36. artikulua.- Aplikazioa:

Ondoren definituko diren hirigintza-parametroak Bergarako udalerri osoan aplikatu beharko dira.

37. artikulua.- Partzelari buruzkoak:

a)Partzela: Lursail-zati bat da, onibar-unitate gisa mugarritu eta erregistratu dena. mIzan daiteke:

  • Partzela gordina: Hasierako egoeran dagoen partzela bat da, edo hirigintza-unitate bateko eremuaren barruan eman den partzela bat.
  • Partzela garbia: Hasierako partzelari edo partzela gordinari kendu beharreko zatiak kendu ondoren gelditzen dena da. Kenduko diren lurzatiak bide edo gune publikoak handitzeko, hobetzeko edo berriak sortzeko izango dira, edo beste helburu batzuetarako derrigorrezko lagapenez eman beharrekoak.

b) Mugak: Partzela bat mugarritzen duten lerro perimetralak dira mugak; mugak eta mugakideak bereizi behar dira.

c)Partzelaren itxitura: Partzelaren mugarriketa gauzatzeko mugen gainean jartzen den hesia da.

d)Partzela-azalera: Mugarritutako partzelaren neurriak, horizontalean hartuta.

e)Lursailaren hasiera-kota edo kota naturala: Urbanizazio-jarduketak hasi aurretik, lursailaren puntu bakoitzak duen altuera errelatiboa.

f)Lursailaren amaiera-kota: Urbanizazio-jarduketen ondoren, lursailaren puntu bakoitzak duen altuera erlatiboa.

g)Sestrak: Bide eta espazio publikoen luzetarako profila osatzen duten lerroak. Plangintzak besterik ez badu ezartzen, lehendik dauden sestrak izango dira baliozkoak.

h)Lerrokadurak: Bide eta espazio libreetan zehar, eraikitzeko mugak jartzeko eta erabilerak bereizteko agertzen diren lerroak dira.

38. artikulua.- Partzelan eraikinak ezartzeari buruzkoak:

a)Fatxada-planoak: Esparru eraikigarria eta eraiki gabea bereizten dituen sestra baten gainean dauden planoak dira. Ez dira kontuan hartzen elementu edo gorputz irtenak.

b)Eraikinaren lerroa: Fatxada-planoaren eta lursailaren arteko elkargunea da.

c)Eraikinaren sakonera: Fatxada nagusitzat hartzen denaren eta barruko edo atzealdekoaren artean dagoen distantzia da, perpendikularki hartuta.

d)Mehelina: Bi eraikin mugakide bereizten dituen, eta estalkiraino doan, horma edo albo-itxitura itsua. Mehelina eraikin mugakideena biena izan daiteke.

e)Mugekiko atzera-gune edo tartea: Eraikitzeko den partzela pribatu batean, eraikuntza-lerroaren eta mugen artean gelditzen den lur-zerrendaren zabalera da.

f)Eraikinetako sestra-kota: Eraikin batean, kanpoko puntu bat erreferentziatzat hartuta, edozein solairuk puntu horretatik hasita duen altuera erlatiboa.

39. artikulua.- Eraikinek partzelan duten okupazioari buruzkoak:

a) Okupazioa edo betetako azalera: Eraikin bat kokatu behar den tokiko plano horizontalaren gainean eraikin beraren fatxada-planoak jartzerakoan eratzen den perimetroaren barruko azalera da.

b)Okupazio-koefizientea: Partzela batean, eraikuntzak okupatuta duen edo okupatu dezakeen azaleraren eta partzelaren azalera osoaren arteko erlazioa da.
Parametro hau Plan Orokorrean aipatzen denean, gehieneko okupazioa dela ulertzen da.

