Udalak esleitu ditu bi enpresa Merkataritza Sustatzeko Plan Bereziarekin (gaztelaniazko PERCO) lotutako diagnostikoa egiteko eta planaren diseinua egiteko.

Plan hori kokatzen da Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren alde daukan planaren barruan. Hala, udalek aukera dute 7 urtetik behin merkataritza sektorea aztertzeko laguntza jasotzeko. Udalak 2003an eta 2011n egin zituen azterketa horiek, eta orain aproposa deritzo berri bat egitea.

Izan ere, Udalak kezka handia dauka merkataritza sektorea jasaten ari den aldaketa nabarmenekiko. Erosketa ohiturak asko aldatu dira, eta horren aurrean hurbileko merkataritza indartzea eta sendotzea nahi du.

Sektore horri lotuta Udala azken urteotan lanketa berezia egiten dabil. Horren bidean ezinbestekoa da hausnarketa sakona egitea; eta horren bidez sektorearen argazki orokor eguneratu eta zehaztasunekoa esku artean izatea. Hausnarketa ezarriko ditu landu beharreko bide eta jardunak. Eta gero, behin ekintza lerroak zehaztuta, Udalak aukera izango du beste dirulaguntza batzuk eskatzeko.

Horren baitan Udalak IKEI eta Datakey enpresei esleitu dizkie diagnostikoa eta plana diseinatzeko lanak. Lehenak 18.000 euro jasoko ditu; eta bigarrenak 11.000 euro (biak BEZ barne). Eta Eusko Jaurlaritzak 20.000 euroko laguntza emango dio Udalari.

Bi enpresak abendu bukaeran hasi ziren lanean eta hiru bat hilabete egingo dituzte lana bukatzeko.

Faseak

Lehen fasean Datakey enpresak Bergarako testuingurua aztertuko du eta fokoa jarriko du eskariaren analisian: erosketa fluxuak, erosketa ohiturak, horren balorazioa… Horretarako, bergararrei eta inguruko herritako hainbat bizilagunei telefono bidezko inkestak egingo dizkiete. Urtarrilaren 22an hasiko dira herritarrei galderak egiten.

Bigarren fasean, IKEI enpresak aztertuko du zer merkataritza mota dagoen Bergaran, zer zerbitzu eskaintzen duen merkatariei aurrez aurre egindako inkestekin. Horren ostean, landuko du diagnostikoa eta diseinatuko du Ekintza plana.

Urtarrilaren 22tik aurrera zabalduko den galdetegiak honako puntuak jasoko ditu:

-Erosketa ohiturak.

-On line erosketak eta sare sozialak.

-Udalerrian erosketa eta eskaintza esperientziaren balorazioa.

-Bergaran Bizi jardueren ekintzen ezagutza eta balorazioa.