Covid19 birusa dela-eta martxoaren 14an Espainiako Gobernuak alarma-egoera ezarri zuen eta, prebentzio neurri askoren artean, zenbait zerbitzu eta eginkizun bertan behera uztea erabaki zuen. Horien artean, administrazio publikoek kontratatutako hainbat zerbitzu eta hornidura.

Horren ostean, kontraten interesak eta horietako langileen soldatak bermatze aldera, martxoaren 18an Espainiako gobernuak dekretu bat eman zuen ezagutzera. Berorrek azaltzen du administrazio publikoak –Bergarako Udala barne- kalteordainak eman beharko dituela etendako azpikontratatuetan honako kontzeptutan: langileen soldatak, aseguru primen kudeaketa, bermea gordetzeagatiko gastuak, eta ekipo, tresneria eta bestelakoen alokairua. BEZa, gastu orokorrak eta onura industriala deritzona geratuko lirateke kalte ordainez konpentsazioa jasotzetik salbu.

Udalak departamenduz departamendu arduradunekin aztertu ditu indarrean dituen kontratu txiki eta handi guztiak. Udal teknikarien iritzi teknikoa jaso ostean, Alkateak izenpetutako zirkular bat bidali zitzaien zerbitzua emateko zailtasunak zituzten adjudikazio-hartzaileei, beraien eskaera aurkeztu eta kalteordainak jasotzeko prozesua errazteko.

Azpimarratzekoa da ERTEaren figura. Aski ezaguna den aldi baterako espediente horrekin, langileari kotizazio-oinarriaren % 70 ordaintzen dio Estatuak. Hori horrela izanda, zirkular horren bidez adjudikazio-hartzaileei jakinarazi zitzaien ERTEa izapidetuz gero, eta langileen soldata %100ean bermatzeko asmoz, Udalak soldataren gainontzeko zatia ordaintzeko konpromisoa hartzen zuela, kalte ordain gisa udalak legez ordaindu beharko lukeen lansari osoa parekatzeko asmoz.

Bestetik, Udalak hilabete bakoitzaren amaieran kalte-ordaina bideratuko duela jakinarazi zaie (beti ere adjudikazio-hartzaileak gastuak egiaztatzen baditu); hau da, Udalak ez du etenaldia altxatu arte itxarongo, adjudikazio-hartzaileek likidezia arazoak izateko arriskua dutela ulertzen baitu.

Adjudikazio-hartzaileen eskaerak eta iritzi teknikoa jaso ostean, erabakiak hartzeko orduan kriterio orokorra baliabide publikoen erabilera arrazoizko eta efizientea izan da eta legeak ematen dituen aukerak kontuan hartuta, gaia lantzeko talde politiko guztiekin egindako bilera berezian gaia aztertu ondoren erabaki du zerbitzu batzuk osorik etetea, beste batzuk partzialki etetea eta beste batzuk birmoldatzea.

Partzialki etetearen adibide da sorospen eta bestelako Kirol zerbitzuak emateko kontratua. Sorospen zerbitzua osorik eten den arren, Udalak erabaki du azpikontrataren lan jardunaren zati bat ( %10 inguru) lan egitea besteak beste ikastaroetarako bideoak grabatu eta webgunera igotzeko.

Eten ez baina birmoldatu direnen artean, aipagarriak dira Gazteleku eta ludoteken kasua. Gazteleku zerbitzuan, hezitzaile birtualaren figura indartu da. Gazteekin sare sozialen bitartez aisialdi osansuntsuaz gozatzeko aukera eskaintzen du, baita askotariko gaiak (sexualitatea, prebentzioa…) lantzeko beta ere. Ludoteketako begiraleak aldiz, konfinamendu egoeran dauden adingabeak entretenitzeko jolasak proposatzen dituzte sare sozialetan. Horretaz gain, etxeko-lanak egiteko zailtasunak dituzten adingabeei laguntza eskaintzen ari dira.

Egoera honetan eskaini ezin izan diren eta eten direnen kasua da OTA zerbitzua edo Seminarixoko zinema emanaldiak besteak beste.