Atzokoan, Juanje Alberdi alkateak, Udal Gobernua ekainean lanean hasi zenetik orain arte egindako lanen eta egoeraren inguruko balorazio bat egin zuen udaletxeko pleno aretoan.

Hona hemen eginiko balorazioa:

"Ekainaren 13tik hona, hausnarketa sakon bat egin behar izan dugu, baina azken urteetako gardentasun ezak nahi baino gehiago luzatzea eragin digu. Beste hainbat gai ikusi ondoren, ondorioztatzen dugu azken 8 urteetan ezker abertzaleak Bergarako Udala inprobisazioz eta inongo etorkizuneko ikuspegirik gabe kudeatu duela.

Planifikazio eza, begi-bistan dago; 2015eko aurrekontua martxoan 21,5 milioi eurokoa izan zen, eta bi hilabeteren ondoren 1,5 miloi euro igotzea erabaki zuten.

Laboratorium Museoa: azken 30 urteetako proiekturik garrantzitsuena. Udalean sartu ginenerako 200 gonbidatutik gora zeuden inauguraziorako, ez zegoen inongo aurrekonturik, ez diru-partidarik zehaztuta aurrekontuetan. Horrez gain, etorkizuneko proiektu sendo bat aurkituko genuela uste genuen eta epe motz-ertainerako ekintza-plana burututa egongo zela, bere sustapenerako. Baina ez dugu horrelako ezer aurkitu, honetan ari gara.

kudeaketa-plana eratu dugu betiere hauteskundeetan hartutako konpromisoak aurrean ditugularik, eta Bergara aurkitzen den iluntasunetik atera nahi dugulako. Horretarako hainbat ekintza abian jarri behar izan ditugu, martxan ziren proiektuak gelditzeke; auditoriuma, Laboratorium-eko ekintza-plana, paddel pistak zuen arazoa konpondu, Bidekurutzetako obrak (amaiera aurreratuz, herritarrekin hitz eginez)..., ezer ez da gelditu.

Barne antolamendua eta kudeaketarako azpiegiturak iraganeko gestio-ereduetan oinarrituta daude; azken 8 urteetako politikarien ekimen faltaren ondorioa da. Kudeaketa-sistema berriak ezartzeko lanean gabiltza, udal langileen lana erraztu ahal izateko beharrezko baliabide eta gestiorako tresna egoki eta gaurkotuekin hornitzeko.

- Organizazioa antolatzeko proiektuan buru-belarri gabiltza. Udaletxearen eraginkortasun eta antolaketa aztertzen, zerbitzuen arteko elkarlana eta behar diren baliabideak aztertzen hornitzaile ezberdinekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, hurrengo 4 urterako proiektuan; E-administrazioa, herritarren leihatila…

- Auzo-alkateak: partaidetza-prozesuen ondorioz aukeratutako auzo-alkateak auzo-ordezkari moduan onartu ditugu. Ez dauden auzoetan udalak berak ezarriko du konfiantzazko auzo-alkatea, udal ordezkari bezala. 

- Hondakinen gaikako bilketa-sistemaren inguruan akordioa lortzeko saiakera egin dugu, eta orain kontsulta martxan jartzera goaz. Mankomunitatean datu zehatzak lortuta, aldaketaren bideragarritasuna ziurtatua dugu.

- Bergaran biktimen senitartekoekin aspalditik dugun zorra. Prozesu luze bati hasiera eman diogu, biktimen senitartekoekin bilerak egiten gabiltza, eta gure asmoa da, alderdi guztien adostasunarekin eta baita familienarekin ere, elkarlanean aritzea; besteak beste azaroaren 10ean egingo den Oroimenaren Eguna (“Euskal Kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkia, herriz herri”) prestatzen hasi gara.

- UNED-Seminarioa-Arrizuriaga: azken aukerak aztertzen ari gara eta espero dugu zenbait astetan gaia behin betiko amaituta uztea. Gaur egun dagoen egoeran utzi edota irtenbide zehatz bat aurkituz.

- Ordenantza fiskalei dagokienez, datorren asteko Udalbatzarrean aurkeztuko ditugu; IBIa errekargua kenduko dugu, defizitarioak diren zerbitzuak aztertu eta erabakiak hartu horien inguruan.

