Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira hitzarmena sinatu dute; batetik Olaso Dorrea ezagutarazteko bisita gidatua antolatuz, eta bestetik Monzon-Ganuza Saria sortuz. Lehen saria Libe Goñi Garate andereñoari emango zaio, martxoaren 9an, Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean, Bergarako Seminarixoan egingo den ekitaldian.

Bisita gidatuen helburua da Monzonen ondarea ezagutzera ematea, dorretxea bergararrei eta bisitariei irekiz, eta horrela, Telesforo Monzonen nahiari erantzunez.
“Bergarako Udalak turismoa eta kultura herrian bultzatzeko duen asmoarekin bat egiten duen egitasmoa da hau, herri honek duen ondarea ahal den heinean erakusgai jarriz eta bisitatzeko aukera eskainiz”, Gorka Artola Alberdi alkateak azaldu duenez.

Ondorioz, bi aldeen artean adostu da Laboratorium museoa ikusteko aukerarekin batera Olaso Dorretxean bisita gidatua ere egiteko aukera ematea. Bisitak udalaren kanal turistiko eta kulturalen parte izango dira. Martxoaren 13tik aurrera egingo dira bisitak. Lau euro ordaindu beharko dira eta bertan parte hartu nahi dutenek Laboratorium Museoan egin beharko dute eskaera.

Hilean hiru bisita eskainiko dira, 2 euskaraz eta 1 gaztelaniaz, ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute eta taldeak gehienez 12 pertsonakoak izango dira.
“Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, Teleseforo Monzonek eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria jarri dugu abian Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak”, Iratxe Esnaola Arribillagak, Olaso fundazioaren lehendakariak azaldu duenez.

Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira.

Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren bizitza, Euskal Herriari, euskarari eta euskal kulturari eskainitako bizitza da. 1927 urtean, gazte zelarik, abertzaletu zen Telesforo Monzon, eta segidan euskara ikasi zuen; ordutik aurrera euskara eta euskal kulturaren sustapena bere jardunaren ardatz izango dira; eta ezingo da ulertu bere jardun politikoa hauetatik aparte.

Saria erabakitzeko unean, kontuan izango dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola, herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edo eta batasunaren balioa.

Saria, Martxoaren 9an Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean eskainiko da, arratsaldeko 18.30ean, Bergarako Seminarixoan.

Aurtengo Saria Libe Goñi Garateri eskainiko diogu. Nafarroako Oteitzan jaioa eta Lazkaon hazitakoa, XX mendeko bigarren erdialdeko hasierako ikastolako andereño mugimenduko kide izan zen, Donostian eta Andoainen aritu zen errepresioak bultzatuta 1969an Iparraldera ihes egin arte. Bertan Iparraldeko lehen ikastola andereñoa izango. Lehenik Baionan 5 haurrekin, gero Arrangoitzen.. bere bizia euskara, euskal hezkuntza eta kulturari eskainiko dio.
Nafarroan jaiotako euskalduna, Gipuzkoan hazitakoa eta bizitza Iparraldean igarotakoa euskara eta euskal kultura sustatuz...pertsona ezin aproposagoa da lehen Monzon-Ganuza saria jasotzeko.

Euskal Artegileak sustatzeko saria ere bada Monzon-Ganuza saria. Saria sinbolikoa izango da: Telesforo Monzon zein Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat. Saria euskal artista berriak sustatzeko erabiliko da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria ematea eta horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako eta euskal kulturgintza auspotzeko ekimen bihurtuko da. Artista 3.500 eurokin diru lagunduko da. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi dugu.

Olaso Dorrea Fundazioak Monzonen heriotzaren 40 urteurrenenean webgunea jarri du martxan guzti honen, eta dorrearen zein bere jardunaren, berri emateko.