14. artikulua.- Lurzoruaren kalifikazioa

Lurzoruaren kalifikazioa da plangintzaren bidez erabilera orokorrak eta erabilera xehatuak esleitzea udal-lurraldea banatzen den gune eta eremu bakoitzari.

Indarrean dagoen Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 16. artikuluak ezartzen duenaren arabera, babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzak egiteko behar diren lurrak kalifikatu ditzake Plan Orokorrak. Kalifikazioak, gutxienez, lege bereko 80. artikuluak aurreikusten dituen estandarrak eta kopuruak bete beharko ditu. Hiri-lurzoruko Areen eta lurzoru urbanizagarriko Sektoreen Hirigintza-Fitxek finkatzen dituzte kopuru eta estandar horiek.

Planak kalifikatu ahal izango ditu, halaber, sustapen eta interes publikoko jarduera ekonomikoak kokatzeko lurrak ere.

Bergarako udalerrian ez dago txandakako bizitokietarako lurzoru-erreserbarik egin beharrik; izan ere, Bergarak gaur egun ez du —eta Plan Orokor honen etorkizunerako aurreikuspenen arabera ere ez du izango— 20.000 biztanle edo gehiago (Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 81. artikulua).

15. artikulua.- Lurzoruaren erabilerak. Araubidea

Dokumentazio grafikoko 3. multzoko planoetan eta Hirigintza-Fitxetan, udal-lurralde osorako lurzoru-erabilera orokorrak zehazten dira.

Artikulu honetan lurzoru-erabileren sailkapen bat proposatzen da; sailkapen hau guztiz osatua ez denez, erabileraren bat bideratu nahi eta zerrenda honetan ez balego, erabilera horretarako baimena eman ala ez erabakitzerakoan, agertzen direnen artean baten batekin izan lezakeen analogia bidez jokatu beharko da. Hona hemen erabileren zerrenda:

A.- Komunikazioen Sistema Orokorrerako erabilera

Hemen sartzen dira Bergarako garraio- eta komunikazio-sarea osatzen duten errepideak, trenbideak, oinezkoen eta bizikleten ibilbideak eta horien elementu osagarriak (aparkalekuak, geltokiak, zerbitzu-guneak, etab.), nahiz udalerri-mailakoak nahiz udalerriz gaindikoak izan. Honako kategoriak ezarri dira:

  • Ibilgailuentzako, bizikletentzako eta oinezkoentzako bidetarako erabilera: Erabilera horiek oinarrizkotzat hartuko dira, eta erabilera orokorreko gune guztietan zuzenean baimendutzat joko dira aurrez espresuki ezarrita agertu beharrik gabe.
    Ibilgailuentzako bide-erabileraren baitan, beste erabilera eta instalazio osagarri batzuk onartzen dira, hala nola, obra publikoak egitearekin, mantentzearekin edo horien zerbitzuarekin lotuta dauden behin-behineko eraikuntzak eta instalazioak; errekin eta erregaien hornitegiak; eta zerbitzu-guneak. Eta horiekin batera onartzen dira, era berean, Aitziturri kalean autobusak gelditzeko aurreikusten den geltokian edo nasan jarriko diren markesinak eta zerbitzu osagarriak.
    Erabilera honen barruan onartzen dira, halaber, alde batetik, ibilgailuak aire librean aparkatzea jabari publikoko zein pribatuko guneetan, eta bestetik garaje-erabilera, hau da, ibilgailuak estalitako gune itxietan gordetzea —gune bakoitzak hartzen duen azalera osoaren araberako kategoriarekin—.
    Garaje-erabilerak —garajea ibilgailuak gordetzeko gune bezala ulertuta— beste erabilera osagarri batzuk hartzen ditu bere baitan, hala nola, komunak, instalazio-gelak, etab. Horietatik kanpo gelditzen dira, espresuki, ibilgailuak garbitzeko edo hornitzeko zerbitzu-guneak eta baita ibilgailuak mantentzeko edo konpontzeko edozein lantegi-mota ere.
    Hirigintza-Fitxetan arautzen dira Area eta Sektore bakoitzean garaje-erabilera ezartzeko balldintzak eta erabilera bera.
    Bizikletentzako eta oinezkoentzako bide-erabileren barnean, atseden-gune txikietarako behin-behineko eraikuntzak, kioskoak eta abar onartzen dira.
  • Abiadura handiko trenaren eta tranbiaren trenbidetarako erabilera: Erabilera horiek oinarrizkotzat hartuko dira, eta erabilera orokorreko gune guztietan zuzenean baimendutzat joko dira, aurrez espresuki ezarrita agertu beharrik gabe.
    Trenbide-erabileraren barruan, ezarriko diren proiektu bietarako, beste erabilera eta instalazio osagarri batzuk onartzen dira, hala nola, horiek egitearekin, mantentzearekin eta horien zerbitzuarekin lotuta dauden behin-behineko eraikuntzak eta instalazioak, tranbiaren geralekuetako kiosko eta markesinak, eta baita Urarte kalean ibilbide bukaerarako aurreikusten den azken geralekuan beharko diren zerbitzu osagarriak ere.