40. artikulua.- Azalera erabilgarria eta azalera eraikia. Sabai eraikigarria:

a)Etxebizitza edo lokal bakoitzaren azalera erabilgarria: Elementu komunekiko, paramentu bertikal bukatuek barrutik mugarritzen duten azalera da. Gorputz irtenak itxiak badira osorik neurtzen dira; irekien kasuan, berriz, erdia besterik ez.

b) Etxebizitza edo lokal bakoitzaren azalera eraikia: Eragiketa honen emaitza da: Azalera erabilgarriari gehitu egin behar zaizkio hormen, tabikeen eta itxituren azalera, eta elementu komunek betetzen duten azaleraren zati proportzionala.

c)Azalera eraikia, eraikinaren solairuka: Eraikinaren solairu zehatz batean, bertako etxebizitzen eta lokalen azalera eraikien batuketa da.

d) Sabai eraikia edo eraikigarria, sestra gaineko eraikinetan: Eraikinaren solairu bakoitzean kanpoko mugen artean dagoen azalera atera, eta horien batuketa da. Sabai eraikia edo eraikigarria zenbatzerakoan, honako espazio eta elementu hauen azalerak sartzen dira:

  • Hirigintza-Fitxetan, eraikinetako beheko solairua eta goiko solairuak deitu direnak.
  • Hirigintza-Fitxetan teilatupeko guneak deitzen direnak, baldin eta fitxetan ezarritako erabilera nagusietarako badira eta 1,80 metrotik gorako altuera librea badute; halaber trastelekutarako diren lokalak ere sartuko dira, baldin eta 15 m2(e) baino gehiagoko azalera erabilgarria badute lokal bakoitzeko.
  • Igogailu-zuloak.
  • Baimendutako hegalkin itxiak. Gorputz irten irekiak ez dira zenbatuko.

Ondorengo gune hauek ez dira zenbakarri eta, beraz, ez dira zenbatuko:

  • 1.80 metrotik beherako altuera librea duten gune estaliak eta itxiak.
  • Erabilera publikoko portxeak.
  • 1,50 metrotik gorako diametroko patioak eta instalazioetarako hodiak.

e)Sabai eraikia edo eraikigarria, sestra azpian: Hirigintza-Fitxetan muga zehatz bat ezartzen bada, zenbatuko dena da kanpoko itxiturek edo hormek mugatuta dagoen eta sestra gaineko aprobetxamendurako baldintzak betetzen ez dituen gunea,.

41. artikulua.- Lurzoruen Eraikigarritasunari buruzkoak:

Indarrean dagoen Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak 35. artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako eraikigarritasun-motak definituko ditugu.

  1. Eraikigarritasun fisikoa edo gordina: Hirigintza-antolamenduak lurralde-eremu jakin baterako ezarritako sabai-azalera osoa da, eraikitakoa edo eraikitzekoa, sestra gainekoa zein sestra azpikoa. Adierazteko, sabai-metro koadrotan, edo lurzoru-metro koadro bakoitzeko sabai-metro koadrotan adierazten da. Lehendik dauden orube, partzela edo eraikinen kasuan, lerrokadurak, profilak eta altuerak zehaztuz adierazten da, edo bestela eraikina finkatu egiten da.

  2. Eraikigarritasun urbanistikoa:  Eremu jakin baterako aurreikusi den eta irabazteko asmoko erabilera eta jarduerei dagokien eraikigarritasun fisikoa da; hortik kanpo gelditzen dira eremu horretan lehendik dauden edo aurreikusita dauden dotazio publikoak.

  3. Eraikigarritasun haztatua: Lurrralde-eremu baten eraikigarritasun haztatua ateratzeko, lehengo biderketa hau egin behar da: erabilera bakoitzaren eraikigarritasun urbanistikoa bider —bertako beste erabilerak ikusita— erabilera horri izendatu zaion ponderazio- edo homogeneizazio-koefizientea. Eta ondoren, eremuko erabilera guztien emaitzen batuketa izango da eraikigarritasun haztatua.

  4. Batez besteko eraikigarritasuna: Lurralde-eremu baten batez besteko eraikigarritasuna da zatiketa honek ematen duen koefizientea: eremuaren eraikigarritasun haztatu guztia zati eremuaren azalera guztia. Azalera horren barruan sartuko dira sistema orokorren sareko dotazio publikoetarako lur-eremu horretan sartu edo esleitu diren lursailen azalerak; kanpo gelditzen dira, berriz, lehendik dauden eta hirigintza-antolamenduak finkatzen dituen sistema orokorren azalerak.

42. artikulua.- Eraikinen bolumenari eta formari buruzkoak:

a)Eraikinaren altuera: Eraikin baten altuera neurtzeko, bi parametro erabiliko dira: altuera unitate metrikoetan, eta altuera solairu-kopurutan.

