Herritarrekin bilera egin zuen Bergarako Udal Gobernuak Seminarixoan, atzo, azaroak 10. Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan Udalak jarraitu duen prozeduraren inguruko azalpenak eman zituzten Gorka Artola alkateak, Nagore Iñurrategi zinegotziak, Leticia Alvarez udal arkitektoak eta Nerea Egia udal ingurumen teknikariak.

Udalak ekainean jardueraren berri izan zuenetik gaur egun arte egin dituen urratsak azaldu zitzaizkien herritarrei. Gorka Artola alkateak gaiari hasieratik jarraipen zorrotza egin zaiola azaldu zuen, eta zuhurtzia izan dela jarduteko oinarrizko printzipioa gehitu. “Bergararren ongizatea zaintzea dagokigu, eta hori buruan eman ditugu urrats guztiak”, esan du.

Gisa honetako prozedura administratiboetan jarraitu beharreko denborak eta konfidentzialtasuna aintzat hartuta lan egin dun Udalak uneoro. Printzipio horiek ahalbidetu duten neurrian eman zaie informazioa prozesuan zehar, herritar, auzo alkate, talde ekologista eta abarrei. Udal Gobernuaren nahia izan da hasieratik gai konplexu honen inguruko informazio ona edukitzea, eta hori herritarrei helaraztea.

Udalaren eskumena hirigintzari lotutakoa da. Enpresak udalean eskaera egin zuenean jarduera jakin baterako egin zuen eskaera, ondoren, ordea, prozedura gauzatu bitartean beste bi izendapen eman zaizkio jarduerari. Hori horrela, uztailean emandako hirigintza-bateragarritasun txostena baliorik gabe utzi zen azaroaren 2ko alkatetza dekretu bidez udal arkitektoak urriaren 25ean egindako txostenean oinarrituta.

Alegazioak jendeaurrekoan jasotako dokumentua jaso bezain pronto prestatzen hasi zen udala.

Alegazioetarako epea amaitzen zen egun berean, azaroaren 8an jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak horietarako epea 29ra luzatu duela. Udalak lehen dokumentua prest du, eta hilaren 16ko batzordean landu ondoren egingo ditu publiko, hala nahi duen orok informazio hori eskura izan dezan alegazio propioak egiteko.

Alegazioak hirigintzari eta ingurumenari lotutakoak dira. Laburbilduz, eta hirigintzari dagokionez, indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta. Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez da bateragarria, erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala.

Ingurumenari dagokionez, kontuan harturik zuhurtziaren eta kautela-ekintzaren printzipioa eta proiektu teknikoaren kaudimenari buruzko berme teknikoen gabezia, horrek gomendatzen du jarduera ez baimentzea, gertuan baitaude etxebizitzak eta bizitegi-auzoak. Osatzeko edo zuzentzeko hainbat alderdi ere proposatzen dira.