Bergarako Udalak Bergara 2030 egin herrixa plan estrategikoa martxan jarri du 2030eko Bergara herritarron artean nolakoa izatea nahi dugun adosteko. “Eman diogun izenak berak adierazten du bere izaera. Denon artean etorkizuneko herria diseinatuko dugu eta prozesu parte-hartzailearen bitartez herria, komunitatea egingo dugu” esan du Gorka Artola alkateak. 

Herri osoari begirako plana da hau. Orain dela egun batzuk legealdirako aurkeztutako Bergara izan, bizi ekin planarekin elkar osatu egingo dena. 

Nazio Batuen Erakundeak adostutako 2030 Agendari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei egokituko zaio. “Hau da, garapen iraunkorra (jasangarria) ikuspegi integral batetik ulertzen dugu Bergaran ere: Ingurumenaren zaintza, garapen ekonomiko orekatua, garapen soziala (gizarte ongizatea), garapen kulturala eta gobernantza (herritarrekin batera garapen iraunkorraren aldeko politikak bultzatzea)”, alkatearen hitzetan. 

Bergarako 2030 Agenda honen osaketa prozesuaren helburu orokorra herritarren parte-hartzearekin udalerriko errealitate desberdinen diagnostiko konpartitu bat egitea da, udal-kudeaketa Garapen Jasangarrirako Helburuekin uztartzeko hausnarketa bultzatzea, parte-hartzearen, elkarlanaren eta adostasunaren bidetik gaurko eta biharko beharrei modu eraginkorren erantzungo dien proiektuak definitzea eta hauen gauzatze-mailaren jarraipena egitea. 

Izadi 21 enpresa ari da lanketa teknikoki bideratzen. Bertako kide den Aitor Gonzalezek azaldu du, “Bergarako egoeraren diagnostikoa egin ostean, Tokiko 2030 Agenda Ekintza-plan batean gauzatuko da, bertan jasota geratuko dira udalerri mailan landuko diren Garapen Jasangarrirako Helburuak, horien alde lan egiteko hartutako konpromisoak eta programatutako ekintzak. Prozesu osoan zehar ezinbestekoa izango da bai udal-egituraren parte diren eragileen zein gizarte-eragileen parte-hartzea”. Proiektua fase desberdinetan garatuko da. 

Oinarri edo printzipio batzuk ditu Bergara 2030 egin herrixa plan-estrategikoak, honelakoek izaten dituzten moduan, Nagore Iñurrategi zinegotziak azaldu duenez. Parte-hartzea eta adostasuna; zeharkakotasuna; informazioa eta gardentasuna; berdintasuna eta giza-eskubideak.

“Era berean, gizartea osatzen duten pertsonen eskubideak bermatu behar dira, bereziki gisa honetako proiektu batean, herritarra, edonolako jatorria izanik ere, partaidetzarako, ezagutzarako, informazioa jasotzeko zein proiektuaren unean uneko egoera zein den jakitea ahalbidetuz”, Iñurrategiren hitzetan.

Ekaitz Aranberri zinegotziaren hitzetan, “herritarren partaidetzarekin gauzatuko da prozesua, horretarako, une, gune eta formula ezberdinak erabiliz. Elkarrekin diseinatu nahi baitugu etorkizuneko Bergara”. Otsailean eta martxoan elkarrizketak egingo dira udalerriko talde eta sektore ezberdinekin. 12 talde elkarrizketa gauzatu dira. 

Apirilean eta maiatzean, berriz,: Gaikako mahaiak egingo dira. Lau mahai sortuko dira eta bakoitzarekin bi saio egingo dira. 

Apirila eta ekaina bitartean herri-bilerak egingo dira, beti ere osasun egoerak horretarako aukera ematen badu. 

Plan estrategikoarekin batera, metodologia berarekin, modu paraleloan eta koordinatuta, baserritarren azokaren inguruko hausnarketa prozesua egingo da. 

Bergarako Udalak eta Debagaraia Landa Garapen Elkarteak partaidetza-prozesu bat martxan jarri dute baserritarren azokari buruz hausnarketa konpartitua egiteko. Egitasmo hau Landaola Elkarteak (Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioa), Elika Fundazioaren bidez (Eusko Jaurlaritza) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sustatutako “Gipuzkoako azoken sarea” proiektuaren baitan kokatzen da. 

“Gipuzkoako azoken sarea” proiektua Gipuzkoako 16 udalerritan eramango da aurrera eta tokian tokiko egingo den hausnarketatik abiatuz eta lurralde ikuspegia txertatuz, baserritar azokak balioan jartzea eta Gipuzkoa mailako sare bat sortzea ditu helburu.

Momentu honetan diagnostiko fasea gauzatzen ari da eta behin diagnostikoa gauzatuta ekintza planari ekingo zaio. Ondoren, ekaina baino lehen prozesuaren emaitzak jasoko dituen dokumentua izatea aurreikusten da.

Mari Karmen Iturbe Debagoieneko Landa Garapeneko teknikariak nabarmendu du, “bai baserritar, bai kontsumitzaile aldetik errelebo falta bat dago, etorkizuneko erronka nagusia hor daukagu, kontsumitzaileak zer esan badu eta hori jaso nahi dugu, kontsumitzaile berriak nola erakarri azokara, hor duzue martxan jarri dugun galdetegia, animatzen zaituztegu prozesuan parte hartzera”.