  • Altuera unitate metrikoetan: Eraikin batean, lurretik gora doan zatiaren neurri bertikala da, unitate metrikoetan neurtuta. Altuera hori bertikalki neurtzen da; hasi eraikinaren aurrealdean dagoen edo aurreikusita dagoen espaloiko, espazio publikoko edo erreferentzia-puntuko sestratik gora, eta bizitegi-eraikinetan zenbatzen den azken solairuko sabaiaren forjatuaren azpiko alderaino. Industria-eraikinetan, goian, estalkiari eusten dioten habe nagusien azpialderaino neurtuko da. Eraikinean, neurketa egingo da aurrealdean bide edo espazio publikoa duen fatxadaren erdigunean. Bizitegi-eraikinetan, fatxadak tarteka hartuta egingo da, eta gehienez ere hogeita lau metro luze izango dute tarteok. Ertzean egon, bi kaletara eman eta sestra ezberdinak dituzten eraikinetan, sestra altuena duen kalean sortzen den altuera luzatu ahal izango da aldameneko fatxadara, gehienez ere hamabost metro luze.
  • Altuera solairu-kopurutan: Bide edo espazio publikoaren erreferentzia-kota edo sestraren gainetik dauden solairuen kopurua da. Solairuak zenbatzerakoan, beheko solairua ere sartzen da, beste bat bezala. Patioen neurriak ezartzeko orduan, solairuen kopurua zehazterakoan, teilatupeko solairua ere solairutzat hartuko da eta besteak bezala zenbatuko da.

b)  Gehieneko altuera: Eraikinetan, plangintzak ezarri duen altuera-mugaren balioa. Altuera ezartzerakoan, aurreko puntuan adierazitako neurri-unitate bietan ezarri bada, biak errespetatu beharko dira aldi berean, gehienez onar daitezkeenak diren aldetik. Altuerako baldintza ezartzerakoan, gehienekoa besterik ez bada adierazten, altuera hori agortu gabe eraiki ahal izango dela ulertuko da. Kasu berezietan, Udalak gehieneko altuera hartzera derrigortu ahal izango du, irudi urbano zehatz bat mantentzeko edo lortzeko beharrezkoa dela irizten dionean.

c) Gehieneko altueratik gorako eraikinak: Ezarritako gehieneko altueratik gora, orokorrean, honakoak eraiki ahal izango dira:

  • Estalkiaren isurkiak: Estalkietako atal maldadunak dira. Isurkien maldak ezingo du inolaz ere gainditu %35a, eraikinaren edozein fatxadatatik hartuta.
  • Instalazioetarako elementu teknikoak: Horrela deitzen ditugu eraikina osatzen duten zati komunak, hala nola, eskailera-kaxa errematatzeko atalak, igogailuen kasetak, tximiniak, aireztapeneko hodiak, hozteko sistemak, argi-zuloak, irrati-telebistarako antenak, tximistorratzak, eta horien pareko beste batzuk.
  • Elementu apaingarriak: Gehieneko altueratik gora onar daiteke fatxaden edo estalkien elementu apaingarriak eraikitzea, hala nola, barandak eta beste batzuk, baldin eta ez badute metro batetik gorako altuerarik eta ez badute sortzen gune itxirik.
  •  Dorretxoak: Dorretxo deitzen ditugu estalkiaren profiletik kanpo irtenda, eraikin berezietako puntu batzuetan eraiki daitezkeen atalak; etxadi eraikigarrietako ertzak edo erremateak eratzen dituzten eraikinetan ere egin daitezke. Area eta Sektore bakoitzaren Hirigintza-Fitxan, edo plangintza xehatuan, berariaz jaso beharko da dorretxoak eraikitzeko aukera dagoela. Horien erabilerak eta gehieneko neurriak dagokion ordenantzan zehazten dira.

d)Pisuen altuerak: Pisuaren altuera da elkarren segidako bi solairuren forjatuen gainaldeen arteko distantzia bertikala, edo baita zola baten goialdetik solairu hori estaltzen duen forjatuaren goialderaino doana ere.

e)Pisuaren altuera librea: Solairu batean, zoladura bukatuaren goialdetik forjatuaren azpialderaino doan distantzia bertikala; forjatuaren barne hartzen da sabaiaren estaldura edo sabai izuna, balego.

