1. artikulua.- Zer da eta zein eremutan aplikatuko da

Bergarako Ordenazio edo Antolamenduko Plan Orokorra idatzi da gure udalerrian indarrean dauden Arau Subsidiarioak berrikusteko eta indarrean dagoen legedira egokitzeko, hau da, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legera moldatzeko, hain zuzen ere. Bergarako Arau Subsidiarioak 1996ko apirilaren 16an onartu ziren behin betiko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2002ko martxoaren 13an argitaratu ziren. Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea, berriz, 2006ko uztailaren 20an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bergarako udalerri osoan aplikatu beharko da indarrean jartzen denetik aurrera.

2. artikulua.- Indarrean noiz jarri eta indarraldiaren baldintzak

Hiri-Antolamenduko Plan Orokor berria indarrean jarriko da behin betiko onarpeneko erabakia argitaratu eta hurrengo egunean, eta aplikagarri izango da ordezkatu edo indargabetu arte.

Plan honek ordeztu eta, beraz, indargabetzen ditu indarrean dauden Arau Subsidiarioen xedapenak eta horiek onartu zirenetik aurrera egin diren aldaketa guztiak. Indargabetuta gelditzen dira, halaber, Plan Orokor honek xedatzen duenaren aurka doazen Udal Ordenantzetako xedapenak.

3. artikulua.- Subsidiarioki aplikatzeko araudia

Plan Orokor honetan zehaztu gabe gelditzen diren kasuetarako, subsidiarioki honako hauek aplikatuko dira: ekainaren 30eko 2/2006 Legea, Lurzoru eta Hirigintzari buruzkoa; ekainaren 3ko 105/2008 Dekretua, aurreko Legea Garatzeko Premiazko Neurrei buruzkoa; azaroaren 28ko 11/2008 Legea, hirigintza-jarduerez sortutako gainbalioetan erkidegoak izan behar duen parte-hartzea aldatzen duena; Hirigintzako Plangintza-, Kudeaketa- eta Diziplina-Erregelamenduak —indarrean dirauten artikuluetan—, edo Legea garatzeko onartuko diren erregelamendu berriak; Errepideen Legea eta horren Erregelamendua; azaroaren 25eko 171/1994 Foru Araua, Gipuzkoako Errepideei eta Bideei buruzkoa; Uren Legea; Euskal Kultur Ondarearen Legea; Toki Araubidearen Legea; eta indarrean dagoen gainerako hirigintza-legedia.

4. artikulua.- Plan Orokorra berrikustea

Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak 102. artikuluan xedatzen du antolamendu-plana berrikustea zer den eta noiz den egokia. Aurreko planeamenduan ezarritako antolamendu estrukturala osorik berraztertzen bada, berrikuspen orokorra egin beharko da. Eta horrela egin beharko da, baita, lurralde-plangintzak hala eskatzen duenean ere, indarrean dagoen plangintzaren antolamendu estrukturalari eragin diolako.

Artikulu berak dioenez, indarrean dagoen planeamenduak aurreikusitako epeak eta egoerak egokitzen direnean berrikusiko dira planak.

Plan Orokor honek zehazten duenaren arabera, plana bera derrigorrez berrikusi beharko da ondorengo baldintzak eta egoerak gertatuz gero:

  • a) Indarrean dagoen legedia aldatzeko moduko Hirigintza-Legeren bat indarrean jartzen bada.
  • b) Plan Orokor honen aurreikuspenak aldatzeko moduko Lurralde-Plan Zuzentzaile bat onartzen bada.
  • c) Plan Orokor honen edukia egokitzera behartzen duen Plan Zuzentzaile Partzial bat onartzen bada Debagoiena eskualderako.
  • d) Plan Orokorrean jasotako garapen urbanistikorako aukerak agortu badira. Aukera-agortze hori gertatu dela ulertuko da Planean jasotzen den eraikin berriak egiteko ahalmenaren %70a eraikita edo eraikitzen dagoenean, nahiz bizitegirako, nahiz industriarako lurzoruan.

Edozein kasutan ere, behin betiko onarpenetik zortzi urteko epealdia pasatu baino lehen, Bergarako Udalak udalerriko orduko egoera urbanistikoari buruzko txostena eskatuko du. Txosten horretan jasoko dira: indarrean dagoen Plan Orokorraren garapen-maila, urte horietan sortutako egoera eta behar berriak eta, horien ondorioz, dokumentua berriztea komeni den ala ez. Egingo diren txostenetan oinarrituta, Udalak erabakiko du Plan Orokorraren indarraldia luzatzea edo berrikuspena egitea .

5. artikulua.- Plan Orokorraren elementuak aldatzea

Plan Orokor honetan lotesleak diren xedapenak aldatuz gero, planaren aldaketa edo erreformatzat hartuko da.

Plan Orokorrean aldaketaren bat planteatzen den bakoitzean, justifikatu egin beharko dira aldaketaren arrazoi guztiak, edonolakoak direlarik ere; eta aldaketa hori puntuala bada —lurraldeko gune edo zati bati baino ez diolako eragiten—, gainontzekoan izan dezakeen eragina ere aztertu beharko da.

Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legeak 105. artikuluan zehazten ditu zeintzuk diren Plan Orokorraren antolamendua aldatzeko mugak. Beharrezko konpentsazio-neurriak ezarri beharko dira honelako eraginak dituen aldaketarik eginez gero: hirigintza-eraikigarritasuna handitu edo erabileren intentsitatea areagotzen bada; xede publikorako lurzoruaren desafekzioa onartzen bada; edo baita babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzak eraikitzeko, nahiz sustapeneko edo interes publikoko jarduera ekonomikoak bultzatzeko, babestutako lurzoruak deskalifikatzen badira ere.

Plan Orokorraren aldaketak etxebizitza-erabilerarako eraikigarritasun urbanistikoa handitzen badu, beharrezkoa izango da berdegune eta espazio libreko dotazio publikoetarako lurzoru gehiago aurreikustea. Horretarako gutxieneko proportzioa Legearen 78. artikuluan ezarritakoa izango da.

Aldatzen den planeamendu orokorrak, aldaketaren eremuan bertan —behar besteraino handituta, horrela beharrez gero—, berdegune eta espazio libreen Sistema Orokorreko nahikoa dotazio izan beharko du; proposatutako hirigintza-eraikigarritasunaren gehikuntza egin ondoren, aurreko idatzatiko artikuluan zehaztutako dotazioen estandarra bermatzeko lain behintzat.

Hiri-lurzoruan, aurreko idatzatian jasotako baldintza ezin bada bete edo aurreikusitako antolamendurako ezegokia suertatzen bada, proposatutako hirigintza-eraikigarritasuna handitzea onartu ahal izango da baldin eta aldaketa kokatzen den eremuan espazio libre lokalen dotazio-soberakina badago eta, beraz, garapen berriak eragindako defizita konpentsatzeko moduan badago.

6. artikulua.- Plan Orokorraren dokumentazioa eta arau-maila

Plan Orokorra osatzen duten dokumentuak honakoak dira:

  1. LIBURUA:
    1. MEMORIA.
    2. BIDERAGARRITASUN EKONOMIKO-FINANTZARIOAREN AZTERKETA.
    3. INFORMAZIO-PLANOAK:
    4. ORDENAZIO-PLANOAK:
  2. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: A1 – A15 areak
  3. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: A16a – A23 areak
  4. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: A24a – A39 areak
  5. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: A40a – A44 areak
  6. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: A45 – A58 areak
  7. LIBURUA: HIRIGINTZA-FITXAK: Sektoreak
  8. LIBURUA: KATALOGOA
  9. LIBURUA: ORDENANTZAK

Plan Orokor honen edukia zuzen interpretatzeko, honako hauek hartu behar dira kontuan:

  • Izaera arauemaile eta loteslea dute dokumentu honen 2, 3, 4 eta 5 multzoetako planoek. Eta baita Uholde-Arriskua duten Eremuak grafikoki azaltzen dituzten planoek ere —Hirigintza-Fitxetan eta Ordenantzetan jaso diren salbuespenak kenduta—. Areak eta sektoreak mugarritzerakoan, plan xehatuetan hainbat aldaketa egin ahal izango dira mugetan, aldaketa txikiak izanda ere, zehaztasun topografiko edo partzelario zorrotzago batean oinarrituz.

Hirigintzako zehaztapen jakin baten aurrean, eskala ezberdinetako planoen artean desadostasuna antzemanez gero, eskala zehatzagoan eginda dagoen eta, beraz, xehetasun-maila handiena duen planoan ezarri den zehaztapenak balioko du, baldin eta ez bada ageriko akats baten ondorioa.

  • Area eta Sektoreen hirigintza-fitxetan, lurzoru urbanoan eta urbanizagarrian mugarritu diren eremuak garatzeko ezarri diren zehaztapenak jasotzen dira. Hirigintza-Fitxek izaera arauemailea izango dute, betiere izaera informatzaile hutsa dutela espresuki adierazten den puntuetan izan ezik. Edozein kasutan, zehaztapen adierazgarri horiek aldatzeko ere, interes orokorreko arrazoietan oinarritu beharko da, eta aldaketaren zergatia justifikatu ere egin beharko da.

Hirigintza-fitxetan jasotzen diren eremuen azaleretan, neurriek izaera adierazgarri hutsa izango dute. Horiei ezarritako aprobetxamenduak gehienekotzat hartuko dira eta ezin izango dira gainditu, ez bada Plan Orokorra aldatzeko espediente bat bideratzen dela.

  • Ordenantzen eta Katalogoaren dokumentuek izaera arauemaile eta lotestea dute, ez bada behintzat espresuki esaten atalen bat ez dela.
  • Memoria dokumentuak dokumentu lotesleen edukia azaldu eta justifikatzen du.
  • Gainontzeko planoen edukia orientagarri eta erreferentziala da, ez loteslea.

Edozein zalantzaren aurrean, beti nagusituko da honako irtenbidea: irabazizko aprobetxamendu pribatuaren intentsitatea gutxitzearen eta komunitate-ekipamenduen dotazioak gehitzearen aldekoena.