Enpresare elkarteak eta Bergarako Udalak hitzarmena sinatu dute 2023. urterako, 2022. urtean hasitako proiektua garatzen jarraitzeko asmoarekin. Urtarrilaren 18an sinatu dute hitzarmena Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Enpresare elkartearen lehendakari Alain Vivas Martinez de Lahidalgak.

Orain arte egindakoak baloratu ondoren, 2022ko abendutik 2023ko abendura bitartean izango da indarrean hitzarmena. Berriro sinatzeko arrazoiak honakoak izan dira: 

  • Enpresare Elkartea 2021ean erakunde bezala eratu zen eta gaur egun egiten ari diren jardueren jarraipena beharrezkoa ikusten du: Proiektua eta enpresa foroak martxan daude eta baita enpresekin lan taldean partekatutako eta bakarka jorratzen ari den ibilbidea ere.

  • Aldi berean, enpresa berrien kaptazio lana egiten ari da eten gabe, gaur egungo 23 enpresen taldea 25era iristeko.

  • Bide honetan, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroaren ekarpena ere izango da.

  • Azken urtean egindako lanaren balorazioa positiboa izan da, eta ekimenaren jarraipenak garrantzi handia duela baloratu da enpresa partaide guztien aldetik, eta baita ENPRESARE Foroko Zuzendaritza komitearen aldetik ere, Bergarako Udala komite horretako partaide da.

Enpresare elkarteak proiektua kudeatzen jarraitzeko aurkeztutako proposamena begi onez ikusi du elkarteko Zuzendaritza komiteak: Miguel Altuna Institutua, Grupo TTT SA, Lazpiur SA, Tornilleria Segur SA, Zerbimek SL, Embalan3 Sl, Gehiber Machined Components SAL, Debagoieneko Garapen Agentzia eta Bergarako Udala, eta baita bazkideek ere.

Bergarako Udalak, 2022ko abenduaren 16an emandako dekretu baten bitartez, kontuan izanda gaur egun elkartearen helburua dela, besteak beste, Bergarako eta inguruko enpresen arteko elkarlana bultzatzen jarraitzea, beste erakunde eta agenteekin erlazionatu eta lankidetza sustatzeko eta horrela udalerriko enpresen jarduera ekonomikoa ere sustatuz, erabaki du aurkeztutako proiektua burutzeko diru-laguntza ematea eta bi aldeen betebeharrak hitzarmen batean jasotzea.

Jarraipeneko proiektu honek urte bateko iraupena du, kostua 30.000 eurokoa da, eta aurrera eramateko elkarteak diru-laguntza eskatu dio Bergarako Udalari.