Errege Seminarioko lanen baitan, erretaulak garrantzi berezia du. 1690 eta 1695 urte bitartean Mateo de Aspiazu, Rafael Larralde eta Jacobo de Jauregui arkitektoek egindako erretaulak, 13,5 x 9,23 x 1,5 dimentsioak ditu. Seminarioko lanen baitan, erretaula mantendu egiten da eta herritarren begi bistan egongo da, kristal batekin babestuta eta argiztatuta jarriko delarik.

Artelys enpresa egiten ari den zaharberritze lanak aurreko astean hasi ziren eta ekaina hasierarako amaituta egotea aurreikusten da. "Emaitza oso ona izango duelakoan gaude. Erretaulak berezitasun ugari ditu, San Inazioren irudia batik bat. Orain, erretaulak duen balio haundia balorean jarriko dugu zaharberritze honekin", agertu du Elena Lete alkateak.

Bi hilabete hauetan, egin beharreko lanak ondorengo hauek izango dira;

  1. Mikroorganismoen presentzia da arazorik nagusiena. Eraikinak urteetan izan duen babes ezak, hezetasuna eta bentilazio gutxi sortu ditu eta horrek egurrean eragin du.
  2. Egurraren zati batzuetan, paretarekin lotura dutenek, usteldura dute onddoengatik.
  3. Intsektu xilofagoen erasoa. Pipia bezala ezaguna den intsektuak egurrean azaldu da.
  4. Erretaularen aurrealde zein atzealdean, hondakinak, zikinkeria eta hautsa pilatu da.
  5. Mentsulak aldatzen dira eta sagrario erakustariak kenduko dira.
  6. Euskarri akatsak daude, egurraren sendotasun ezagatik eta pipiagatik.
  7. Piezen hausturak.
  8. Eskulturetan euskarri akatsak.
  9. Dekorazioaren erorketak eta askatzeak.
  10. Pitzadura eta zartadurak pieza eta zutabeetan, hainbat arrazoiengatik; hezetasunak eragindako egur mugimendua, erresistentzia falta, pipia…

Seminarioko beste hainbat elementu berezi

Seminarioko lanen baitan, erretaula ez ezik, kontutan hartu beharreko beste hainbat berezitasun daude.

  • Madariagaren hilobia. Berreskuratu egin da, eta orain, gainetik kristala jartzea bakarrik falta da begibistan egon dadin.
  • Bidriera. Eraiineko alde bateko atean zegoen bidriera Olitera eraman da konpondu eta berriro ezartzeko.
  • Ur bedeinkatuaren ontziak ere berreskuratu dira.
  • Bobedak.

"Azkenean, dena mantentzen da eta ez hori bakarrik, itxura ere errespetatu da, lehen zuen itxura berdina eman zaiolarik.Berezitasun hauez gain, obretan aurkitu diren beste bi bitxikeria ere badira; batetik, altare ondoan ume baten hezurrak agertu dira eta Aranzadik ditu aztertzeko. Bestetik, 1947ko idatzi bat agertu da. Antzuolako arotza zen Leonardo Monasteriok idatzita dago eta bertan agertzen du nola eskatu zioten lan bat burutzeko", gaineratu du alkateak.