Moises Eguren izan zen Bergarako abade bat, oso estimatua herrian herritar moduan eta baita ere gazteei margotzen irakasten eta laguntzen izan zuen dohaiagatik. 1976an hil zen gazte, eta Bergarako margolarien kateari eusteko egindako lana funtsezkoa izan bazen ere, gaur egun ia ahaztuta gelditu da bere izana eta bere lana.

Horregatik, BEARTeko kide diren Xabier Agirre, Antton Arrillaga eta Jose Luis Azkaratek helburutzat jarri zuten oso sakabanatuta zegoen haren margolan obra berreskuratu eta jendeartean erakustea, ondare hori bistan jarri eta nolabait Moises Egurenek egindako lana eskertzeko eta omentzeko.

Urte eta erdi pasa dituzte berreskuratze-lanetan; identifikatuta dituzte Egurenek egindako 107 margolan eta horietatik 91 berreskuratu dituzte Bergaran gehienak, baina baita Aretxabaletan, Eskoriatzan, Elorrion eta Errioxan ere. Horietatik aukeraketa egin dute eta ostiral honetatik aurrera 43 margolan egongo dira erakusgai Aroztegi aretoan. Horrez gain, Egurenen ikasle izandako eta gaur egun Bergarako margolaritzaren erreferente diren hainbat lagunekin batera katalogo osatua garatu dute Egurenen ibilbidea gainbegiratzen duena.

Berreskuratze lanetan ibili diren Bergarako margolariek azpimarratu dute Egurenek gazteei margotzen irakasteko zuen dohaia, apala eta gertukoa; eta nabarmendu nahi izan dute, baita ere, margotzerako orduan oso-oso irekita zegoela. Horren adierazle da erakusketan jasotako lanek duten estilo aniztasuna.

Ekaitz Aranberri zinegotziak eskerrak eman dizkie Bergarako margolari hiruei herriaren ondarea dena jasotzeko egindako lan erraldoiagatik eta herritarroi gozatzeko moduan eskaintzeagatik. Eta, era berean, gonbidapena egin die herritarrei erakusketa ikustera etor daitezen. Horren harira, berreskuratze lanetan ibili direnek gogoratu dute "agian hauxe Egurenen obra ikusteko aukera bakarra izango dela".

Hemen katalogoa ikusgai: moises-katalogoa.pdf

Eranskinak: 
Arloa: