'Heriotzarako erromatar ohiturak Soriako Tierras Altas eskualdean. Euskararen aztarnak antzinako epigrafian' erakusketa ikusgai dago Laboratorium museoan. Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako sei hilarrik osatzen dute lehen aldiz Euskal Herrian ikus daitekeen erakusketa. Egungo osasun egoeraren ondorioz, une honetan, Bergarako eta mugakideak diren herrietako biztanleek ikusteko aukera izango dute. Abenduaren 20ra arte egongo da erakusketa Bergaran. 

Joan den astean egin zen erakusketaren inaugurazioa, hau ere egoerak ezarritako irizpideei jarraituz, talde txikietan. Erakusketaren komisarioak, Eduardo Alfarok; Gorka Artola Bergarako alkateak eta Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinek egin zuten aurkezpena.

Soriako Tierras Altas eskualdean, herrialdearen iparraldean, euskarazko izenen bat duen erromatar garaiko hainbat inskripzio aurkitu da, hilarrietan. Aurkikuntza garrantzitsua da, Pirinioen hegoaldera multzo handiena baita. Antzinateko euskarazko hitzen bat duten inskripzio gehienak Akitanian topatu dira, 300 inguru; hegoaldera, berriz askoz gutxiago. 

I. eta III. mendeetako estelen artean aukeratutako sei hilarriz osatutako erakusketa da, eta horietako batzuetan euskararen forma zaharra antzeman daiteke. Horietako batean, argi irakur daiteke 'Sesenco' izena. 

Eduardo Alfarok azaldu zuenez, sei hilarrietatik bat, estela antropomorfo bat, erromatarren aurreko garaietakoa da. Gainerako bostak erromatarren garaikoak dira eta erakusketa berezi egiten duena, piezen onomastika indigena da: "Ikusten diren inskripzioetan, Pirinioetatik hegoaldera aurkitu den izen protoeuskaldunen kopuru handiena dago. Berezia da hori, uste zelako Ebrotik hegoaldera aurkitzen ziren euskara zaharraren arrastoak Erdi Aroko birpopulatzearen ondorio zirela. Honek erromatarren garaietara eramaten ditu Ebrotik hegoaldera agertu diren euskararen zantzuak".

Gorka Artola Bergarako alkateak Euskal Herrian lehen aldiz eta primizian Bergaran ikusi daitekeela nabarmendu zuen eta baita erakusketaren beraren kalitatea ere, nahiz eta bere ustez, "pena bat da hasiera batean egoeragatik merezi duen oihartzuna ezin eman izana. Baldintzak hobetzen badira Euskal Herri osotik etorri ahalko dira bisitariak, baina momentuz, bergararrek eta inguruko herrietakoek izango dute erakusketaz gozatzeko aukera”.

Abenduaren 20ra arte egongo da erakusketa Laboratorium museoan. Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriei jarraituz, Bergarakoko herritarrez gain, Antzuolan, Arrasaten, Azkoitian, Eibarren, Elgetan, Elgoibarren, Elorrion, Oñatin eta Soraluzen bizi direnek izango dute bertara joateko aukera. 

Eduardo Alfaro Peña erakusketako komisarioa, Valladolideko unibertsitatean Doktorea da. Arkeologian lizentziaduna (1996), 2002an ikertzaile-nahikotasuna lortu zuen, garai zeltiberiar eta erromatarreko populazioari buruzko lan batekin. "Castillejos y Villares. Modelos de poblamiento antiguo en el interior del Sistema Ibérico "(Soria Edita 2005). 2007an Idoubeda Orosen plan zuzentzailea aurkeztu zuen, ondare serranoa ikertu eta zabaltzeko proiektua, jarduera nagusia San Pedro Manriqueko Los Casaresen oppidum zeltiberiarrean eta erromatarrean esku hartzea duena. 2009tik urtero indusketa kanpainak zuzentzen ditu. 2018an, "Oppida y etnicidad en los Fronfines Norte de la Celtiberia" doktore-tesia defendatu zuen.

KARTELA.pdf

ESKU-ORRIA.pdf