B.- Ibai-Ibilguen Sistema Orokorrerako erabilera:

Atal honetan sartzen dira Bergarako lurraldeko sare hidrografikoari dagozkion lurrak eta horiei lotutako ibaiertzak.

Lurzoru horien erabilera honako arauen menpe egongo da: indarrean dagoen Estatuko Uren Legea (uztailaren 20ko 1/2001 Errege-Dekretu Legegilea), EAEko Uren Legea (ekainaren 23ko 1/2006 Legea), eta EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (Isurialde Kantauriarra).

Jarduteko irizpide orokor gisa, uren kalitatea zaintze aldera joko da beti, eta ibilguak eta ibaiertzak ezingo dira okupatu.

Hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakoetan, Lur Gaineko Uren babes-gunea mugarritu da, dokumentazio grafikoan zehaztuta gelditzen den zabaleran; hala ere, antolamendu xehatuko plangintzan gehiago zehaztu beharko da zabalera hori.

C.- Zerbitzuetako azpiegituren sistematarako erabilera:

Hauen barruan daude udalerriko azpiegituren sistema osatzen duten elementuak, nahiz udalerri-mailakoak izan, nahiz udalerriz gaindikoak izan.Honako kategoriak ezarri dira:

  • Ur-hornidurako azpiegitura-erabilera: Horren barruan daude: urtegiak, araztegiak, urak hartzeko arketak, hornidurarako hodi handi nagusiak, ura biltegiratu eta banatzeko ur-biltegiak (deposituak), banaketa-sareak eta ponpaketa-guneak, eta baita horiei dagozkien erabilera lagungarriak ere.
  • Hondakin-uren, ur beltzen eta euri-uren saneamenduko azpiegitura-erabilerak: Horren barruan daude estolderia-sareak, kolektore nagusiak, ponpaketa-guneak eta urak tratatu eta garbitzeko araztegiak.
  • Energia elektrikoko sarearen azpiegitura-erabilera: Hemen sartzen dira energia elektrikoa banatzeko diren estazioak eta azpiestazioak, eta transformazio-zentroak, eta baita horniketa eta banaketarako airetiko nahiz lur-azpiko sareak ere. Azkenik, baita, argiteria publikoko sarea ere.
  • Gas-sarearen azpiegitura-erabilera: Hemen sartzen dira gasbideak, udal-lurraldetik zehar area eta sektore industrialetara gasa banatzeko sareak eta etxeetarako sarea. Bere baitan, erregulazio- eta neurketa-guneak ere hartzen ditu. Erabilera industrialtzat hartuko dira, ondorio guztietarako, edozein motatako erregaiak ekoitzi eta biltegiratzeko instalazioak, baldin eta salmentarako badira, eta edozein dela ere salmenta-era.
  • Telekomunikazioko azpiegitura-erabilera: Hemen sartzen dira zentral telefonikoak, edozein motatako antenak eta telefoniako nahiz telebistako sareak. Honako hauek Oinarrizko Zerbitzuen Erabileratzat hartuko dira: edozein motatako zerbitzuak banatzeko sareak (ura, saneamendua, energia elektrikoa, gasa, telefonia eta beste batzuk), ura hornitzeko edo hondakin-urak bideratzeko ponpaketa-guneak, energia elektrikoa eraldatzeko transformazio-guneak, gas-sarea etxerako nahiz industriarako erregulatzeko tokiak, eta telefonia-sarea banatzeko gelak. Oinarrizko Zerbitzuen Erabilerak direnez, hiri-lurzoruko eremu guztietan baimendu daitezke udal lizentzien bitartez.
    Lurzoru urbanizagarriko eremuetan, berriz, zerbitzu-sarre horien diseinurako irizpideak eta elementu nagusiak plangintza partzialean azalduko dira eta, ondoren, dagozkien urbanizazio-proiektuetan garatu beharko dira.
    Planeamenduak espresuki baimendu beharko ditu erabiltzailearen zerbitzu zuzenerako diren gas erregai likuatuak biltegiratzeko deposituak.
  • Kontrolpeko zabortegitarako erabilera: Hemen sartzen dira hondakin inerteak kontrolpean biltzeko zabortegiak. Mankomunitateko Epeleko Zabortegian baino ezingo da garatu erabilera, eta udal-lurraldean ezingo da beste zabortegi berririk ireki. Dagoeneko baimenduta daudenek zeharo bete arte jarraitu ahal izango dute; eta orduan, errekuperatu eta onera ekartzeko neurriak hartu behar izango dira, dagozkien proiektuen eta baimenen baldintzei jarraituta.
    Hala ere, posible izango da lurzoru urbanizaezinean zabortegi txikiak edo, hobeto esanda, hondakin geldoez eta lurrez egindako bete-lanak kokatzea, baserri-lurretako nekazaritza-erabilera hobetze aldera. Horrelako instalazio bakoitza kontrolatu egingo da; izan ere, lurren titularrak instalaziorako udal lizentzia eskatu eta proiektu tekniko egokiak aurkeztu beharko ditu.

