• Hori bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak.
  • Gaixoentzako boluntarioa izango da programan parte hartzea.
  • Beren aldetik, programan parte hartu nahi duten farmaziek ziurtagiri berezi bat lortu beharko dute.

 

Botiken erabilera egokia egitea funtsezkoa da gaixoen bizi kalitatea bermatzeko, izan ere, medikamentuak gaizki erabiltzeak osasun-kalteak eragin ditzake: batetik, botiken eraginkortasuna murriztuta, bestetik, intoxikazioak zein epe ertain eta luzera begirako ondorio ezkorrak sortuta.

Ezaguna denez, erabiltzaile talde batzuek beste batzuek baino arazo gehiago izaten dituzte botikak egokiro erabiltzeko eta kontrolatzeko, bai hartzen duten botika kopuruagatik bai ezintasun egoeraren bat dutelako. Hauen artean aurkitzen dira etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten hainbat herritar.

Traba hauek gainditzeko, etxeko zerbitzuaren erabiltzaileen artean medikamentuak egokiro erabiltzeko programa jarriko dute abian Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak interesa duten farmaziekin batera, hauek izango baitira zerbitzua bideratuko dutenak. 

Programak honako helburuok bilatuko ditu:

  • Gaixoei euren botikak ezagutu eta hauek nola erabili irakastea.
  • Gaixoak errezetatutako botikak medikuak agindu moduan jasotzen laguntzea.
  • Tratamenduarekiko atxikipena hobetzen laguntzea (tratamenduaren betetzea)
  • Botikekin zerikusia duten arazoak identifikatu, adibidez bikoiztea eta huts egitea eta botikek eragin ditzaketen ondorio txarrak aurre ikusi edo saihestea.
  • Etxeko laguntzaileei edota zaintzaileei euren lana erraztea, botiken hartze, zainketa eta emateari dagokionean.

 

Funtzionamendua

Programa honetan boluntarioki parte hartu ahalko dute beren etxean bizi eta etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten pertsonek. Horretarako, hala adierazi beharko diote (eurek edo euren ordezkari edo zaintzaile legalek) Bergarako Udaleko Ongizate Zerbitzuari eta zerbitzua zein farmaziatan jaso nahi duten zehaztu beharko dute (honek Gipuzkoako Botikarien Elkargoak onetsia izan beharko du).

Parte-hartzea onetsita, farmazeutikoak erabiltzailearen tratamendua aztertuko du sendagaiei dagozkion arazorik izan daitekeen antzemateko (esaterako elkarreragina, bikoizketa, dosi eta denbora tarte desegokia).

Tratamendua egokia bada, farmazia bulegoak jasoko ditu aurrerantzean erabiltzailearen errezetak eta adostutako eperako dosi pertsonalizatuak prestatuko dizkio. Epea bukatzean edo tratamenduan aldaketaren bat dagoenean, onuradunak gelditzen zaizkion sendagaiak botika bulegora itzuli beharko ditu berriak jaso aurretik.

Tratamendu bakoitzaren hasieran onuradunari (edo honen zaintzaileari) prospektua emango zaio eta nola mantendu eta erabili irakatsiko zaio.

 

Farmazientzako ziurtagiria

Programan parte hartzen duten farmaziek Osasun Sailaren diru-laguntzak jasoko dituzte onuradun (gaixo) bakoitzari emandako zerbitzuen arabera. Hala ere, parte hartzeko Gipuzkoako Botikarien Elkargoaren ziurtagiria izan beharko dute.