Bergarako Udalak 2022-2026 urteetarako adikzioen prebentziorako V. ekintza-plana onartu du martxoko ohiko osoko bilkuran. Gizarte Zerbitzuen alorrean legealdian zehar martxan jarriko duen ekintzarik garrantzitsuenetarikoa da, menpekotasunaren esparruan, datozen urteetan garatuko diren lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarriko baitira.
 
Plan berri honen helburuen artean udalerriko errealitatearen diagnostiko bat egitea, drogen kontsumoa eta bestelako adikzioak saihestea, herritarrak menpekotasunen problematikaren aurrean sentsibilizatu eta heztea eta aisialdi osasuntsua sustatzea jasotzen dira.
 
Planaren lehenengo pausoa egungo egoeraren diagnosi integral bat egitea da eta antzemandako beharrizanekin eta egungo Lege eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VII. Planaren ildoekin bat etorriz plangintza bat ezartzea.
 
Diagnosia egiteko hiru izan dira erabilitako bideak: Bergarako ikasleriaren adikzioen errealitatea ezagutzea, herritarren partaidetza galdetegi anonimo baten bidez eta udalerriko eragile esanguratsuenekin eztabaida taldeak sortzea. 
 
Bergarako ikasleriaren adikzioen errealitatea ezagutzea
Galdetegi anonimo baten bitartez Bergarako ikastetxeetako ikasleen kontsumo ohiturak zeintzuk diren ezagutu dira. Horretarako, 10 urtetatik 18 urte arteko 1.118 ikaslek parte hartu dute.
 
Herritarren partaidetza galdetegi anonimo baten bidez
Guztira 140 herritarrek erantzun dute galdetegia, gehienak 36 eta 60 urte artekoak.
 
Udalerriko eragile esanguratsuekin eztabaida taldeak sortzea
Herriko eragile desberdinak lau eztabaida taldetan banatu dira, adikzioen prebentzioan beraien pertzepzio eta iritzi orokorrak jasotzeko asmoarekin. Guztira 43 eragilek parte hartu dute.
 
Lau taldeetan hauek izan dira ikusi diren lehentasunez landu beharreko proposamenak:
 
1. Hezkuntza eremuko proposamenak:
Herriko eragile desberdinei adikzioen prebentzioan formatzea; Lehen Hezkuntzan teknologien erabilera eta heziketa emozionala lantzea eta Bigarren Hezkuntzan testigantzak txertatzea eta gaitasun sozioemozionalei garrantzia ematea; familiei zuzendutako formakuntza eskaintza sendotzea eta familia lan-taldeak sortzea.
 
2. Arlo komunitarioko proposamenak:
Prebentzio zerbitzuaren ikusgarritasuna handitzea; eragile desberdinen koordinazio lana eta aisialdirako alternatiba osasuntsuak sustatzea; ikerketako datuak herri mailan zabaltzea; arriskuak murrizketa sustatzeko programak bideratzea; kale hezitzaileen presentzia sendotzea; eta gazte lonjetan legediaren informazioa ematea eta ordenantzak betearaztea.
 
3. Osasun arloko proposamenak:
Osakidetzan haur eta nerabeen arreta psikologikoa/psikiatrikoa indartzea eta osasun eta zerbitzu sozialen arteko koordinazioa sendotzea.
 
Errealitatea aztertu ondoren plangintza honetan adostutako lehentasunezko ildo, helburu eta ekintzak landuko dira.