Herritarrei eta herriko beharrei hobeto erantzuteko etengabeko hobekuntza prozesu batean buru-belarri dabil Udala.

Bide horretan antolaketaren inguruan aurrera eramaten diharduen prozesuan pauso garrantzitsua eman du Udalak aste honetan. Lanketa luze baten ostean, eta aholkularitza enpresa baten laguntzarekin, buelta handia eman dio udal batzordeen osaketa eta funtzionamenduari.  

Testuingurua  

Trantsizioaren ostean Udalen antolaketa demokratikoak momentuko beharrei erantzuteko forma eta dimentsioak hartu zituzten. Behar berriak sortu edo identifikatu ahala, eskumenak bereganatu eta aurretik zeukaten antolaketan txertatu dituzte udalek geroztik, sail edo departamendu propioak sortuz.  

Antolaketa behin eta berriz behar berrietara egokitu da, baina sailen funtzionamendua komeni baino estankoagoa izan da. Egoera honek udaletan koordinazio falta eta eraginkortasunean gabeziak sortu ditu askotan. 

Hori horrela, beharrezkoa ikusi da udal antolaketan eragin eta funtzionamendua egungo beharretara moldatzea. Behar hori identifikatuta, eta beste herri batzuetan eman diren antzerako prozesuak eredutzat hartu eta aholkularitza baten gidaritzapean, ordezkari politiko eta udal teknikari talde batek egindako prozesu luze baten ondoren iritsi gara gaur aurkezten dugun antolaketa berri honetara. Aurreko legegintzaldian hasi zen prozesu hau Bergararren Arreta Zerbitzuaren sorrera eta aholkularitza enpresaren kontratazioarekin, eta legegintzaldi honetan egindako lanari jarraipena eman eta eraldaketa martxan jarri dugu. Garbi daukagu gizartean etengabeko aldaketak ematen direla, eta horiek guztiei erantzun ahal izateko etengabeko hobekuntza batean murgilduta dago Udala ere. Orain martxan jarri dugun antolaketa eman beharreko aldaketen hasiera baino ez da. Udalaren funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko pauso garrantzitsua, baina dudarik gabe jarraipena eman eta hobekuntzak egiteko aukera irekita uzten duena.

Horretarako behar-beharrezko izango dira udal agente guztiak: gobernua, gainontzeko talde politikoak, teknikariak.

Helburua

Udaleko batzorde informatzaileen funtzionamenduan eta eraginkortasunean eragin, departamendu ezberdinen arteko koordinazioa erraztu, planifikazioa hobetu eta herritarrei erantzuna egokitu eta azkartzea da helburua.

Horretarako lan-esparru guztiak hiru eremu edo multzo handitan antolatu eta departamenduetako lan dinamikak eraldatu eta sistematizatu dira, prozedurak azkartuz.  Udal egitura politiko-teknikoan aldaketak eginda koordinazio esparruak sortu dira eta batzordeak berrantolatu dira hauetako lan egiteko modua ere goitik behera aldatuz. Alkateak, Batzorde informatzaileak, tokiko gobernu batzordeak eta udalbatzak osatzen dute derrigorrezko egitura politikoa.

Aldaketa nabarmena batzorde informatzaileetan eman da, hauek 14 izatetik 3 izatera pasa dira. Ondorengoak dira 3 batzorde berriak, hileroko maiztasunarekin egingo direnak:

-Lurralde arloko batzorde informatzailea.

-Herritarren arloko batzorde informatzailea.

-Antolakuntza arloko batzorde informatzailea.

Bestetik, koordinazio tekniko-politikorako taldeak sortu dira, aurrez hartutako erabakien ejekuzioa kudeatu, jarraipena egin eta planifikazioa lantzeko erabiliko direnak; udal teknikari eta gobernuko kideek parte hartuko dute bertan. Koordinazio talde hauek 4 izango dira: Eremu bakoitzeko bat (Lurralde, Herritarrak, Antolakuntza) eremuko barne koordinazioa bermatzeko, eta hauen arteko koordinazio orokorra bideratuko duen Koordinazio taldea.  

Egitura politikoa                                                       Egitura politiko-teknikoa

º Alkatea                                                                     º Koordinazio taldea

º Udalbatza                                                                 º Arlokako koordinazio taldeak

º Tokiko Gobernu batzarra                                          º Bozeramaile mahaia

º Esparruko batzorde informatzaileak

                                 

Antolaketa berri honetan Udal partaidetza organoei garrantzia berezia eman nahi zaie, gaur egun martxan daudenen presentzia bermatu eta beharren arabera berriak sortuz. Udal antolaketa arintzearekin bat herritarren partaidetza Udalaren egunerokoan txertatzea da beste helburuetako bat eta.

Batzorde informatzaileen funtzionamenduari dagokionez ere aldaketak handiak dira. Batetik, prozedurak berdefinitu dira, aurretik batzordetik pasatu behar izaten zuten hainbat erabaki sistematizatu eta azkartu dira, ondorioz batzordeak asko arinduz. 

Orain arte ez bezala lanketarako dokumentuak aurrez bidaliko zaizkie batzordekideei, baita hurrengo asteetan lantzeko aukera egon daitekeen gaien berri eman ere, guztion ekarpenak jasotzeko aukerak handituz.

Bestetik, eremu bakoitzeko kudeaketa txosten bat landu da, eremuko adierazleak jasoz eta informazio baliotsua lortuz, bai gobernu jardunerako, baita gobernuaren jardunaren jarraipena eta kontrola errazteko ere.

Txosten hauek antolaketa berria egonkortuz doan heinean publiko egitea da asmoa, udal-jardunaren ebaluazio tresna bat herritar guztien esku jarriz hilero.

Batzorde berriek barnebiltzen dituzten sail edo lan-arloak ondorengoak dira eta ondorengo printzipiotan oinarritzen da antolaketaren funtsa: Bergara LURRALDE konkretu baten inguruan ANTOLATZEN garen HERRITAR taldeak osatzen dugu.

Hiru zutabe hauei erantzuten die antolaketa berriak: 

ANTOLAKUNTZA

Antolakuntza batzordeak udal barneko kudeaketari erantzungo dio orokorrean, antolaketa administratiboari. 

Batzordeko lehendakaria: Ainhoa Lete

● Idazkaritza orokorra

● Giza baliabideak

● Artxiboa

● Informatika

● Ogasuna

● BAZ.

 

LURRALDEA 

Bergarako eremu fisikoa eta ingurua eta hauen antolamendua izango da eremu honen lan esparrua.

Batzordeko lehendakaria: Juan Luis Gonzalez

● Hirigintza

● Obra eta zerbitzuak

● Ingurumena

● Udaltzaingoa

● Auzoak

 

HERRITARRAK

Bergararrarei begirako ekintza eta lanketari erantzungo dien lan esparruak batuko ditu eremu honek.

Batzordeko lehendakaria: Ekaitz Aranberri

● Gizarte Zerbitzuak

● Berdintasuna

● Sustapen ekonomikoa

● Kultura

● Liburutegia

● Laboratorium

● Euskara

● Parte-hartzea

● Hezkuntza

● Gazteria

● Kirola