- 2016ko aurrekontuak urte amaierarako aurkezteko lanean gabiltza.

- Partaidetzari eta gardentasunari buruzko ordenantza bat idatzia dugu eta une honetan azterketa legala burutzen ari dira. Datozen asteetan, amaitzean, partaidetzara (politikoa eta herritarrena) zabalduko dugu aholkularitza batekin landuta.

- Bestalde, Bergarako Udalaren komunikazio eta irudi korporatibo bateratua lortzeko proiektua martxan jarri dugu. Honekin batera, komunikazioko enpresaren egoera legeztatzeko esleipen berri bat publikatuko dugu, helburu nagusia Gardentasuneko Legea bete araztea 2016. urte hasieran.

- Mizpirualdeko egoitzaren inguruan: Markel Olanok duela pare bat aste bisitatu zuen eta dagoeneko Foru Aldundiarekin hitz egiten hasi gara. Bertako “Kabia”ko zuzendaria aste honetan etorriko da, bertako egoeraz hitz egiteko eta konponbide bat emateko.

- SPRIko arduradunekin, zuzendari orokorrarekin eta Aldundiko diputatuarekin bilerak egiten ari gara, Larramendiko industrialdea berpizteko eta neurri zehatzak planteatzeko, epe luzerako Bergarako lur industrialari irtenbide eraginkor bat aurkitu nahian.

- Bergara inguruan dauden hiru proiektu industrialetan lanean gabiltza, zerbait zehatza izan arte diskrezioz, baliabideak eta aukerak lantzen.

- ENPRESARE foroan parte hartu genuen, Markel Olano eta Garapeneko diputatuekin. Gainera, udaletxeek laguntza jaso dute gogoeta bat egiteko eta horren amaieran koordinadore-dinamizatzaile bat kontratatzeko asmoarekin.

-Entitate kulturalekin bilerak egiten: 4 urterako hitzarmenak garatzeko helburuarekin, ziurtasuna emanez, eta egiten duten lana balorean jartzeko asmoarekin.

- WIFI librea ezartzeko zenbait froga egiten ari gara. Errekalde Jauregian dagoeneko zuntz optikoa ezartzea lortu da.

- Kontratazio-mahia urtea amaitu baino lehen jarriko da martxan (ez baitago). - Azaroaren hasieran bilera bat dugu, EJko kontseilariarekin batera, Madrilen ADIFekin. Horretarako, lanean ari gara Bergarari buruzko proiektuan.

- Proiektu berrien azterketa martxan ipini ditugu: Agorrosineko aterpea, Espoloiko kioskoa berritzea... Bidegorrien lehentasunak finkatu eta proiektua amaitzea beste lehentasunetako bat da.

- Pleno Aretoaren erabilpenaren eta beste udal aretoen erabilpena zehaztuko dugu; hau da, Irizar Jauregia, Santa Anako Liburutegia eta Laboratoriumen dauden gela anitzen erabilpena zehaztuko dugu, arau minimo batzuk ezarriz eta betiere bakoitzaren nortasuna gal ez dezalako helburuarekin.

- Auditoriumaren proiektuko kosteak aztertzen gaude eta esaten zirenak baino inbertsio askoz handiagoak egin beharko dira; Aldundiaren ekarpenen baieztapenarekin zehaztuko da eta honekin batera Udaleko zorpetze-maila jakingo dugu, inbertsioa mugatuz. Beste proiektu batzuk martxan jarri aurretik zehaztu beharko dugu.

Eta hau dena, noski, udal langileen lanarekin, dagokien bezala, Gobernuaren irizpideak jarraituz. Honek bermatuko baitu herritarrekin, eragile desberdinekin eta baita beste alderdi politikoekin ere beste Bergara bat eraikitzeko nahia.

Martxan gaude, lanak aurreratzen ari dira eta lau urterako plangintza eta bideragarritasun planak zehazten ari gara; batzuk dagoeneko martxan daude, eta besteak hasten, baina egiteko konpromisoa hartuta, lanari ekinez, ekintzak eredu, eta dialektika baztertuz, zeren gure asmoa da beste Bergara bat egitea."

Bergarako Udal Gobernua