Arrasateko Debagoieneko Ospitalean aurkeztu zen “Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan” kanpaina, herritar euskaldunak euren lehentasunezko hizkuntza euskara aukeratzeko hautua egitera animatzen dituena; izan ere,  Osakidetzak aukera ematen die herritarrei lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko.

Lehentasunezko hizkuntza, zer da? Zertarako?

- Osakidetzak paziente guztien fitxa dauka, eta bertan jasotzen da, besteak beste, zein hizkuntzatan gura duzun arreta jaso.

- Euskara zure lehentasunezko hizkuntza izatea aukeratzen baduzu, artatuko zaituzten profesionalek zure izenaren ondoan  ikurra ikusiko dute, Osakidetzako langile eta zerbitzu euskaldunak identifikatzen dituena hain zuzen ere. Horrela, paziente euskaldunak identifikatzen laguntzen du.

- Ikurra ikustean, artatu behar zaituzten profesionalek jakingo dute zuk arreta euskaraz nahiago duzula, eta, aukera dagoen guztietan, arreta euskaraz eskainiko dizu Osakidetzak, zitak eta bestelakoak euskara hutsean jasoko dituzu…

Nola egin eskaria?

Hiru era daude aukeraketa egiteko:

- Osasun Zentroko harreran euskara lehentasunezko hizkuntza izatea nahi dela esanez.

- Zure familia-medikuari edo erizainari kontsultan adierazten.

- Zure Osasun Karpetan sartuta ere egin daiteke, Internet bidez.

Osakidetzak konpromisoa hartzen du lehentasunezko hizkuntzatzat euskara aukeratu duten paziente guztiei profesional euskalduna esleitzeko, ahal den neurrian.

Bergarako Udalak herritar euskaldunei deia luzatu nahi die eskaera bideratzeko