Ostegun honetan, martxoaren 7an, jasoko du Jose Mari Esparza (Tafalla. 1.951) idazle eta editoreak Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak batera lantzen duten ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria’. Ekitaldia Bergararako Seminarixoa aretoan ospatuko da 18:30etik aurrera, eta Esparzak berak ere parte hartuko du bertan.

Saria sinbolikoa da, artelan bat izan ohi da, eta generazio arteko lotura egitea ere badu helburu, artista gazteen lana sustatzearekin batera. Hori dela eta, Gala Knörr (Gasteiz, Araba, 1984) artista eta EHUko ikertzailearen ‘He was the adventurer’ artelana jasoko du Esparzak.

Martxoaren 7an Bergarako Seminarixoan ospatuko den ekitaldi publiko batean jasoko du Esparzak merezitako saria. Bergarako alkatearen hitzetan, “belaunaldi berriok ez dugu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dugun oinordetza. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Joxe Mari esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza, eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea”.

2021ean, Telesforo Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, sortu ziren Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.

Kasu honetan ere, Esparzak bat egiten du Monzon-Ganuza sarituak aukeratzeko erabili ohi diren printzipioekin, eta euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena egin izana goraipatu dute Esnaolak eta Artolak.

Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen zuten fabrikan. 20 urtez izan zen metalgintzako langile eta sindikalista bezala, langileen eskubideen defentzadaile. Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, Fusión obrera aldizkari klandestinoan. Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea transformatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen.

1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea erabaki zuen eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako ispiritu militante berberarekin, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio-tresnaren izena jarri zioten, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.

2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, ‘Apología. Memorias de un editor rojo-separatista’ (Txalaparta, 2018) liburu biografikoa idatzi zuen eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria, (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020).

Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, Elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan.