Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Bergarako Udalak, herriko ikastetxe guztiekin batera Berdinkatea egin du. Giza katea herriko punta batetik bestera egin da, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatuz. San Martin Agirre eskolan hasi, Ipintzatik pasatu, Aranzadi, Migel Altuna, plaza eta Mariaren Lagundian bukatu da eta amaitzean, Elena Lete alkateak eta ikastetxe guztietako ikasleek manifestu bat irakurri dute udaletxeko balkoitik. Jarraian, mosaikoa osatu da plazan. Eguneko argazki guztiak, hemen.

Elena Lete alkateak Bergarako ikastetxeei eskerrak eman nahi dizkie "egitasmoan parte hartzeagatik eta izandako inplikazioagatik, eta martxoaren 8an ez ezik, urte guztian jarrai dezagun neska eta mutilen berdintasunaren alde eskutik helduta lanean!", azaldu du.

Hona hemen manifestu osoa;

Gaur, martxoaren 8a, 40 urte beteko dira Euskal Herrian lehenengoz martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko eguna ospatu zenetik. Gaur egun Emakumeen Nazioarteko eguna moduan ezagutzen dugu. 2017an ere, oraindik orain beharrezkoa da egun honen aldarrikapena egitea. Gaur Bergarako eskola guztietako ume eta gazteak elkartu gara Berdinkatea egitasmoan, gure gorputzekin eta elkarrekin bat eginda, neska eta mutilen berdintasunaren alde gaudela aldarrikatzeko.

Gure aldarrikapenean ondorengo puntuak azaldu nahi dizkizuegu:

  • Zuzenean ez bada ere, neskak printzesen antzerakoak garela esaten digute txiki txikitatik, mutilei aldiz, heroiak direla. Neskak ezin gara heroiak izan? Eta alderantziz? Txikitatik jasotzen ditugun mezuak ezberdintasunaren aldekoak dira, telebistako publizitatekoak edo pelikuletakoak adibidez. Aldaketak ematen diren arren, guk nahi baino polikiago doa.
  • Egia da mutilak eta neskak txikitatik desberdin hezi gaituztela, baina zergatik jantzi behar da neska bat larroxa kolorez? Ez al du urdinez janzteko eskubiderik? XXI.mendean ume txikien arropa denda batera sartzean kolore urdina mutilentzat eta larrosa neskentzat ikusten ditugu. Horretarako gaude gu hemen, nesken eta mutilen berdintasuna aldarrikatzeko.
  • Nahiz eta urteak pasatu kirol arloan bereizketa nabarmena egiten jarraitzen da, estereotipoak jarraituz mutil eta nesken kirolak desberdintzen ditugu. Dantza eta gimnasia ritmika nesken kiroltzat jotzen dira. Futbola, saskibaloia, eta eskubaloia aldiz, mutilen kirolak direla esaten da. Mutilen futbol partidak edo saskibaloikoak presentzia handiagoa daukate telebistan, neskenak aldiz kostata ikusi ditzakegu.
  • Botere postuetan dauden emakumeen zenbakia oso bajua da, enpresetan %30 bakarrik dira emakumeak eta kargu politikoetan ere portzentaia baxuagoa da. Hau ez da justua eta zeoze egin behar da konpontzeko.
  • Neskak zein mutilok, desberdinak gara FISIKOKI, baina horregatik eskubide desberdinak izan behar ditugu? Denok dauzkagu eskubide berdinak! Txapa asko sartu gabe, esan nahi nizuen denok izan behar ditugula eskubide berdinak, neskak zein mutilak ahal dugu egin berdiña!

Eskerrik asko guztioi gaurko giza katean parte hartzeagatik, eta martxoaren 8an ezezik, urte guztian jarrai dezagun neska eta mutilen berdintasunaren alde eskutik helduta lanean!

JASO KARTULINAK! GUZTIOK BERDINTASUNAREN ALDE!