Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan informazioa eduki ahala zalantzak areagotu zitzaizkigula esan genuen aste honen hasieran.

Ikusi ahal izan dugu, enpresak hasieran udalean egin zuen eskaeran jarri zuen jardueraren kontzeptua, eta ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean egin dituen eskaeretan jarri duena kontzeptu desberdinak direla.

Aipatu bezala Valogreene enpresak Larramendi poligonoan jarduera ezartzeko egin zuen eskaera bateragarria da Bergarako plan orokorrarekin, eta ondorioz udalak baimena eman behar izan dio. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektua jendaurrean jarrita, eta alegazioetarako epea zabaldu ondoren, ikusi dugu Valogreene enpresak udalean egindako tramitazioan, eta ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean egindakoan, jardueraren deskribapenean kontzeptu desberdinak erabili dituela. Hainbat eragilek ere alegazio bidez honen inguruko aipamena egin digute eta udalak igorritako hirigintza bateragarritasun txostena berrikusteko eskatu digute. Eta hori berrikusten ari gara, Bergarako arau urbanistikoetara egokitzen den edo ez ziurtatzeko.

Aurrerakoia eta ekonomia zirkularrean oinarritua izan behar lukeen proiektuak herrian giroa nahasi du. Aurrera egingo bada ziurtasunak eta bermeak behar ditugu bergararrok eta hori sustatzaile; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila; talde ekologista, herriko beste enpresa zein interesdunen eztabaida publiko eta sosegatu baten bidez soilik lor daiteke. Proiektuaren berri izan bezain pronto Udal Gobernuaren helburua izan da ahalik eta informazio gehien, fidagarria eta inpartziala eskuratzea. Jarduera berbera duen beste enpresarik gure inguruan ez dagoenez, gaiarekiko zegoen ezagutza eza handia zen. Horregatik, hainbat gauzari buruz informazio ona eskuratzeko helburuarekin azterketa eta txostena egin zezan eskatu genion Bartzelonako enpresa bati.

Enpresa honen txostena jaso berritan hainbat zalantza tekniko eta juridiko jarri zaizkigu mahai gainean. Kezka horiek Ingurumen Sailari helarazi dizkiogu, eta aurrera eginez gero hauek argitzeko eskaera alegazio bidez ere egin dezake udalak. Udalari herritarren hobe beharrez aritzea dagokio, herritarrak zaintzea, eta edozein proiekturen aurrean ingurumen eta osasun bermeak ziurtatzea.

Nahi dugu gure herrian enpresa berriak sortzea, kanpotik etorritakoak bertan ezartzea... Bergarako ehun ekonomikoa indartsua izan dadin, bergararren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Baina ez dugu nahi edozer gauza. Berme batzuk behar ditugu.

Ziurgabetasun giro honek albo-kalteak ere ekar ditzake, eta lehen zantzuak ikusten ari gara dagoeneko. Enpresa hau Larramendiko poligonoan ezartzeak beste enpresa batzuk uxatuko dituenaren konfirmazioa daukagu. Ehunka lanpostu daude kolokan epe motzean, eta etorkizunera begira, Larramendiko industriagunearen eta Bergararen garapen ekonomikoa erabat baldintza dezake Valogreene hemen inplantatzeak. Larramendira joateko erabakian enpresaren batek atzera egiten badu, Bergaratik kanpora joango dira lanpostu hauek, eta honek asko kezkatzen gaitu.

Hurrengo egun eta asteetan zabalduta ditugun arloetan pausuak ematen jarraituko dugu, eragile eta enpresekin gaia lantzen, eta jarraipen zorrotza egiten.