“Bergarako Udalaren helburua da, 2030. urterako berotegi efektuko gasen isurketak %40 murriztea, Europan jarritako helburuarekin bat eginez. Hori lortzeko 'Bergara izan, bizi, ekin' agintaldirako planaren ekintzen artean jasotzen da Energia Plana idaztea. Eta 'Bergara 2030 Egin Herrixa' Plan Estrategiko Jasangarritik eratorritako proiektua da”, Nagore Iñurrategi Ingurumen zinegotziak azaldu duenez. 'Bergara 2030 Bizi Energia' planaren aurkezpena egin du Iñurrategik Ekaitz Aranberri Herritarrak batzordeko lehendakariarekin batera. 

Agintaldiko planean, halaber, jasotzen da 2023. urterako Bergaran CO2 isurketak %10 eta %20 artean murriztea, eta energia kontsumoa %10 murriztea. Izan ere, mundu mailako larrialdi klimatikoari erantzuteko beharrezkoa da herrietan ere neurriak hartzea.

“Lantzen hasiko garen ‘Bergara 2030 Bizi Energia’ planaren helburua izango da 2030. urterako udalerrian berotegi-efektuko gasen isurketak %40 gutxitzeko helburu hori lortzeko, eta klima aldaketaren murrizketa eta egokitzapena bultzatzeko ikuspegi partekatu bat hartzeko ekintzak definitzea, eta era berean gobernantza klimatikoan aurrerapausoak ematea”, esan du Ingurumen zinegotziak.

Bi ildo nagusi izango ditu planak Iñurrategik azaldu duenez: klima aldaketaren arintzearen alorra alde batetik, eta klima aldaketari egokitzea bestetik. Ekintza Plana osatzeko, honako sektoreak hartuko dira aintzat:

  • Klima aldaketa arintzeko alorrean (energiari lotuta): udala, etxebizitzak, zerbitzuak, mugikortasuna eta garraioa, hondakinak eta industria.

  • Klima aldaketara egokitzeko alorrean lurraldearen erresilientzia eta arriskuen kudeaketarekin lotuta: natura-ingurunea, hiri-ingurunea eta azpiegiturak, jarduerak, osasuna eta babes zibila.

Hamar hilabetetan egingo da ‘Bergara 2030 Bizi Energia’ plana, lau fasetan Ekaitz Aranberrik azaldu duenez.

  1. Diagnostikoa. Besteak beste, hauek aztertuko dira: udalerriko sektoreen eta Udalaren balantze energetikoa eta Berokuntza Efektuko Gasen inbentarioa, udal instalazioen azterketa energetikoa, joera historikoen eta klima proiekzioen azterketa, klima aldaketaren aurreko kalteberatasuna eta arriskuaren ebaluazioa.

  2. Estrategia formulatuko da: ikuspegiak eta helburuak zehaztuko dira.

  3. Ekintza plana osatuko da.

  4. Ebaluaziorako eta jarraipenerako estrategia diseinatuko da.

Aranberriren esanetan, “Klima eta Energiari buruzko tokiko plana osatzeko prozesua baliatu nahi da, azken aldian Udal Gobernua beste proiektu batzuekin ari den moduan, gobernantza eredu berri bat garatzeko udalerrian”.

Horretarako, batetik, plana herriko eragileen eta herritarren inplikazioarekin egingo da, ekitaldi parte-hartzaileak antolatuz.

Bestetik, eta sentsibilizazioa handitzeko, Bergarako Klimaren eta Energiaren hamabostaldia antolatuko da ekainean: erakusketa, eskolentzako joko kooperatibo bat eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako ihes-gela birtuala.

“Plan honekin Bergarako Udalak 2030. urterako konpromiso sendoak hartuko ditu klima aldaketaren eta energiaren alorrean; konpromiso horiek gobernantza klimatikorako eredu berri batekin uztartuz, plana osatzeko prozesuaren ondoren ere iraungo duen partaidetzarako egitura bat sortzea erabaki du: Klimaren aldeko mahai eragilea. Planaren jarraipena eta emaitzen ebaluazioa egingo du; klima aldaketan eragina duten udal politiken, programa eta proiektuen inguruan informazioa emango zaio eta ekarpenak eskatuko zaizkio; udalerrian klima aldaketaren eta energiaren alorretan hobetzeko proposamenak ere egingo ditu”, Herritarrak batzordeko lehendakariak azaldu duenez.

Plana idazteko prozesuan partaidetza giltzarri izango da mahaia, izan ere, bertako kideekin egingo diren lan-saioetan plana osatzeko ekarpenak jasoko dira.

Proiektuaren aurrekontua 30.855 eurokoa (BEZ barne) da. Lana Izadi 21 enpresari esleitu zaio.  Hispavista Labs eta ENT environment & management enpresekin elkarlanean egingo dute lana.

 

 

Arloa: