Laboratorium Museoan aurkeztu du Bergarako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu duen egitaraua. Gaur zabaldu den Emakunderen '30 emakume ahaztezin' erakusketa da lehen ekimena. Gorka Artola alkatearekin, Ainhoa Lete alkate ordea eta berdintasun zinegotziarekin eta Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkinekin batera egon da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria aipatu erakusketa aurkezten.

Landaidari egin dion ongi etorrian Artola alkateak balioa eman nahi izan dio “gure bizitzako emakume ahaztezin guzti horiek egunerokoan egiten duten lan ikusgaitzari”.

Aldi baterako erakusketa izango da Laboratoriumen, gaurtik maiatzaren 30era egongo da bertan. Errazkinek nabarmendu du “akuarelen erakusketa bat baino gehiago da hau. Laboratorium Museoaren izatearekin bat egiten du, izan ere, hau ez da museo soila, jasangarritasuna eta berritasuna oinarri, garapen eragile izatea baitu helburu. Eta ildo horretan, gure historian ekarpen esanguratsuak egin dituzten emakumeak ikusgarri egite horretan eragile izan nahi dugu”. Testuinguru horretan kokatu du, halaber, maiatza bitarteko tarte honetan gai hau lantzeko ikastetxeekin egingo den lanketa.

Erakusketa honen jatorria liburu batean dago Landaidak azaldu duenez. “Emakundek 30 urte bete zituenean, zerbait berezi egin nahi izan genuen eta pentsatu genuen gure herriko 30 emakumeren oroimena berreskuratzea eta liburu batean jasotzea. Horretarako Elena Ciordia artistak 30 akuarela egin zituen.”

Liburuan jasotako akuarelekin egin dute erakusketa. Erakusketa honen asmoa ibiltaria izatea da, eta erkidegoko hiru hiriburuetatik behintzat igarotzea, nahiz eta oraindik datak ez dauden zehaztuta, Landaiadak esan duenez.
Akuareletan agertzen diren emakumeak askotarikoak dira, zientzialariak, musikariak, margolariak, bertsolariak, politikariak, idazleak, argazkilariak, irakasleak, kirolariak…. Gure herriko historiari ekarpen garrantzitsuak egin dizkioten emakumeak dira, “baina gure asmoa ez da izan eremu publikoan bakarrik nabarmendu diren emakumeak omentzea. Guk erakusketa honekin 30 emakume hauen lana goraipatzeaz gain, nabarmendu nahi dugu eta omenaldi bat egin nahi diegu hain publikoak eta hain ikusgarriak izan ez diren beste lanetan ibili diren emakume guztiak. Gure gizarterako guztiz beharrezkoak eta funtsezkoak diren lanak egin dituztelako eta ez dutelako jaso merezi zuten aitortza publikoa”, esan du Emakundeko zuzendariak.

Beste hainbat emakumeren izenak jasotzeko proposamena ere egiten da erakusketan. Panel bat dago bisitariek beste hainbat emakume ahaztezinen izenak, argazkiak, istorioak ekarri ditzaten. Ez bakarrik erakusketara, sare sozialen bitartez ere egingo da izenen jasotze hori #emakumeahaztezinak #mujeresinolvidables traolaren bitartez.

Erakusketa hau abiapuntua izan da, baina beste hainbat ekimen antolatu ditu Bergarako Udalak.

Bihar bertan Bergarako emakume artisten erakusketa zabalduko da Aroztegin. "Edertasuna emakumearen bi ikuspuntuetatik" da aurtengo izenburua. Edertasuna, askotan gure erabakia eta beste askotan emakume guztiei dagokien inposizioa da, eta hau lantzea nahi genuen. Aroztegi aretoa bi zatitan banatu dugu. Bi ikuspuntu: batetik zuria, guretzat ederra dena eta beste batetik larrosa, mundu zapaltzaileak inposatutako emakumearen edertasuna.

Aurten 23 emakumek hartuko dute parte:
Maite Azkargorta, Idoia Etxarri, Jone Albeniz, Usoa Mendikute, Lierni Narbaiza, Justina Elexpuru, Julia Pajares, Mari Karmen Laskurain, Alicia García, Maitena Arana, Fani, Nerea Kerejeta, Nerea Agirrezabal, Leire Etxeberria, Igaratza Goikoetxea, Selena Lizarzaburu, Mari Paz Alustiza, Maialen Lopez, Marilu Unzurrunzaga, Arantzazu Arregi, Itziar Murgizu, Ana Abajo, Jone Telleria eta Lucero Celeste.
Ainhoa Lete berdintasun zinegotziak aurtengo martxoaren 8a osasun testuinguru berezian igaroko dela eta, horrelako egunak egitearen garrantzia nabarmendu du; izan ere, pandemia betean bereziki geratu da nabarmen arrakala soziala, generoen artekoa eta emakume askoren egoera prekarioa are gehiago okertu dela.

Berdintasunarena zehar lerroa eta martxoaren 8atik harago landu beharrekoa dela nabarmendu du Letek. “Adin guztietako herritarrengan eragitea da helburua, baina bereziki inportantea iruditzen zaigu heziketa haur-gazteekin egitea. Etorkizuneko herri feminista sortu dezaten, pertsonen arteko berdintasuna oinarri izango duena. Horretarako, lehen aipatu bezala, erakusketa honen testuinguruan ikastetxeekin ere lanketa egingo da”.

Berdintasun sailetik harago dagoen gaia da hau, eta horregatik, martxoko egitaraua osatzerakoan parte hartu dute beste arloek ere. Zinea, antzerkia, kontzertua, erakusketak... antolatu dira.

“Herriko eragileek egiten dute lana balioan jarri nahiko genuke. Ildo horretan, Bergara bizi taldeak deialdia egin die herriko denda eta tabernariei apainketa berezia egin dezaten, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginda. Amaitzeko, mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak”, esan du Letek.

EGITARAUA:

Seminarixoan:
Martxoaren 5ean eta 7an, 18:30ean eta 8an, 19:00etan 'Marie Curie'.
Martxoaren 6an, 19:00etan. Antzerkia: 'Yo nunca'.
Martxoaren 10ean, 18:30ean. Zinekluba: 'Never Rarely Sometimes Always'.
Martxoaren 12an, 19:00etan. Kontzertua: 'The Mood Rings'.

Martxoaren 8an, 12:00etan: Duintasuna taldearen kontzentrazioa Udaletxe aurrean.

Emakumeek egindako lanak ikusarazteko erakusketak:
Laboratorimen. Martxoaren 4tik maiatzaren 30era. '30 emakume ahaztezin'
Aroztegin. Martxoaren 5etik 21era. Herriko emakume artistak: Edertasuna emakumearen bi ikuspuntuetatik.

Eranskinak: