Uztailaren 19an batu da udalbatza ohiko osoko bilkuran. Landutako gaien artean hainbat eragilerekin gauzatuko den Bergarako herri proiektua eta eraldaketa soziala lantzeko hitzarmena onartu da. EH Bilduren aldeko bozkekin (8) eta EAJ-PNV (6) eta PSE-EEren abstentzioarekin. 

Hitzarmenak honela kokatzen du proiektua: “Covid-19ak baldintzatu eta zeharkatutako azken urte honetan Bergarako herrian hainbat prozesu jarri dira martxan egoerari herri ekimenetik erantzuteko. Zaintza sareaz gain, kultur mahaia, tokiko ekonomia, lehen sektorea eta elikadura burujabetza sustatzeko dinamikak eta herri hezitzailea moduko prozesuak aktibatu dira Udalarekin nahiz D2030 ekimenarekin elkarlanean. Beharrak eraginda eta testuinguruak baldintzatuta hainbat prozesu txiki ez-egituratu martxan jarri dira eta indar, elkarlan eta ekintza sozial hori baliatu nahi ditugu modu iraunkor batean komunitateko eragileen arteko koordinazioa aktibatu eta gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin Bergarak zein eskualdeak dituen beharrak identifikatu eta behar horiek gaur egungo paradigma eta tokikotasunetik erantzun ahal izateko”. 

Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sareak, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak, D2030 Garapen Iraunkorrerako Sareak eta Bergarako Udalak sinatuko dute hitzarmena. 

Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik bilkuran azaldu zuenez proiektu garrantzitsua da Bergararentzat eta bergararrentzat, lankidetza publiko komunitario honen bitartez herritarren beharrei erantzungo baitzaie. 

80.000 euroko aurrekontua jasotzen du hitzarmenak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko du proiektuak. Irailean egingo da jendaurrean aurkezpena. 

Udalbatzak onartutako beste gai bat Ekaitz Aranberri Zezeaga zinegotziaren dedikazioa handitzea izan zen. %35eko jardunetik %60ra handituko zaio. 24.085 euroko soldata gordina izango du, 14 pagatan. EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu egin ziren.