25.119.000 euroko aurrekontua izango du Bergarako Udalak 2021ean. Kopurua aurreko urtekoaren oso antzekoa da, baldintza zailekin ere lortu da, hortaz, egoerari erantzuteko adinako aurrekontua osatzea. Urtarrilaren 25ean egindako udalbatzaren osoko bilkuran onartu da aurrekontua aldeko 9 botoekin (EH Bildu) eta EAJ-PNVren (6 bozka) eta PSEren (boto 1) abstentzioekin. 

Udal Gobernuak lehenago esan izan duen moduan, sustapen ekonomikoan eta gizarte zerbitzuetan indar berezia jarri da, osasun egoerak eragin dituen kalteak arintze aldera. Baina ez hori bakarrik, bergararren bizi baldintzak hobetzera ere bideratu da aurrekontua, hala nola auzoetan edo urbanizazioetan lanak eginez. Herritarren osasun fisikoa eta emozionala ahaztu gabe, kirolean eta kulturan inbertsioak mantendu edo handitu dira, herri bizia izan dadin, beharrezkoa baita herritar osasuntsuak izatea. Eta etorkizunean pentsatuz ere egin dira proposamenak: eraldaketa soziala bultzatuz, energia berriztagarriak erabiltzeko apustua eginez...

Foru fondotik aurten, iaz baino 1.600.000 euro gutxiago jasoko da. 

Bestetik, 2020an eskatutako 1.000.000 euroko mailegua txertatu da 2021eko aurrekontuan eta horregatik da aurrekontua abenduan egindako aurreikuspenean baino handiagoa. 2021eko aurrekontuan sar zedin ahalegina egin du Udal Gobernuak azken unera arte. Foru Aldundiaren baiezkoa jaso ondoren, azken astean, hainbat hobekuntza egin ahal izan dira orain aurkezten den aurrekontuan. Honek ahalbidetu du ekintza gehiago sartu ahal izatea, eta ondorioz, bergararrentzat aurrekontu hobea egitea. 

Gorako administrazioetara ere bideratu ditu eskaerak Bergarako Udalak eta hauengandik eratorritako laguntzei esker hainbat proiektu gauzatzea espero du. Eusko Jaurlaritzari: Ikastetxeen erreformak egiteko (Martinez de Iralan karpa jartzeko) eta Erein.

Aurretik esan izan den moduan, aurrekontuak dinamikoak izango dira. Azken urtean bizitzen ari garen osasun pandemiak ondo erakutsi digu lehentasunak eta beharrak aldatu egiten direla. Hori aurreikusiz, adibidez, San Martzial arteko jaietako dirua partida global batera eraman da. Modu honetan, jaiak ospatzeko baldintza egokiak egon ezean, aukera egongo da diru hori beste behar batzuetara bideratzeko.

Gobernantza eredu argia du Bergarako Udal Gobernuak eta elkarlanean sinisten du. Aurrekontu proiektua ekarpenak egin zitzaten partekatu zuen oposizioko alderdiekin eta bergararrentzat ahalik eta aurrekonturik onena egitea helburu duenez, egindako ekarpenetako batzuk onartu eta proiektuan txertatu ditu, batzuk jaso bezala eta beste batzuk moldatuta. 

EAJ-PNVk egindako ekarpenetatik hauek txertatu dira: 

Jaiotze-tasa handitzeko azterketa egiteko: 10.000€; hileta zibiletarako gunea sortzeko azterketa egiteko: 10.000€ eta pleno aretoa horretarako egokitzea; Martokoren berrurbanizaziorako: 250.000€; enplegu garapenaren transferentziaren partida handitu: 44.000€; Arrizuriagan 50.000€ gehitu.

PSEk egindako ekarpenetatik, berriz, hauek gehitu dira: 

Turismoan 10.000€ko partida handitzea; fatxadak berritzeko 40.000 euroko partida; euskal kultura erosteko partida berria sortu: 10.000€; liburuak erosi partida: 6.000€; eskola materiala erosteko (herrian): 10.000€; amiantoa kentzeko lanetarako: 30.000€.

Proiektu aipagarriak arloz arlo: 

KULTURA

Sorkuntza beka: 5.000

Udalbiltza, Geuretik sortua: 20.000

Euskal kultura erosteko partida berria sortu: 10.000

Kultur ekintzetan 80.000 euro gehiago.

Jaiak: mantendu egin da. San Martzial arteko jaietako dirua partida global batera eraman da, ospatu ahal baldin bada hortik ordaintzeko eta ez badira baldintzak betetzen beste behar batzuetara bideratzeko.

 

KIROLA

Agorrosin futbol zelai gunea: 250.000

Udal pilotalekuko aldagelak berriztu: 87.000

Labegaraieta kiroldegi berritua zabaldu, rokodromoa hornitu eta antzerakoak: 80.000

Ume eta gazteentzat kirolgunea (skatepark): 60.000

 

LABORATORIUM

Eraldaketa sozialerako diru-laguntzak: 40.000

Jardueretarako partida mantendu: 80.000


BERDINTASUNA

Emakume etxearen prozesua: 15.000

Berdintasun plana: 15.000

Formazioa: 18.000

Berdintasun teknikaria udal langile bihurtuko da eta jardun erditik jardun osora pasatu.


TURISMOA

Olaso dorrea fundazioarekin hitzarmena bisita gidatuak egiteko: 20.000

Ekintza plana 2020ko aurrekontutatik egingo da baina hortik ateratako ekintzetarako 40.000 euro.


ONDAREA

San Pedroko organoaren errekuperazioa: 40.000


SUSTAPEN EKONOMIKOA

495.000 euro ziren 2020ko aurrekontuetan eta 590.000ra igo da 2021ean.

Inbertsioetatik sustapenera: 70.000

Enplegu garapena: 291.000

Azokako parte-hartze prozesutik eratorritako ekintzetarako: 20.000


GIZARTE ZERBITZUAK

2.153.000tik 2.394.000 eurora igo da.

San Joxepeko eguneko zentroko erabilera berria: 100.000

Premia berezietarako: 65.000

Etxeak alokairura ateratzeko programa: 50.000 (azterketa 15.000 eta programa 35.000)


LURRALDEA

Urbanizazioak: 1.000.000 (Zubieta eta Martoko)

Bidegorriak (herri barruko sarea): 100.000

Auzoak birgaitzeko proiektuak 60.000

Osintxu biziberritzeko 30.000

Energia plana: 15.000

Energia berriztagarrietarako: 50.000

Arrizuriaga eraikina egonkortu: 300.000

Arrizuriagako kultur proiektua idatzi: 50.000


HEZKUNTZA ETA GAZTERIA

Gazteen foroa sortu: 3.000

Martinez de Iralan karpa: 200.000

Hezkuntza mahaia sortu eta hortik datozen ekintzak: 15.000

 

EUSKARA

Euskararen erabilera lan munduan sustatzeko proiektua: 6.000

Haur eta gazteen eskolaz kanpoko mundua euskararen arnasgune izateko proiektua: 5.000

 

MEMORIA

Gerra eta gerra ondoko txostena: 25.000

Euskararen historia soziala Bergaran: 5.000