Egoera berriari herri moduan guztion artean erantzun

Covid19 birusak ekarri duen krisia beste fase batean sartzen ari da. Konfinamendua arintzen doa pixkanaka, eta azken asteetan behar batzuk eraldatzen diharduten bitartean, beste behar berri batzuk sortzen ari dira. Deseskalada edo konfinamendu arintze fasean sartuta gaude, eta normaltasun berrira egokitzeko pausuak ematen. Beraz, osasuna eta elkarren zaintza alde batera laga barik, beste lehentasun batzuk ere azaldu dira.

Begibistakoa da fenomeno honek eragin ekonomiko handia izango duela, eta hori ere bada lehentasun Bergarako Udalarentzat. 2020rako onartutako aurrekontuek ez dute gaur egungo egoera islatzen. Diru sarrerak asko jaitsi zaizkio Udalari, eta gastu eta lehentasun berriak azaldu dira.

Horren aurrean, Bergarako Udalak lanean dihardu. Lehenik eta behin, aurrekontuak berrikusten eta lehentasunak zehazten ari gara, egoera berriari modu errealista eta eraginkorrean aurre egiteko. Guztiz baldintzatuko du krisialdi honek udalaren aurrekontua, eta Covid19aren ondorioei aurre egiteko beharrezko baliabideak jarriko dira.

Egoera okerrenean daudenei laguntzeko dirulaguntzak martxan daude eta eskaerak bideratzen ari da Udala, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), esaterako.

Dagoeneko ehundaka langile daude ABEE (Aldi Baterako Erregulazio Espediente) egoeran, eta ikusteko dago langabezia tasak epe motz eta ertainean zein bilakaera izango duen. Hortaz, sustapen ekonomikoan ere indarrak jartzen ari da Udala.

Merkataritza sektore kolpatua izan da. Bergara bizia nahi dugu, eta gure komertzioa babestu beharra daukagu. Sentsibilizazio kanpainen bitartez herrian erosteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan da, eta Kuttuna.org-ren bitartez, Bergarako komertzioetan 100.000 euroko inpaktua izan dezakeen kanpaina ere jarri da abian. Horrez gain, Udala lanean dabil bestelako neurri eta dirulaguntza zuzenen bideragarritasuna aztertzen. Datozen egunetan emango da horren berri.

Hilabete bereziak datoz, eta uda ere halakoa izango da. Ez dirudi ekitaldi jendetsu edo jende pilaketarik baimenduko denik, eta horrek guztion ohiturak moldatzea ekarriko du. Aisialdian ere aldaketa nabarmenak egin beharko dira. Hori dela eta, Udala lanean ari da, hainbat eszenatoki aurreikusten, horien aurrean nola jokatu zehazteko. Jaiak, kultura, kirola eta bestelako aisialdia egoera berrira moldatu beharko dira, baita Udalaren jabetzako azpiegiturak ere.

Dena dela, krisi honek gogor joko du, eta ezinezkoa izango da modu duin batean aurre egitea erantzuna soilik administrazio publikoaren bizkar utzita. Herritarren, komunitarearen garaia da. Erabaki dezagun zein Bergara nahi dugun, eta jo dezagun guztiok batera horrantz.