D-Espazio Libreen Sistema Orokorrerako erabilera:

Salbuespen bereziak salbuespen, eraikuntza-garapenik gabeko espazioak dira, eta bertan ez da Komunikazioen Sistemetako elementurik jarriko. Jabari publikoko eta sarrera libreko guneak dira. Bi kategoria bereizten dira:

  • Guztiontzako Espazio Libretarako erabilera: Plazek eta eraiki gabe gelditzen diren espazioek duten ohiko erabilera da, edo baita hiri-eremuan nahiz landa-eremuan eraikuntzarik eta azpiegiturarik eraiki ezinezko espazioek dutena. Baita landa-inguruan aisialdirako eta atsedenerako diren jabari publikoko lursailek eta antzekoek duten erabilera ere. Oinarrizko Erabileratzat hartuko da beti, eta Erabilera Orokorra esleituta duten gune guztietan zuzenean baimendutzat joko da, espresuki zehaztu beharrik gabe. Erabilera honen baitan ere sartzen dira espazioak eta instalazioak mantentzeko edo erabiltzaileen zerbitzura dauden beste erabilera lagungarri batzuk, hala nola, komun publikoak, kioskoak, telefono-kabinak eta antzeko beste batzuk.
  • Natura-gunetarako erabilera: Gizakiaren esku-hartzearen gainetik, naturaren zaintza nagusitzen den guneetan ematen da erabilera hori, hala nola, mendietan, naturagatik edo paisaiagatik interesgarri diren guneetan zein beste batzuetan.

E-Berdeguneen Sistema Orokorrerako erabilera:

Honen barruan sartzen dira parke eta lorategi publiko diren guneak, hiri- zein landa-ingurukoak. Oinarrizko Erabileratzat hartuko dira, erabilera hori espresuki zehaztu beharrik gabe. Erabilera lagungarritzat honako hauek hartzen dira: guneak, zuhaitzak eta gainontzeko landaketak eta instalazioak mantentzeko eta baita erabiltzaileen zerbitzuak mantentzeko ere behar direnak, hala nola, komunak, kioskoak, kabinak, etab.

F- Komunitate-Ekipamenduen Sistema Orokorrerako erabilera:

Honen barruan sartzen dira entitate pribatuek zein publikoek irabazteko asmorik gabe herritarren zerbitzurako garatzen dituzten jarduerak. Entitate pribatu batek garatzen duen jarduera jakin bat Udalak Komunitate-Ekipamendu gisa kalifikatzeko orduan, entitateak irabazteko asmorik duen edo ez baloratu eta horren arabera erabakiko du. Jardueraren sustatzaileak irabazteko asmoa duela irizten bazaio, jarduera Hirugarren Sektoreko Erabileratzat hartuko da, Ekipamendukotzat hartu beharrean.

Honako kategoriak ezarri dira:

  • Ekipamendu Zibiko-Administratibotarako erabilera: Hemen sartzen dira herritar guztien zerbitzura dauden eta izaera publikoa duten Erabilera Zibiko eta Administratiboak, hala nola, Udaletxe barruan ordezkaritza eta administrazio publikorako diren tokiak, Justizia-administrazioa, Poliziaren komisariak, azokak, posta-bulegoak, artxiboak (mikrofilmazioa barne) eta beste erabilera lagungarri batzuk, udal brigadarako biltegiak kasu.
  • Asistentzia- eta Osasun-Erabilera: Honen barruan daude, alde batetik, anbulatorio, kontsultategi, sendaketa-zentro, klinika, ospitale eta antzekoetan gaixoak tratatu eta ospitaleratzea, eta bestetik, adin nagusieneko herritarrei edo bere kabuz balia ezin direnei asistentzia eta bizitokia ematea, hala nola, Jubilatuen Etxeak, Zaharren Egoitzak, Ezinduen Egoitzak eta beste batzuk.
  • Kultura eta Dibertimendurako Erabilerak: Honen barruan sartzen dira, batetik, kultura edo sormen artistikoa sustatzeko jarduerak, hala nola, liburutegi, museo, erakusketa-areto, hitzaldi-areto, musika-auditorium eta beste antzekoetan ematen diren jarduerak; eta bestetik, aisialdirako jarduerak, hala nola, antzerkia, zineak, jolas-aretoak eta antzekoak; guztiak, baina, irabazteko asmorik gabe garatutakoak badira.
  • Erlijiorako Erabilerak: Honen barruan daude erlijioek euren eraikuntzetan eta lokaletan garatzen dituzten erlijiozko kultu- eta heziketa-jarduerak. Bergaran oso ugariak dira erlijio katolikoaren kulturako dauden elizak, kaperak eta ermitak. Beste erlijioek jarduteko lokalak, berriz, urriak dira.
  • Hilerri-Erabilera: Indarrean dauden Arau Subsidiarioek hilerri berria eraikitzeko lurzoru-erreserba bat aurreikusita zuten, baina, gero eta gorpu gehiago errausten denez, erreserba hori ezabatu egin da eta, beraz, erabilera hau orain dauden hilerrietan mantenduko da. Hilerri-erabileraren lagungarriak dira autopsia gelatarako osasun-erabilera, erlijio-erabilera eta ibilgailuak aparkatzeko erabilera.
  • Kirol-Erabilera: Honen barruan sartzen da kirola eta kultura fisikoa modalitate guztietan lantzea eta irakastea, nahiz eraikinen edo lokalen barruan, nahiz berariaz horretarako egokitutako espazio libreetan. Hemen sartzen dira, era berean, erabilera honi dagozkion beste erabilera lagungarriak ere. Dena den, erabilera, kasu guztietan, irabazteko asmorik gabe garatzen dela ulertzen da.
  • Irakaskuntza-Erabilerak: Irakaskuntza-modalitate guztiak sartzen dira hemen, gaur egungoak nahiz etorkizunean ezar daitezkeenak. Egun dagoen sistematik abiatuta, hemen sartzen dira haur-hezkuntzako ziklo biak, lehen mailako hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide heziketa, hezkuntza berezia, maila ertainekoa, unibertsitatekoa eta beste batzuk, tipifikatuak edo tipifikatu gabeak, publikoak zein pribatuak; eta baita horiei guztiei dagozkien erabilera lagungarriak ere, hala nola, kirol-, asistentzia-, kultura- edo aisialdiko erabilerak, aparkalekuak eta beste erabilera osagarri batzuk.

Indarrean dagoen Plangintza-Erregelamenduaren arabera, Bizitegiko, Industriako eta Hirugarren Sektoreko erabilera nagusietarako lurzoru urbanizagarrian, Komunitate-Ekipamenduko Erabilerak nahitaezko dotazio gisa definitzen dira eta, horrenbestez, Oinarrizko Erabileratzat hartzen dira eta ez dute beharko plangintzaren baimen espresurik.
Sektore batzuetan, euren ezaugarri bereziak direla-eta, dotazio-erabileraren bat ordezkatu ahal izango da eta beste bat jarri, baina beti errespetatu beharko da Erregelamenduak dotazio-erabileretarako ezarri duen azalera orokorra.

G-Bizitegi-erabilerako guneak:

Pertsonen bizitoki izateko dira. Bizitegi-erabileretan hiru kategoria bereizten dira:

