Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra aurkeztu dute Bergaran

TAUN TAUN Teatroak Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen XVII. Mostra aurkeztu du. Ekimena bienala da, eta 1991n egin zen lehenengo aldiz.

Estatuko arte bizien programazioan hutsune interesgarri bat bete nahi izan du. Izan ere, Bergarakoa ikuslego heldu batentzat egiten den lehenengo antzerki mostra da. Nabarmena da jaialdiaren jarraitutasuna. Handia ez izan arren, bere ibilbidean zehar munduko herrialde ezberdinetatik iritsitako 190 artista baino gehiagok bisitatu dute.

Bergarako egoera sozioekonomikoaren aurkezpen publikoa egingo du Udalak

Bergarako Udalak azterketa sakona egin du azken hilabeteetan herriko egoera sozioekonomikoa aztertzeko. Orain, behin emaitzak lortuta, horien aurkezpen publikoa egingo du urriaren 9an, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan.

Azterketa honen abiapuntua izan da Bergarako egoera sozioekonomikoaren 2019ko ikerketa eguneratzea. Helburua da gaur egungo egoera sozioekonomikoa ezagutzea eta etorkizunera begira aztertu beharreko alderdiak eta erronkak identifikatzea.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 25. edizioa aurkeztu dute

Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako Udalek eta Fray Joseph Echevarria Elkarteak Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 25. edizioa aurkeztu dute astearte goizean.

Fray Joseph Echevarria Elkarteko kide Itziar Urbietaren hitzetan, askotarikoa eta gustagarria den egitaraua antolatzen ahalegindu dira. Kanpotar organista entzutetsuek eta bertakoek hartuko dute parte, beste hainbat musika tresna eta ahots taldeekin, nahiz eta beti protagonismo nagusia organoari eman. Loiolako Basilikan, eta Bergarako eta Azkoitiko parrokietan hamar kontzertu eskainiko dira urrian.

Eskualdeko erreka garbiketa egingo da urriaren 19an

Debagoiena eskualdeko errekak garbi mantentzeko asmoz, herri ezberdinetako herritar, elkarte zein eragile ezberdinek erreka garbitzeko ekimena jarri dute martxan auzolanean.

Bergarari dagokionez, urriaren 19an, 9:30etan, hiru gunetan elkartuko dira taldeak: Labegaraieta kiroldegia, Osintxu eta Seminarioko patioan. Bergararen kasuan, Udalak garbiketarako materiala jarriko du eta antolaketa lanetan lagunduko du. Antolatzaileek bizikletaz hurbiltzeko gonbidapena egiten diete herritarrei.

Bergarako 2025eko egutegian publizitatea sartzeko aukera ireki du Udalak

Aurreko urteetan bezala, Bergarako Udalak 2025eko egutegia argitaratzeko asmoa du, herritarren argazkiekin hornituta. Oraingoan Laboratorium museoari eskainia izango da eta bertan, besteak beste, museoan dauden altxorren argazki ederrak ere agertuko dira. Hori dela eta, deia zabaltzen zaie bertan publizitatea jarri nahi duten herriko dendari, ostalari, enpresa, talde, ikastetxe eta abarrei.

Azken urteetako udarik jendetsuena izan da Agorrosingo kiroldegian

Bergarako Agorrosin kiroldegiko datuen arabera, azken urteetako udarik jendetsuena izan da. Aldi berean, Bergarako Udalak hainbat inbertsio egin ditu kiroldegian, esaterako, gimnasioan edo Ipintzako futbol-zelaian. Bertan egindako inbertsioei esker, instalazioak hobetu ahal izango dira, mantentze-lanen kostuak murrizteaz gain.

‘Ekinola’ ekintzailetza jardunaldia ospatuko da ostegun honetan

'EKINola Etorkizuna zure eskuetan’ ekintzailetza jardunaldiaren edizio berri bat ospatuko da ostegun honetan, irailaren 26ean, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan. Bertan, ideia berri eta berritzaileak dituzten eta ekintzaileak diren gazteek beraien proiektu eta egitasmoak garatu eta enpresen aurrean aurkezteko aukera izango dute.

Ludoteketako doakotasuna bermatuko du Bergarako Udalak

Bergarako ludotekak doakoak izango dira aurrerantzean erabiltzaile guztientzat, Bergarako Udalak ordenantza fiskaletan txertatutako neurri berri bati esker. Hori dela eta, ikasturte honetatik aurrera, herriko edozein umek izena eman dezake ludotekan ezer ordaindu gabe.

Izan ere, ludotekak haurren hizkuntza ohiturak aldatzeko izan dezakeen eragina ikusita eta auzoetako eta herriko haurren inklusioa helburu izanda, 2024rako ordenantza fiskaletan erabaki zen herriko hiru ludotekak –Aidau Haurren zerbitzua, Angiozarko ludoteka eta Osintxuko ludoteka– doako zerbitzuak eskaintzea.

Orriak