Udalak harridura handiz hartu du Aranzadi Ikastolako kolektiboko kide batzuek parkingaren obra eteteko egindako eskaera, eta argi eta garbi utzi nahi du hau ibilbide luzeko egitasmoa dela, orain arte pauso sendo asko eman dituena eta eragileen –batez ere Aranzadi Ikastolaren- ekarpenak jasota garatu izan dena.

Hain zuzen ere, Bergarako Udalak 2007an erosi zuen orube hori, herriak daukan aparkaleku arazoari irtenbidea eman eta bertan lur azpiko parkinga egiteko; orube hau 741.000€tan erosi zion Madrileko gobernuari. Arrazoi asko direla medio, ezin izan da orain arte gauzatu baina udal kudeatzaile eta eragile, merkatari zein herritar ugariren nahia izan da. Hala eskatu dute askok eta askok, Bergarako plan Generalak horrela bideratzen du eta Mugikortasun Diagnostikoaren aurre-azterketek hala aholkatzen dute.

Horregatik, Udalak 2017ko abenduaren 2018ko udal aurrekontuen zirriborroan parking hori egitea jaso zuen, eta hala onartu zen 2018ko urtarrileko plenoan.

Ordutik Udalak uneoro egitasmo honen berri zabala eman du Udaletxean, plenotan, herrian zein eragileekin egindako batzarretan. Gainera, jakinda aipatutako foro horien berri herritar guztiek ez dute izaten, prentsa bidez era iraunkor batean informatu du proiektuaren aurrerapausoetaz.

Eragileak esaten dugu eta horrela egin dugu, proiektu honen interesdunak asko izan daitezke baina guretako garrantzi berezia zeukan Bedelkar (komertzianteen elkartea), esparru horretan egiten diren kultur eta kirol ekintzak eta, noski, ikastetxearen patixoa. Hala, Aranzadi Ikastolaren zuzendaritzarekin eta baita Ikastolen Elkarteko zuzendaritzarekin hainbat batzar egin dira; bost guztira, eta horietan Aranzadi Ikastolak mahaigaineratutako beharrak edo kezkak Udalak jaso, aztertu eta proiektuaren plegoetan txertatu ditu. Hain zuzen ere, etengabeko harremana daukate Udalak eta Aranzadiko zuzendaritzak obraren prozesu guztian; harreman hau udalak sustatu zuen hasierako momentutik proiektuaren eraginak inguruan zuzenean igarriko zirelakoan.

Udalak planteatutako obretan eta obra horien fasetan lankidetza egon da eraginak murrizteko asmoarekin eta horrea finkatutako irizpide hauek izan dira:

-Opor egunak. Obrak bi fase nagusitan egingo dira; eta horretarako baliatuko dira opor egunak (Aste Santukoak eta udakoak) eta lan neketsuenak sasoi horietan hastea eta ahalik eta gehien egitea izan da asmoa.

-Zarata izan da gehien kezkatzen zuen eragina eta horregatik proiektuaren neurri teknikoak egokitu eta moldatu izan dira inguruan zarata maila txikiena izan daitezen. Zarata ahalik eta gehien arintzea izan da helburua; horregatik hainbat neurri zuzentzaile uztartu dira proiektuan eta zarataren etengabeko kontrola eramateko teknikari bat espresuki kontratatuko den obra zuzendaritzan.

-Eraikuntza sistema. Hasieran parkingaren eraikitzea micropilotaje bidez egitea pentsatuta zegoen, baina orain Losa de cimentación bidez egitea onartu da, hau da, losa bakarra erabiliz.

-Lur mugimenduak. Hasieran lanak ezponda bidez egin behar baziren ere, erabaki da Muros in Situ sistemaren bitartez egitea, eraikuntzatik gehiago aldentzeko, pasabideak zabalagoak izateko eta obraren kudeaketan lagungarri izango zela, hórrela lur mugimentua hormigoizko estrukturarekin batera egitea posible izango da.

Prozesuaren informazio guztia hemen: seminario_parkinga-prozesua.pdf

Hori guztia esanda, Udalak proiektu honetan ekarpenak jasotzeko bideak jorratu ditu, ekarpen horiek uztartu ditu proiektuan eta proiektuaren berri momenturo eman du. Horrela jarraituko du.

Udala prest dago edozein herritar edo kolektiborekin batzartzeko, horren ekarpenak jasotzeko eta horiei behar duten informazio zein azalpenak emateko, orain arte egin duen bezala, baina epe luzeko proiektu honekin aurrera jarraitzeko asmoa dauka.

Esleipen epea atzo, asteazkena, bukatu zen, eta orain Kontratazio Mahaia eratuko da. Hortaz, hilabete inguru beharko da kontratazioa gauzatzeko.