Bergarako Udalean dauden alderdi guztiek azaroak 25arekin, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna-rekin, lotutako adierazpen instituzional bateratua sortu dute, Eudel-ek egindako adierazpenean oinarrituta baina hainbat ekarpen gehituta.

Hauxe adierazpena:

AZAROAREN 25erako ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

“EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

Biktimen erreparazioak emakumeei ahotsa ematea ere eskatzen du

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Nazioarteko marko juridikoa kontutan izaten badugu, azpimarratu genezake badagoela loturarik genero-arrazoiengatiko bazterkeria eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Beraz, lotura honek, giza eskubideen urraketa batera garamatza.

Testuinguru honetan, aurten, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. Erreparazio horrek, egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea. Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea. Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia, zikindua edo eta isilarazia izaten da. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna eransten zaio; bitartean, justifikatu egiten dira erasotzaileak. Hori guztia ekiditeko, Bergarako Udala, Berdinsareatik, Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen sarearen bitartez, indarkeria matxistaren aurrean, udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari gara. Istanbuleko Hitzarmenaren markoa egokituz eta biktimen erreparaziorako toki-praktikak garatuz.

Tokiko Erakundeok gizarte bat eraikitzean daukagun ardura sozial eta politikoa aintzat hartu behar dugu, gizarte honek biktimen egiarako eskubidea bermatzea nahi badugu.

Indarkeria jasandako emakumeei ahotsa eman behar zaie, haien lekukotzari autoritatea eta bizi izan duten indarkeriaren errelatoari egiazkotasuna.  Honekin esan nahi duguna da, indarkeria sufritutako emakumeen hitza aintzakotzat hartu behar dela kaltea erreparatu ahal izateko; eta haien askatasuna berrezarri behar dela. Honela bakarrik berreskuratu ahal izango dute eskubide osoko herritartasuna eta duintasuna euren komunitateetan.

 

 
   

Horretarako, Bergarako udalak ondokoak gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu:

 

  • Zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuen sare bat garatu dadin  emakumeei haien errekuperazio-prozesuan arreta osoa bermatzeko,  betiere ahalduntzearen eta banakako erreparazioaren ikuspegi feministatik begiratuta.
  • Bizirauleei entzun, horrela prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatu ahal izateko; emakumeek bizirauteko, babesteko eta ahalduntzeko behar dituzten aurrez aurreko estrategiak balioan jarriz.
  • Emakumeei lagundu, sostengu-zerbitzuetatik, bizi izandako indarkeriaren norberaren errelatoa lantzen, indarkeria hori gizarte-sistema patriarkal batean eraikitako menderapen- eta kontrol-mekanismoa dela ulertuta.
  • Bizirauleek indarkeriaren errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak eta behar den erreparazioa aldarrikatu ditzaten, ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak).
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak legitimatuz.
  • Aldiro-aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta errelatoak jakinarazteko jardunaldiak; gazteekiko sentsibilizazio-tailerrak, etab.
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistaren  biktimen kolektibo eta elkarteekin.

 

Horrez gain, Udala Emakumeenganako Indarkeriaren arazo larriarekin sentsibilizatzeko eta dauden laguntzak ikustarazteko eskuorria etxez etxe banatzen dihardu egunotan.

Hauxe eskuorria: denon_ardura.pdf

Eranskinak: