Europako Uraren Esparru Zuzentarauak uraren kalitatea ingurumenaren ikuspegitik heltzen du, eta ekosistema orekatu bat eusteko zein kalitate helburu zehatz batzuk betetzeko (kalitate ekologikoa) behar diren baldintzak bezala definitzen du.

Uren kalitatea ezinbesteko aldagaia da ur-ingurunea deskribatzeko, bai ingurumenaren ikuspegitik, baita plangintza eta kudeaketa hidrologikoaren ikuspegitik ere; izan ere, urak ekosistemak mantentzeko eta erabilera desberdinak eusteko duen gaitasuna neurtzen du.

Uren kalitatea aldatu egin daiteke arrazoi naturalen edo kanpoko eragileen ondorioz. Uraren kalitatea andeatzen duten kanpoko eragile horiek ziklo hidrologikoarekin zerikusirik ez dutenean, ur-kutsadura dagoela esaten dugu.

Uren kalitatea andeatzen duten jarduera edo faktore garrantzitsuenak hauek dira:

  • Hiri eta herrietako hondakin-uren isurketak, bereziki lehenago tratatu ez badira. 
  • Industriaren isurketak, batez ere legeztatu gabekoak edo kontrolik gabe egiten direnean.
  • Nekazaritzaren ondorioz sortutako kutsadura lausoa.

Baina, nola neurtzen da uraren kalitatea?

Uren kalitatea neurtzeko hainbat adierazle biologiko eta fisiko-kimiko erabiltzen dira; hau da, ura bera aztertzen da, konposizioa eta kutsatzaileak neurtzeko (materia organikoa, metal astunak, etab.), eta ur horretan dauden bizidunen kopurua eta egitura ebaluatzen dira.

Zein egoeratan daude Bergarako ibai eta errekak?

Deba ibaiko ingurumen-egoera oso txarra izan da orain gutxira arte eta ezaugarrietako bat arrain bizitzarik eza izan du. Ostera, azken urteotan eraiki den saneamenduak eta Epele, Mekolalde eta Apraitzeko araztegien abiarazteak egoera hobetu dute; ondorioz, azken urteotan hasi dira lehen arrain populazioak ikusten –batez ere ziprinidoak– ibaiko ia tarte guztietan.

Argazkia: Mekolaldeko Hondakin Uren Araztegia. Iturria: Gipuzkoako Ur Kontsortzioa (webgunea

Hobekuntza honetan garrantzi berezia izan du, aldi berean, industria-jatorriko kutsaduraren jaitsierak, bereziki metalgintza eta azalerako tratamendu jarduerenak. Jaitsiera hau sortu da, alde batetik, hainbat industria-krisiren eraginez jarduera gutxitu delako, eta beste alde batetik, oraindik jardunean dauden enpresek ingurumen-hobekuntzak egin dituztelako beraien hondakin arriskutsuak eta hondakin-urak kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Ur Agentziak EAEko ibaien egoera kimikoaren eta biologikoaren jarraipena egiteko sare bat du, eta sare horrek laginketa-puntu bat du Deba ibaian San Prudentzio inguruan, eta beste bana Angiozar eta Ubera erreketan. 2018. urteko emaitzek zera azaltzen dute:

  • Egoera kimikoari dagokionez, Angiozar eta Ubera errekek egoera kimiko ona dute, baldintza fisiko-kimiko orokor egokiak dituzte eta ez dute lehentasunezko kutsatzailerik. Deba ibaia, ordea, ez da egoera kimiko onera heltzen, biota-matrizearen laginean merkurioa dagokion ingurumen-kalitatearen arauaren (IKA) gainetik dagoelako. Dena den, maila horiek ez dira islatzen ur-matrizean eta ez dira identifikatu merkurioagatik kutsadura eragin dezaketen iturri aktiborik. Horretaz gain, Deba ibaian artseniko, kobre, selenio, kromo, zink eta fluoruro bezalako metal eta elementuak antzeman dira egindako azterketetan, baina oso maila baxuan, betiere ezarritako IKA horien azpitik.
  • Egoera ekologikoari dagokionez, 2018. urtean Deba ibaiaren gaitasun ekologikoa neurrizkoa bezala sailkatu da. Azken bost urteotan Deba ibaiak Bergaran duen egoera nabarmen hobetu da, bai adierazle biologikoei dagokienez, bai uraren kalitate fisiko-kimikoari dagokionez. Lehen aipatu bezala, arrainak hasi dira berriz azaltzen Deba ibaian, baina oraindik ere amuarraina ez da ageri. Angiozar errekaren egoera ekologikoa ona da, oro har, eta Ubera errekarena ere nahiko ona da.

Nahiz eta Deba ibaiaren kalitate kimiko eta biologikoa asko hobetu den azken urteotan, ibaiaren morfologiak jasan izan dituen aldaketen eraginez kasu askotan ibaia erabat lehengoratzea ezinezkoa da, eta horrek muga handiak jartzen ditu ingurumena berreskuratzeko orduan.

Iturriak:

  • Uraren Euskal Agentzia (2019): EAEko ibaien egoera biologikoaren jarraipena egiteko sarea. 2018 kanpaina.
  • Uraren Euskal Agentzia (2019): EAEko ibaien egoera kimikoaren jarraipena egiteko sarea. 2018ko kanpaina
  • Gipuzkoako Foru Aldundia (2015): Gipuzkoako Ibaietako Ur-Kalitatearen Azterketa 2014ko urtea.

 

Arloa: