Merkataritza jarduerei buruzko azken argibideak:

1. Zer merkataritza-lokal egon daitezke irekita?

Janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak barne, edari dendak, farmaziak, osasun-zerbitzuak beren osotasunean, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak. Horiez gain, txikizkako merkataritza-lokalak eta zerbitzuak ematekoak ere irekita egon daitezke, baina bi horiek deseskalatze-prozesuko 0 fasean ezarritakoaren arabera.

2. Jatetxeek eta janari prestatua saltzen duten establezimenduek lan egin dezakete?

Jatetxeek eta janari prestatua saltzen duten establezimenduek janaria etxeetara eraman ahal dute eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute janaria establezimenduen barruan kontsumitu.

3. Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?

Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko.

4. Nekazaritza- azokak eta -merkatuak?

Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizionalak (normalean astean behin egiten direnak) egin ahal dira, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun-neurri errespetatzea. Baina Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizional batzuk aldi baterako etenda geratuko dira, hain zuzen, jai-girokoak edo gizarte- eta aisialdi-izaera dutenak.

5. Denda-ibilgailuen bidez kalez kale saltzen ibiltzea.

Premia-premiazko produktuak kalez kale saldu ahal dira, baldin eta udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria baldin badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene- eta osasun-neurriak errespetatu beharko dira. Ordutegia mugatuta egongo da: 8:00etatik 15:00ak arte.

6. Ibilgailuen konponketetarako eta mantentze-lanetarako tailerrak?

Bai, konponketetarako eta mantentze-lanetarako, piezak saltzeko ere bai, beti ere aldez aurretik hitzordua eskatuta.

7. Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze-lanak egin ditzakete?

Bai.

8. Beilak, kultu-tokiak, eta hileta-zeremonia zibil eta erlijiosoak.

Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta-kultu erlijiosorik egin, ezta hileta-zeremonia zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo errausteko agurra egitea, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta-errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.

9. Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak.

Baldin eta jarduera profesionala bada, baimenduta daude.

10. Familiako baratzetan lan egin ahal da?

Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen. Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere. Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin. Lekualdatzea justifikatzeko baratzearen jabetza-dokumentua erakutsi ahal izango da.

11. Nekazaritzako elikagaien establezimenduak eta kooperatibak.

Ireki ahal dira, maila profesionalean zein partikularrean animalientzako elikagaiez eta nekazaritza-ekoizpenerako beharrezkoak diren produktuez hornitzeko helburuarekin.

12. Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea.

Ezin direla ireki ezarri da. Salbuespen gisa, turismo-ostatuak, ezinbesteko zerbitzu deklaratutakoak, zenbait kasutan irekitzea baimentzen da.

13. Eraikinetako lanak.

Eraikinetan obrak egin ahal dira, baldin eta obrako lanekin erlazionatuta ez dauden pertsonekin interferentziarik eragiten ez badute. Obrak egin ahal dira lokaletan, etxebizitzetan edo inor bizi ez den eraikineko eremu mugatuetan, obrek irauten duten bitartean han bizi direnak sartu ezin diren eremuetan eta beti ere baldintza hauekin: Sektorizatu gabeko eremu komunetatik langileak eta materialak zirkulatzea mugatuta egon behar da eta eraikineko auzokideekin harremanetan ez egoteko hartu beharreko neurriak hartu behar dira. Lokal, etxebizitza edo eremu horietara sartuko dira lanaldiaren hasieran eta horietatik aterako dira lanaldiaren amaieran.