f)Solairua: Azalera horizontal, erabilgarri eta estalitakoa da, bertan jardueraren bat garatu ahal izateko egokitu dena. Eraikinean duten tokien arabera, honako solairu-motak bereiz daitezke:

  • Beheko solairua: Hau da solairuko sestra-kota eraikinaren erreferentzia-kotarekin bat baldin badator nabarmen, ehuneko hirurogeitik gora.
  • Erdisotoko solairua: Honetan, zola-oina, eraikitako azaleraren ehuneko hirurogeian baino gehiagoan, beheko solairurako ezarri den sestra-kotaren azpitik dago; eta sabai-oina, berriz, kota horren gainetik. Erdisotoetako zoladuraren sestra-kota ezingo da egon eraikinaren erreferentzia-kota baino 1,30 metro azpitik.
  • Sotoko solairua: Sotoko solairua beheko solairuaren azpian edo erdisotoko zein beste soto bateko solairuen azpian dago. Hauen guztien fatxaden altuerak 1,20 metrokoa edo txikiagoa izan beharko du perimetroaren %40an baino luzeagoan. Baldintza hori bete ezean, erdisotoko solairutzat hartuko da.
  • Solairuartea: Beheko solairu batean, batzuetan zoladura- eta sabai-oinen artean eraiki daitekeen solairua da. Hauen azalera zenbatu egin beharko da eraikinen azalera erabilgarri eta eraikien artean, eta baita sabai eraikigarri bezala ere, plangintza xehatuak horrela ezarriz gero.
  • Goiko solairua edo pisuko solairua: Beheko solairuko sabaiaren forjatu gainean dagoena da.
  • Atiko-solairua: Eraikin baten azken solairua da, baldin eta eraikitako azalera gainontzeko solairuenak baino txikiagoa bada, eta solairuaren fatxada-plano guztiak edo baten bat atzera emanda badaude (badago), eraikinaren fatxada-planoekin alderatuta.
  • Teilatupeko solairua: Malda duten estalkien kasuetan, azken solairuko goialdeko azalerak eta estalkiaren osagarri diren isurkiek eratzen duten solairua.

g)Gorputz irtenak: Fatxadako planoetatik ateratzen diren elementu bizigarri edo okupagarriak dira. Gorputz irtenak honelakoak izan daitezke:

  • Gorputz irten itxiak: Alde guztietan itxitura finkoak dituztenak, eta ez desmuntagarriak.
  • Gorputz irten irekiak: Gutxienez eraikinaren fatxadarekin paraleloan dagoen itxitura irekia dutenak.

h)Elementu irtenak: Fatxada-planoetatik ateratzen diren eta ez bizigarri ezta okupagarri ere ez diren elementuak. Honelakoak izan daitezke:

  • Elementu irten iraunkorrak: Eraikuntzaren ikuspuntutik, eraikinaren osagarriak direnak, hala nola, zokaloak, pilastrak, teilatu-hegalak, gargolak, markesinak eta beste antzeko batzuk.
  • Elementu irten ez-iraunkorrak: Ez dira eraikinaren osagarri, baina fatxadetan erantsi daitezke, hala nola, olanak, errotuluak, iragarkiak.

i)Patioak: Eraikinean dauden lekuaren arabera, honako patio-motak bereizten dira:

  • Etxadiko patioak: Etxadi bat osatzen duten eraikinak argitu eta aireztatzeko aurreikusi den eraiki gabeko gunea da.
  • Partzela-patioak edo argi-patioak: Eraikinaren bolumenaren barruan, eraikina argitzeko edo aireztatzeko aurreikusi den eraiki gabeko gunea da.
  • Patio mankomunatuak: Partzela-, argi- edo aireztapen-patioak bi eraikin mugakideren zerbitzurako izan daitezke aldi berean. Halakoetan, patio mankomunatuak deitzen ditugu. Eta horiek baimendu ahal izateko, ezinbestean egiaztatu beharko da zortasun mankomunatu bat eratuta dutela eraikinak kokatzen diren bi finken artean; zortasun hori Jabetza Erregistroan inskribatuko da, eta ukaezina edo erostezina izango da bi finketatik baten batek eraikita dirauen bitartean.