  • -Hirigune Historikoa: Hirigune Historikoa da dokumentazio grafikoan izendapen horrekin mugarritzen den gunea, eta bat dator ia guztiz 96/2003 Dekretuak I. eranskinean mugarritzen duenarekin; izan ere, apirilaren 29ko 96/2003 Dekretuaren bidez, Bergarako Hirigune Historikoa “Kultur Ondasun” kalifikatu zen, “Monumentu Multzo” kategoriarekin. Hirigune Historikoan ezaugarri ezberdinak dituzten bizitegi-eraikinak daude, antolaketa tipologiko eta tratamendu arkitektoniko diferentekoak.
    Bizitegi-erabileraz gain, dotazioko eta merkataritzako erabilera bateragarriak ere badaude. Gaur egun apenas dago eskulangintzazko industria-jarduera txikirik, aurreko garaietan sarri aurkitzen ziren arren. Hiriguneko lurzoru librea oinezkoentzako gune izatera joko da, eta kaleko trafikoa murriztuta baino ez da mantenduko, hau da, zerbitzuak emateko edo bertara joateko trafikoa eta oinezkoak aldi berean egoteko moduan.
    Errege Mintegiko jolastokian lur azpiko aparkalekuak eraiki ahal izango dira administrazio-emakida bidez. Industriako edo hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoetarako erabilerarik ez da onartuko baldin eta erabilerak behar duen bide-trafikoa edo aparkatzeko tokia Hirigune Historikorako ezegokitzat jotzen badira. Gune hauetarako araudi partikularra Areako Hirigintza-Fitxan jasotakoa izango da, izapidetu beharko den Babes eta Zaintza Plan Berezia onartu artean.
  • Bizitegi trinkoa: Kategoria honetan sartzen dira: batetik, hiri-lurzoru finkatuan eta finkatugabean dentsitate ertainak eta handiak dituzten guneak, salbu Hirigune Historiko gisa mugarritutako eremua; eta bestetik, bizitegiak jartzeko area eta sektore berriak baldin eta hiri-zabalguneko tipologiaz edo gorakako blokeetako eraikuntza irekiaz garatzeko badira. Kategoria honetan, etxebizitzak eraikin batean multzoka agertzen dira bata bestearen ondoan, horizontalki zein bertikalki, eta sarbide bera dute guztientzat bide publikotik edo aldameneko espazio libretik. Gune hauetan, eraiki gabeko lurzoru librea, gehien bat, urbanizazio publikoa da.
    Gune hauetarako araudi partikular zehaztua ordenantza hauetako atal honetan jasotzen da: IV. ATALA. 2.1.- BIZITEGI-LURZORURAKO ORDENANTZA BEREZIAK.
  • Bizitegi zabalgarria: Kategoria honetan sartzen dira, batetik, area finkatu hauek: A-47 area —Angiozar auzoan— eta A-53 area —Madura inguruko familia biko etxeen multzoa—; eta bestetik, dentsitate gutxiko bizitegiak jartzeko sektore berriak, familia bakar edo biko etxe-tipologiaz garatzekoak. Etxebizitza bakoitzak, edo gehienez ere atxikitako bik, sarbide esklusiboa izango dute bide publikotik edo partzela ondoko espazio libretik.
     

H-Lehen Sektoreko Erabilera:

Honen barruan daude lurzoruaren baliabide naturalak zentzuz erabiltzearekin lotutako jarduerak. Landa-inguruan jarri behar dira nahitaez.

Lehen sektoreko baliabideen ustiaketa edo aprobetxamenduak honela sistematizatu dira:

  • Nekazaritza: Hemen daude basokoak ez beste landare-baliabideak lantzearekin zuzenean lotzen diren jarduerak. Kontzeptu honen barruan sartzen dira aire librean zein estalpean (landaketa babestuak) garatzen diren nekazaritza-jarduerak.
  • Abeltzaintza: Edozein ganadu-mota haztearekin lotutako jarduerak dira, horien barne daudela larrugintzarako animaliak hazteko edota ehizarako espezieak ekoizteko abeletxeak. Horien artean daude, halaber, lurra larre bihurtzeko gertaketa-lanak, bazka-landaketak eta artzaintza.
  • Basogintza: Honen barruan dauden jarduerek baso-lurrak hobetu edo ustiatzea dute helburu. Artzaintza, baina, ez da hemen sartzen. Baso-lurtzat jotzen da, hiri-guneetatik kanpo eta nekazaritza-landaketarako izan gabe, zuhaitz- edo zuhaixka-masek hartu duten edo har dezaketen lurra.
  • Nekazaritza-industriak: Hauek dira lehen eraldaketa egiten duten nekazaritza-elikagaien industriak edo basoko industriak, eta arrazoi funtzionalak, dimentsionalak, sanitarioak edo beste batzuk direla medio landa-lurrean kokatu behar direnak, baldin eta ez badira nekazaritza-ustiapen bateko erabilera lagungarritzat hartzen.
  • Erauzketa-jarduerak: Mea-baliabideak erauzteko edo ateratzeko jarduerak dira, eta baita horiekin zuzenean lotutako erabilera lagungarriak ere.

Honako hauek berariazko araudietan arautzen dira: aipatutako jarduera horiekin zuzenean lotutako eraikuntzak; ateratako produktuei lehen eraldaketa egiten laguntzeko eraikuntzak; jarduera osagarriak garatzeko eraikuntzak; jardueretarako erabilera osagarriak; eta jarduera bereziak.

