Lau urte dira dagoeneko Bergarako Udalak, Bedelkar elkartearekin eta beste profesional batzuekin lankidetzan, Bergara Bizi ekimena bultzatzen daramatzana. Asko izan dira orain arte egindako ekintzak, bai prestakuntza, sentsibilizazio zein dinamizazio mailan. Egindakoaren balorazioa oso ona da, baina hortik haratago Bergarako Udalak herriko merkataritza sektorearen garapen sozioekonomikoa gehiago sustatu nahi du.

Testuinguru horretan, Bergarako Udalak erabaki zuen, Bedelkarrekin hala adostuta, sektorearen garapen sozioekonomikoa indartzeko, Gipuzkoako Bazkundeari laguntza eskatzea. Hain zuzen ere, Bergarako merkataritza-negozioen lehiakortasuna hobetzeko eta balioesteko proiektua lantzea.

Proiektuarekin lortu nahi diren helburuak honako hauek dira: -Kontsumitzaileen ihesa eragoztea. -Dendetara egiten diren bisitak sustatzea. -Bedelkarren bazkide kopurua hazten jarraitzea.

Lan proposamena bi fasetan garatuko da: -1. Fasean, merkatariei beharrezko ezagutza eta tresnak emango zaizkie lau saiotan (guztira 14 ordu). -2. Fasean, jarduerak erabaki eta gauzatzeko aholkularitza eskainiko zaie. Prozesuan zehar, hiru eragileek jarraipen bilerak izango dituzte hamabostero.

Epeak: Proiektua irailaren 7an jarri da martxan eta sei hilabeteko iraupena izango du.

Zereginak: Gipuzkoako Bazkundeak diseinua, formazioa eta aholkularitza emango du. Bedelkarrek bazkideak informatu eta koordinatuko ditu. Bergarako Udalak proiektuaren jarraipena eta finantzazioa bermatuko ditu.

Aurrekontua: Bergarako Udalak Gipuzkoako Bazkundeari 27.000 euro + BEZ ordainduko dizkio. Gipuzkoako Bazkundeak ISO 9001:2008 ziurtagiriaren bermea duten kalite-prozesuen arabera egingo ditu aholkularitza zerbitzuak.