu nagusia elkarrizketa espazioa osatuko duten pertsonek lan dinamika horri eustea izango da.