J- Jarduera Ekonomikotarako Erabilera:

Honen barruan sartzen diren lurzoruetan honakoak kokatuko dira: industriako edo merkataritzako erabilera trinkoak, logistika-sektorearen inguruko jarduerak eta hirugarren sektoreko edozein jarduera-mota. Plan Orokor honetan mantendu egiten da, oinarrian, indarrean dauden Arau Subisidiarioek ezarritako erabileren eta jardueren sistematizazio hau:

 

J-1.-Industria-erabilerak:

-Industria-jarduerak, edozein produktu-mota atera, fabrikatu eta eraldatzeko helburua dutenak, eta hainbat arrazoi direla medio (erabili, manipulatu edo saltzen dituzten materialengatik, edo erabiltzen dituzten elementu teknikoengatik) berariazko area edo sektoreetan kokatu behar direnak, pertsonentzat eragozpenik, arriskurik edo deserosotasunik sor ez dezaten.

  • Laborategiak, edozein motatako produkzio edo ikerketarakoak.
  • Biltegiak, produktuak zaindu, gorde eta banatzeko direnak, eta esklusiboki txikizka edo handizka saltzen dutenak, instalatzaileak, fabrikatzaileak edo banatzaileak hornitzen dituztenak, jende arruntari zuzenean saldu gabe.
  • Aire libreko biltegi edo deposituak, honakoak gordetzekoak: makineria, ibilgailuak, materialak, hondakinak eta txatarrak, eta kasuen arabera, baso-ustiapenen ondorengoak.
  • Biltegiak eta deposituak, salmentarako diren errekin eta erregaiak gordetzekoak.
  • Ibilgailuentzako Zerbitzu-Guneak, hau da, ibilgailuak erregaiz hornitu, garbitu eta mantentzeko unitateak.
  • Konponketa-tailerrak, honakoak konpontzekoak: ibilgailuak, edonolako makineria, aparatuak eta lanabesak.
  • Errepide-garraioen agentziak.
  • Industria-erabilera nagusiarekin lotutako beste erabilera lagungarriak, hala nola, bulegoak, laborategiak eta kalkulo-zentroak; zerbitzu-instalazioak, besteak beste, depositoak, ponpaketa-instalazioak, hondakin-arazketarakoak, garajeak (autobusentzako, ibilgailu industrialentzako eta langileen ibilgailuentzakoak), makineria gordetzeko parkeak, aldagelak, komunak, etab. Etxebizitza-erabilera ez da erabilera lagungarritzat hartuko, ezta etxebizitza kokatzen den enpresa bereko zaintzailearentzat izanda ere. Enpresetan etxebizitzak eraikitzeko aukera espresuki baimendu beharko da kasu bakoitzean, Area eta Sektore bakoitzaren Hirigintza-Fitxak ezarritakoari men eginez.

Industria-erabilerak kategoriatan sailkatzen dira, eta horretarako kontuan hartzen da zein deseroso, kaltegarri, osasungaitz edo arriskutsu izan daitezkeen baimendutako bestelako erabilerekiko edota, oro har, ingurumenarekiko. Area eta Sektoreetako Hirigintza-Fitxetan finkatuta dator, eremu bakoitzean, jarduera ekonomikoetarako erabilera onargarrien kategoria. Hona hemen zeintzuk diren:

