2021. urte amaieran patioan estalpea jarri ondoren, 2022. urtean San Martin Agirre ikastetxeko Haur Hezkuntzako patioa eraberritzeari ekin zitzaion. Une honetan lanak martxan daude, eta aurreikuspena da martxoaren hasierarako bukatuta egotea. Horrela, eta Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik esan duenez, “Bergarak jolaserako beste espazio bat irabaziko du. Izan ere, eskola orduetatik kanpo gainontzeko herritarrek ere erabili ahal izango baitute”.

Eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako patioetan zegoen hutsunea aspaldi identifikatuta zuen ekolako komunitateak, 2021. urteko irailean Lehen Hezkuntzako patioan jolas librerako eremua inauguratzerakoan gurasoen ordezkariek azaldu zutenez. “Kirola zen eskaintza nagusia bietan eta ikasle asko geratzen ziren dinamika horretatik kanpo. Argi genuen ikasle guzti-guztiei jolaserako askotariko aukerak eskaintzen zizkien kanpo espazio inklusibo bat behar genuela. Horrela abiarazi genuen patioak eraldatzeko prozesua”.

Bi patioen eraberritzea aldi berean egitea ez zen bideragarria, eta hortaz, Lehen Hezkuntzakoa moldatu zen lehenik, eta orain Haur Hezkuntzakoa.

Orain artekoa 80. hamarkadako diseinua zuen patioa zen, asfalto hutsa. 2014. urtean eraikinean eraberritze lanak egin ziren, eta 2015. urtean inauguratu, baina ez zen kanpoko espazioan inolako aldaketarik egin. “Gune berriarekin, orain arteko inertziarekin apurtu, eta baloi-zentrismoa sustatzen zuen patioa, esploraziorako eta jolas librerako espazio inklusibo bihurtuko da, eskolako komunitateak eskatu bezala”, Aranberriren hitzetan. Gainera, kontuan izan behar da gaur egun eraikina eskola orduetan 6 urtetik beherako haurrek erabiltzen dutela, beraz, patioa haien premietara egokituta egon behar da.

Eskolako gurasoek zein zuzendaritzak lan izugarria egi dute patiorako irizpideak bateratzen eta Udalarekin batera lanketa egiten, eta horregatik eskerrak eman dizkie Aranberrik, “eskolarako ez ezik herrirako ekarpen polita egin dutelako”.

Lankidetza maila ekonomikoan ere gauzatu da. Udalak HHko patioaren zati bati dagokion obra eta obraren kostua hartuko ditu bere gain. Baina beste zati bati dagokiona aldiz, San Martin eskolako Guraso elkarteak auzolanean egingo du, eta beharrezko finantziazioa beraien baliabideetatik ordainduko dute. Hau da, obraren zenbatekoa bi zatitan ordainduko da. Zati bat Udalak eta bestea Guraso elkarteak.

Udalak bere gain hartu behar zuen zatia urte hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa izango da, izan ere, Eusko Jaurlaritzatik patio inklusiboetarako espero ez zen diru-laguntza jaso da, eta horrek, hasiera aurreikusi ez bezala, patioaren azalera guztian eragitea ekarriko du.

Orotara 122.428,77 euroko inbertsioa egingo da. Udalak kopuru osoaren %75 pasatxo hartuko du bere gain eta gurasoek gainontzeko ia %25a. K1 Ekopaisaia SLL eta Izarraitzpe Lorazaintza SLL enpresek egin dituzte lanak.

Neguko oporrak hartu orduko, patioko eraberritze lanekin hasita, ur hodi bat apurtu zen, eta hori konpotzeak 12.000€ko kostua izan du. Prezioan ez ezik obra amaitzeko epean ere eragingo du horrek, eta aurreikusi baino egun batzuk beranduago amaituko da. Hala ere, obra martxo hasierarako bukatuta egotea aurreikusten da.