Bergarako Udalak 'Bergara 2030 egin herrixa' plan estrategikoa diseinatzeko prozesua martxan jarri du, 2030eko Bergara herritarron artean nolakoa izatea nahi dugun adosteko. Etorkizuneko planak herritarron bizi-kalitatean eragingo duenez, ikuspegi integrala izango du: Ingurumenaren zaintza, garapen ekonomiko orekatua, garapen soziala (gizarte ongizatea), garapen kulturala eta Gobernantza (herritarrekin batera garapen jasangarriaren aldeko politikak bultzatzea).

Plana diseinatu aurretik, Bergarako udalerriaren errealitatea islatzen duen diagnostikoa idatzi da. Horretarako informazioa bide eta molde desberdinak erabiliz jaso da: hainbat eragilerekin elkartu, galdetegiak egin, udal barruko plangintza desberdinak aztertu dira... Seminarixoan egin da diagnostikoaren jendaurreko aurkezpena apirilaren 15ean.

Ekaitz Aranberri, Herritarrak arloko lehendakariaren ustez, “oinarri sendoa jarri da diagnostiko hau eginez 2030eko Bergara, elkarlanean, diseinatzen hasteko”. Udala, herriko eragile eta herritarren artean egiteko lana dela nabarmendu du Aranberrik, “etorkizuneko gure herriaren diseinua berau osatzen dugunon artean partekatutakoa izan behar da. Tempus politikoetatik haragokoa behar du izan, epe luzerako proiektuak behar bezala gauza daitezen, bidean hausturarik eman gabe legealdi aldaketetan. Guztion proiektua izatea nahi dugu eta herritarrak eta eragile sozial eta politikoak gonbidatu nahi ditugu plan estrategiko honetan parte hartzera”. 

Hainbat arlo aztertu dira diagnostikoa egiteko Izadi 21 aholkularitzaren gidaritzapean. 

Bergarako udalerriaren luze-zabalera 77,10 km² izanik, Gipuzkoako udalerririk handienetarikoa da eta bere kokagunea estrategikoa da. Hiria asko hazi da azken hamarkadetan, industriaren eraginez batik bat; hedapen honetarako ibai arroak eta bailararen zabalgune urriak aprobetxatu dira.

Mugikortasuna eta irisgarritasunari dagokionez, Udalak Mugikortasun diagnostikoa osatu zuen 2019an eta Mugikortasun Plana egiteko lanean dabil Udala. Kanpoko mugikortasun globalean, %70 garraio motordun pribatuan egiten da eta garraio publikoa herritarren %25 inguruk erabiltzen du. Barneko lekualdatzeen % 66 ibilgailu pribatuz egiten da eta bizikletaren erabilera txikia da Bergaran.

Hondakinen gaian, Bergarako birziklapen tasa %81´2ra iritsi zen 2019an. 2014 urtean gorakada nabarmena izan zuen gaika bildutako hondakin-kopuruak, batez ere bio-hondakinen gaikako bilketari esker (etxeko hondakin organikoak). Bio-hondakinen konpostaje-programan Bergarako 605 familia ari dira parte hartzen.

Ingurumen-kalitateari dagokionez, Udalak 2020ko udan airearen kalitatea neurtzeko sistema bat ezarri zuen.Udalaren asmoa da neurketa-tresnen sare bat sortzea udalerri mailan, auzo eta gune zehatzen neurketak egin ahal izateko.

    Biztanleria eta gizarte ongizatea aztertuz, piramideak erakusten du zahartze maila handia dela.

    Errenta jasotzerako orduan, genero arteko arrakala nabarmena da, izan ere, oraindik emakumezkoen errentak gizonezkoen errentarekiko 11.000€ko aldea izaten jarraitzen du.

    Bestetik, 50 urte baino gehiagoko familia etxebizitza-kopuruak pixkanaka gorantz egin du, 2001– 2019 bitartean %13 haziz, harik eta %44ra iritsi arte. 

      Garapen ekonomikoan, Bergaran industriaren sektoreak zerbitzuen sektorearekin batera duen eragina azpimarragarria da; izan ere, Bergarako Balio Erantsi Gordinaren %47 hartzen du. 

      Gaur egun merkatuan garrantzi handia duten makina-erreminta eta estanpazioko enpresak ditugu Bergaran. Lanbide heziketako zentroek ekarpen handia egiten diote bertako industriari.

      Bestetik, lehen sektoreak pisu txikia du Bergarako ekonomian, orokorrean. Azken urteetan gainera lehen sektorearen pisua gainbehera joan da. 

        Bergaran hezkuntza-eskaintza egokia dago, Haur-hezkuntzatik hasi eta Batxilergoa amaitu artekoa, baita Erdi- eta Goi-mailako Lanbide Heziketa Zikloak ere. Unibertsitate-ikasketei dagokionez, Bergaran UNED dago.

          Euskarari dagokionez, udalerrian, euskaldunen kopuruak gora egin du 2006 urtetik 2016 urtera (%3´5), baina erdaldunen kopuruak ere bai (%16´2). Bergarako biztanleen %39ak bakarrik egiten du euskaraz etxean,biztanleen heren bat inguruk, hain zuzen. Herritarren ia %70a euskalduna dela kontuan izanik, zer hobetua badagoela esan daiteke.

             

            2030 urtera begirako plan estrategiko jasangarriaren diseinua

            Diagnostikoari eta baita herritarren sektore ezberdinekin antolatutako elkarrizketa-saioei esker, Bergararen lehentasunezko jarduera-arloak antzeman ahal izan ditu Udalak. Horietatik abiatuz, hurrengo urteetako udal-politikak zuzenduko dituen plana lantzeari ekingo dio eta bide horretan ere udal eragileek zein herritarrek parte hartzeko saioak antolatuko ditu. Herritarrekin bi bilera ireki egingo dira, aurrerago zehaztuko diren datetan. 

             

            EKITALDIA HEMEN IKUS DAITEKE