  • 1. kategoria:Kategoria honetako industria-jarduerek ez dute inolako eragozpenik edo arriskurik sortarazten eta norbanako edo familia mailakoak dira. Erabilitako azalera, kasu guztietan, ez da izango 80 metro koadro baino handiagoa. Kategoria honetan sartzen dira, halaber, eragozpenik edo arriskurik eragiten ez duten produktuen biltegiak, baldin eta biltegien azalera ere 80 metro koadro baino handiagoa ez bada, eta zamalanak ibilgailuen trafikoari edo oinezkoei arazorik sortu gabe egiterik badute.
  • 2. kategoria:Kategoria honetako industria-jarduerak bateragarri dira Bizitegi-Erabilerekin eta Hirugarren Sektoreko Erabilerekin, izan ere ez dute arriskurik eta ez dute eragiten eragozpenik aldameneko erabilerekiko. Lokalaren azalera gehienez ere ez da izango 160 metro koadro baino handiagoa, zuzeneko sarbidea izan beharko dute bide publikotik, eta zamalanak ibilgailuen trafikoari edo oinezkoei arazorik eragin gabe egin beharko dituzte.
  • 3. kategoria: Kategoria honetan sartzen diren industria-jarduerak tamaina txiki edo ertainekoak dira, hau da, eraikuntzak lursailean okupatzen duen azalera 3.000 metro koadrotik beherakoa da, eta nahiz eta neurri zuzentzaileak bete, Bizitegi-Erabileren edo Hirugarren Sektoreko Erabileren aldamenean kokatuz gero, eragozpenak eragiteko modukoa da, eta hortaz, erabilera horiekin bateraezina da. Kategoria honetan konponketa-tailerrak sartzen dira, bai ibilgailuenak, bai makineriarenak, baldin eta jarduerari zuzenean lotutako bi pertsona baino gehiago badaude. 3. kategoriako Industria-Erabilerak, nahitaaez, erabilera nagusia industriakoa duten Area eta Sektoreetan kokatu beharko dira.
  • 4. kategoria: Kategoria honetan sartzen diren industria-jarduerak tamaina handi edo ertainekoak dira, hau da, eraikuntzak lursailean okupatzen duen azalera 3.000 metro koadrotik gorakoa da, eta bateraezinak dira Bizitegi- edo Hirugarren Sektoreko Erabilerekin, eta erabilera nagusia industriakoa duten Area eta Sektoreetan kokatu beharko dira nahitaez. Kategoria honetako jardueretarako izendatutako partzela bakoitzean, erabileraren jarduera lagungarriak ere garatu ahal izango dira, hala nola, aire zabalean egindako bilketak, zamalanak, ibilgailuen maniobrak, aparkalekuak eta antzekoak.
  • 5. kategoria: Kategoria honetan sartzen diren jaduerak, produkziorako behar duten eremua handia delako —20.000 metro koadrotik gorako partzela-azalera— edo arriskutsu, kaltegarri edo gogaikarri gertatzen direlako, aparteko leku berezitu eta esklusiboetan baino ezin dira kokatu, beste erabileretarako diren lursailetatik behar bezain urrun. Kategoria honetako jardueretarako izendatutako partzela bakoitzean, erabilera horretarako lagungarri diren jarduerak garatu ahal izango dira, besteak beste, aire zabalean egindako bilketak, zamalanak, ibilgailuen maniobrak, aparkalekuak eta antzekoak; eta baita jardueretarako osagarri diren instalazioak ere, esaterako, ur-deposituak, biltegiratzeko deposituak, ponpaketa-instalazio osagarriak, araztegiak, eraldaketa-zentroak, hozte-dorreak, etab.

Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Erregelamenduaren arabera (azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretua), jarduerak honela sailkatzen dira:

  • Jarduera Gogaikarriak: Eragozpenak eragiten dituzten jarduerak dira, bai zarata edo bibrazioak sortarazten dituztelako, bai keak, gasak, usainak, lainoak, hautsak airera edo bestelako sustantziak botatzen dituztelako. IGOKA Erregelamenduak aipatzen dituen arrazoiez gain, honako beharrak dituzten jarduerak ere jarduera gogaikarritzat jotzen dira: aparkaleku, instalazio edo biltegi-toki izateko ageriko eremu handiak behar dituztenak, langile-pilaketak eragiten dituztenak, eta maniobrak nahiz zamalanak egiteko eremu libre handiak behar dituztenak.
  • Jarduera Osasungaitz eta Kaltegarriak: Halako jarduerek, botatzen edo kanporatzen dituzten produktuen bitartez, zuzen-zuzenean edo zehar-bidez kalte egin diezaiekete gizakien osasunari edo nekazaritza-, basogintza-, abeltzaintza- edo arrantza-aberastasunari.
  • Jarduera Arriskutsuak: Horrelako jardueretan fabrikatu, manipulatu, banatu edo biltegiratzen diren produktuek arrisku larriak sor ditzakete, pertsonentzat zein ondasunentzat, leherketa, konbustio, erradiazio edo garrantzi bereko beste batzuk suerta daitezkeelako.

 

J-2.- Hirugarren Sektoreko Erabilerak:

Horrelakoak dira bai merkataritzan oinarritutako jarduerak, bai zerbitzuetako finantza-alorrak, bai jarduera administratibo pribatuak. Honako kategoriak ezarri dira:

Merkataritza-Erabilerak: Hemen daude publikoari zuzendutako edozein produkturen merkataritza edo salmenta —txikizka nahiz handizka izan—, ostaturik gabeko ostalaritza-negozioak —hala nola, tabernak, kafetegiak, pub-ak eta jatetxeak—, zerbitzu pertsonalak edo etxerako zerbitzuak ematea —esaterako, ile-apaindegiak, edertze-aretoak, tindategiak eta antzekoak—, eta horiei guztiei dagozkien erabilera lagungarriak.

Honako erabilerak ere merkataritza-erabilera gisa onartzen dira:

  • 1. eta 2. kategorietako industria-erabilerak.
  • Bulego-erabilerak.
  • Dibertimendurako erabilerak: Aisia eta denbora librea betetzeko komunitate-jarduerak dira. Titularitate pribatuko jarduera horiek, dituzten helburuengatik edo irabazteko asmoarengatik, ezin dira hartu komunitate-ekipamendutzat. Horien barruan aipa daitezke astialdiko elkarte edo elkarte gastronomikoak, zine edo antzokiak, jai-aretoak, jolas-tokiak (lokalak), gimnasioak bezalako lokal itxietako kirol-instalazioak, eta beste batzuk.
  • Osasun- eta Asistentzia-Erabilerak: Hemen sartzen dira mediku- nahiz albaitari-kontsultategiak, eta baita gaixoentzako egoitzak ere, baldin eta jarduerok irabazteko asmoz garatzen badira.
  • Titularitate pribatukoak diren eta irabazteko asmoz garatzen diren Hirugarren Sektoreko beste erabilerak eta ekipamendu-erabilerak, hala nola, irakaskuntzakoa, soziokulturala eta erlijiozkoa.

Merkataritza-ekipamendu edo astialdi-zentro handiak araututa, definituta eta sailkatuta daude Euskadiko Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean, 13 eta 14. artikuluetan. 24. artikuluak finkatzen ditu Debagoieneko Eremu Funtzionalerako, eta zehazki Bergararako, antolamendu-irizpideak eta kokapenerako jarraibideak. Arrasate – Bergarako Lurraldearen Zati Planak, 64. artikuluan, merkataritza-ekipamendu handiak arautzeko orduan, Lurraldearen Arloko Planera bidaltzen gaitu.

Merkataritza-ekipamendu edo astialdi-zentro handi horiek jartzeko aukera espresuki jaso beharko da Area edo Sektoreko Hirigintza-Fitxan, eta Bergarako Udalak Area eta Sektore bakoitzerako gehieneko sabai eraikigarria zehaztuko du.

Merkataritza-erabileretatik kanpo gelditzen da, espresuki, garaje-erabilera bere kategoria guztietan.

Bulego-erabilera: Titularitate pribatuko finantza-, zerbitzu- eta administrazio-alorretako jarduerak dira, hala nola, banka-, burtsa- eta aseguru-bulegoak, gestoriak, profesionalen bulego eta estudioak, kalkulo-zentroak eta laborategiak, eta horien pareko diren beste batzuk.

Hoteletarako eta Bizileku Kolektibotarako Erabilerak: Honen barruan sartzen da irabazteko asmoz pertsonei ostatu emateko edozein modalitate, hala nola, hotelak, hostalak, hotel-egoitzak, ostatu edo pentsioak, motelak eta aparthotelak. Hoteletarako lagungarri diren erabileren artean, etxebizitza-erabilera ere sartzen da, baina establezimendu bakoitzak gehienez ere bat izateko mugarekin. Ez, ordea, garaje-erabilera; hori berariaz baimendu beharko baita. Apartamentu-eraikinak ez dira aparthoteltzat hartuko, horretarako dagokien arloko legedia bete dutenean baino. Hori bete ezean, etxebizitza-eraikintzat hartuko dira.

Hirugarren Sektoreko beste erabilera batzuk: Honen barruan sartzen dira titularitate pribatuko jarduera soziopolitikoak, kulturalak, irakaskuntzakoak edo beste antzeko batzuk, komunitate-ekipamendutzat hartu ezin direnak, bai irabazteko asmo garbia dutelako, bai zerbitzua herritar guztientzat izatea ez dutelako helburu. Horien artean aipa daitezke alderdi politikoen edo sindikatuen egoitzak, erakusketa-areto pribatuak, etab. Horietan garatzen den jarduera-motaren arabera, Merkataritza- edo Bulego-erabilerarekin parekatuko dira. Horrela, adibidez, alderdi politikoen edo sindikatuen egoitzek —edo haien pareko izan daitezkeen beste erakunde, elkarte edo taldeenek ere— taberna eta kafetegien Merkataritza-Erabileretako berariazko baldintzak bete beharko dituzte baldin eta lokal barruan zerbitzu hori egokitzen bada, nahiz eta egoitza-erabiltzaileek barneko zerbitzurako baino ez erabili.

Hirugarren Sektoreko horietako edozein erabilera jarri ahal izateko, nahitaez bete beharko da jarduera bakoitzari dagokion berariazko araudia eta, horrenbestez, kasu bakoitzerako jarduera baimentzeko behar diren izapide guztiak burutuko dira.